Danel Agirre
Kariben urtebete lanean igaro, eta ezinezkoa badirudi ere, abiatu baino are zurbilago itzuli nintzen etxera. Erredakziotik taberna-zulora eta taberna-zulotik erredakziora eman nituen egunak Santo Domingon, eta eguzkia goizean egunkarira bidean baino ez nuen begiztatzen, autobuseko leihotik. D bitamina erreserbak hain maila arriskutsuan mantentzearen truke, hori bai, oso lezio mamitsuekin saritu ninduen bizitzak. Euskal Herriari buruz informazio interesgarria eskuratu ahal izan nuen egonaldi hartan, gutxien espero nuen moduan.
Gauero irtetearen bidesari saihetsezina zen prostituten alboratzeak egoki gobernatzea. Ahal nuen modu adeitsuenean aldentzen nituen, nahikoa jasanezina behar zuen lanaldia gehiago ez zapuzte aldera. Nongoa ote nintzen galdetuz hurbildu ohi ziren beti, eta baskoa nintzela erantzuten nien nik. Gutariko bezero franko artatzearen poderioz, gehienek jakiten zuten zertaz ari nintzen. “Ba, ez dirudizu hangoa; itxuraz belgikarra-edo ematen duzu”, ihardetsi zidan prostituta batek behin. Jakin-minez, haritik tiraka hasi nintzen, eta baskoez ikasia zeukan guztia xehatzeko eskatu.
“Ordu luzez begira izaten ditugu, eta mozkorrak daudenean baino ez dira hurbiltzen, nahiko modu zakarrean”, ekin zion. “Isil-isilik egiten dute txortan, aurpegira begiratu ere egin gabe, eta bukatutakoan eskupekorik sekula lagatzen ez duten bakarretakoak dira”. Erretratuaren gordinak ez ninduen hainbeste ere harritu, baina azken xehetasun batek bai eman zidan atentzioa. “Gainera, bainatzea [eskualde hartan hala esaten diote dutxatzeari] ahazten zaie sarri; ez dira garbienak izaten”. Beste hiruzpalau bider entzun nituen haren gisako purrustadak, baita Kuban ere. Habanako diskoteka batean Euskal Herria askatu! lelodun tirazko kamiseta haietako bat zeraman basko moztaka ikusi nuen prostituta batengana zinbili-zanbala hurbiltzen, ron kola eskuan, izerditan blai. Sexu turismoari buruzko albisteren bat irakurtzen dudan bakoitzean, mutil haren irudia datorkit gogora automatikoki.
Ia bi hamarkada iragan dira, baina Karibeko prostituten testigantza freskatu ohi didate Berlinen etxetik jasotako bisitek. Bikotekideari sarriegi tokatu izan zaio bainugelara pasatu eta komun-ontzian adiskideek oroigarri moduan lagatako kaka arrastoak agurtu behar izatea. Edo pixa egiteko ez direla eseri salatzen duten tantak nonahi aurkitzea. “Euskaldun guztiak al zarete hain nazkagarriak?”, galdetu ohi dit horrelakoetan, benetako kuriositate antropologikoarekin. Nire lagunen kontua izango dela eta jeneralizatzea itsusia litzatekeela esanez saihestu ohi ditut azalpenak. Izan ere, ni neu ere txerri galanta naiz, eta solasaldi horietan ezer gutxi dut irabaztekorik.
Alemanekin bizi baino lehenago, ez nuen eskuak garbitzeko ohitura handirik. Hemen egunean zehar hainbatetan errepikatu ohi duten errutina denez, Zarautzen izan naizen azkenetan arreta ipini izan dut. Eta nire antzeko txerritxo mordoxka topatu dut. Hiru orduz poteatzetik soziedadera iritsi, eta atzaparrak ur eta xaboiarekin irakuzi gabe hamabost lagunentzat jakiak prestatzen hasten diren urdeak. Efektu bereziz jositako kaka saioa bukatu, eta ondoren harraskatik pasatu gabe txistu joka alde egiten duten basapiztiak. Bikotekideak zirikatu ohi nau: “Baskook guk baino askoz irudimen handiagoa duzue sukaldean, ez luke inork ukatuko, baina gu, behintzat, eskuak garbiak ditugula hasi ohi gara lanean”.
Leave a Reply