Autoari, matrikula; eta txakurrari, txipa

Autoari, matrikula; eta txakurrari, txipa

Aitziber Arzallus

Esaerak dio txakurra dela gizakiaren lagunik onena. Eta lagunik onenek elkar zaintzen dute. Txakurrak ez du inoiz bazterrean utziko jabea, eta jabeak ez luke inoiz bazterrean utzi behar txakurra, ezta txakurra izateak berekin dituen ardurak eta betebeharrak ere. Herritarrei hori gogorarazteko, Txipa ipintzeko garaia iritsi zaigu kanpaina abiatu dute Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako udalek, elkarlanean. Hiru udalerrietan etxez etxe banatu dituzte kanpainaren informazioa jasotzen duten eskuorriak.

Kanpainaren helburu nagusia da herritarrei azaltzea zeintzuk diren txakurrei identifikazio txipa ezartzearen onurak. Txipa jartzea derrigorra izan arren, oraindik hura gabe hainbat txakur dabilelako hiru herri horietan. Azpeitiko Ekain klinikako albaitari Belen Sagastumek argi eta garbi dio: “Gipuzkoan, derrigorrezkoa da txakurrari txipa jartzea, autoa matrikulatzea derrigorrezkoa den bezalaxe”. Horixe da txakur jabeek ezinbestean bete behar duten baldintza bakarra. “Adibidez, txertatzea gomendagarria da, baina ez da derrigorrezkoa; aldiz, txipa jartzea, bai”.

Ordea, bestelako errealitatea erakusten dute Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako udal ordezkariek emandako datuek. Haien arabera, hiru herri horietako biztanleen %10 inguruk daukate txakurra. Datu ofiziala da hori; alegia, txipa dutenena. Baina handiagoa da benetako kopurua. Izan ere, urtean zehar udal zerbitzuek kalean jasotzen dituzten txakurren %20-30 inguruk ez dute izaten txipik. Eta galdera da: txakurrari txipa jartzea derrigorrezkoa bada, nola liteke horrenbeste txakur txipik gabe ibiltzea? Sagastumek badu azalpena. Haren esanetan, “oso zaila” da kale etxeetan bizi diren txakurrek txipik ez edukitzea. “Denek edukitzen dute. Oro har, gazte samarrak izaten dira txipik gabe azaltzen direnak, baserrietatik alde egindakoak gehienak”.

Horrelakoak saihesteko, txipa jartzea da bidea. Baina, Aitor Bereziartua Azpeitiko Udaleko zinegotziaren ustetan, jendeak ez ditu ezagutzen txiparen onurak. Horregatik ikusi dute kanpaina egiteko beharra. Batez ere, txipa ezartzearen bi onura azpimarratu nahi dituzte: batetik, txakur bat galtzen denean, txipa da animalia jabeari itzultzeko tresnarik eraginkorrena; eta, bestetik, txakurrak txipa edukiz gero, jabeak etxeko aseguruarekin erantzun diezaieke animaliak eragindako kalteei.

Txipa ezin du edozeinek jarri; albaitaria izan beharra dago horretarako. “Piercing bat bezalakoa izaten da txipa”, zehaztu du Sagastumek. Lepoaren ezkerraldean jartzen zaio txakurrari, azalaren azpian. Irakurgailua gainetik pasatzean, zenbaki bat azaltzen da; EAEko Animaliak Identifikatzeko Erregistro Orokorrean (AIEO) txakurrari dagokion kodea, hain zuzen. Han ageri da animaliari buruzko informazio guztia: txakurraren datuak, jabearenak eta txipa jarri dion albaitariarenak. “Txip irakurgailuak, berriz, udaletxean, udaltzaingoan eta horrelako lekuetan izaten dituzte, kalean txakur bat topatzen dutenean hura identifikatu ahal izateko”. Modu horretara, “oso erraza” da txakurra jabeari itzultzea. Animalia hildakoan ere garrantzitsua da albaitariari gertaera horren berri ematea, erregistroa eguneratuta egon dadin.

Sagastumek azaldu du Eusko Jaurlaritzaren erregistroko kode hori erabiltzen dela txakurraren pasaporte ofiziala egiteko ere. “Dena uztartuta egoten da txiparen bidez”. Pertsonen antzeko liburuxka bat da txakurren pasaportea, eta komeni izaten da txakurraren jabeak beti aldean eramatea.

Prezio finkorik ez

Ekain albaitari klinikan 40 euro kobratzen dute txakurrari txipa jarri eta pasaportea egitearen truke, eta gastu horiek jabeak hartu behar izaten ditu bere gain. Prezioa, baina, ez da finkoa; albaitari bakoitzak iruditzen zaion hori kobratzen duela adierazi du Sagastumek.

Legez arriskutsutzat jotzen diren arrazetako txakurren jabeek udal baimena eskuratu behar izaten dute aurrena txakur horiek edukitzeko. Horretarako, udaltzaingora jo behar izaten dute Azpeitian eta Azkoitian, eta udalera Zestoan. Baimen hori lortutakoan jarri behar zaio txipa txakurrari.

Tomas Odriozola Zestoako Udaleko zinegotziaren esanetan, txipa “kontrolarekin” identifikatzen du jendeak. “Baina kontrola baino handiagoa da onura. Hori ulertarazi nahi dugu”. Iritzi berekoa da Sagastume ere. Txakurra identifikatzeko ez ezik, hark eragin ditzakeen kalteetatik babesteko ere balio baitu txipak. “Txakurrak txipa badu, etxeko aseguruak bere gain hartzen ditu hark eragin ditzakeen kalteak. Ez da koska egitea bakarrik; txirrindulari bat bota dezake, adineko pertsona bat bestela…”. Aseguruaren arabera izaten dela zehaztu du Sagastumek. “Baina, normalean, gehienek ordaintzen dituzte horrelakoak. Era horretako edozein istripu izandakoan, txipa izateak lasaitasuna eta babesa ematen dio jabeari”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.