Ikerne Zarate
Zapata-konpontzaile ofizioa odolean darama Marta Orduña donostiarrak, eta haren eskutik ikasi du Begoña Martinez errenteriarrak. Aita zapataria zuen Orduñak, eta harengandik ikasi zuen ikasi beharreko gehiena. Gaur egun, oraindik, ez da ohikoa emakume zapatariak ikustea, eta, are gutxiago, Errenteriako Orduña zapata konpontzaileen dendan gertatzen den bezala, bi emakume ofizio horretan lanean aritzea. Orduñaren emaztea da Martinez. 44 urte dituzte biek, eta Orduñak ia 30 daramatza zapatak, gerrikoak, zorroak eta larruz egindako beste jantziak nahiz osagarriak konpontzen: “Oinetakoak neurrira egiten zituen aitak, eta Gipuzkoako ia zapatari guztien irakasle izan zen; askok egin zuten lan harekin, eta zapatari ofizioa ikasi genuen seme-alabek ere”. Aukeratutako bidearekin ez dela aberastuko aitortu du Orduñak, baina krisi garaietan ere “duin” bizitzea ahalbidetu die ofizioak. “Irauteko nahikoa lortzen dugu”. Ofizioa “izugarri” gustatzen zaiola gaineratu du donostiarrak.
Martinezek denbora gutxiago darama zapatak konpontzen, baina hark ere bide luzea egin du jada ofizioan: hogei urte. “Ostalaritzan ari nintzen lanean, eta nekagarria zen oso. Donostiako Easo plazan Martaren familiak zuen dendan jendea behar zutela—eta sartu nintzen ofizioan. Emaztearekin ikasi dut lanbidea; haren aitarekin eta amarekin batera, Marta izan dut irakasle”.
Besteentzat lanean aritu ostean, biak duela hiru urte heldu ziren Errenteriara. Hangoa da Martinez, eta Foru plazako 17. zenbakian zabaldu zuten negozioa. Duela hiru urtera arte gizonekin batera aritu ziren lanean, eta Martinezek azaldu du ez dutela izan arazorik. Baina, haren hitzetan, lan banaketan nabarmena da ezberdintasuna. “Emakumeak joskintzan aritzen dira batez ere, josteko makinarekin, edo publikoari begira, eta ez hainbeste makinetan. Gizonak, berriz, ofizial lanetan aritzen dira normalean”. Aitak “hasiera-hasieratik” erakutsi zion makinak erabiltzen. “Ofizioaren alderdi guztiak ezagutu eta ikasi ditut berari esker”. Gaur egun, bien artean egiten dute lan guztia Orduñak eta Martinezek.
Konponketa gehiago
Krisiaren eraginez garaiak onenak ez badira ere, biak pozik daude euren apustuak izan duen erantzunarekin. Bezero ugari dute, eta, herrikoez gain, Donostia ingurutik eta Hendaiatik ere heltzen zaizkie eskaerak. “Gogorrak izan dira lehenengo bi urteak, lur hartu artekoak. Jendeak ezagutu gaituen arte eta nola lan egiten dugun ikusi arte, bidea ez da erraza izan; baina apurka-apurka ari gara gure espazioa irabazten”.
Zolak eta takoiak konpontzetik harago doa bien prestakuntza. “Eskuz konpontzen ditugu zapata apurtuak, eskuz josten ditugu”. Orduñari aitak erakutsi zion hori ere, hark eskuz egiten zituelako oinetakoak, “nahiz eta ez den ohikoena”. Bitxikeria bat ere kontatu du Orduñak: “Garai batean, dirudunek konpontzen zituzten oinetakoak. Gaur egun, berriz, denok konpontzen ditugu; oinetakoa merkea bada, oso gustuko izaten dugulako, eta, garestia bada, oinetako ona delako”.
Biek baieztatu dute krisi garaian jende gehiago hasi zela oinetakoak konpontzen. “2010etik aurrera nabarmena izan zen hori. Aurretik, apurtutakoak bota, eta berriak erosten zituzten gehienek; krisiarekin, berriz, konpontzen hasi ziren”. Harago jo du Orduñak. “Konpontzea ekologikoagoa da, birziklatu egiten duzu, produktuaren bizitza luzatu. Erosten dugun guztiak gutxiago irauten du, oro har, iraungitze data bat du. Gurean, gainera, goma naturalak, produktu naturalak erabiltzen ditugu”. Ideia horretan sakondu du Martinezek: “Kontsumista da gizartea; erosi, erabili eta bota egiten dugu, gauzak konponduta produktu horiei bizitza luzatzen zaiela ahaztuta”.
Jendeak gomazko zolak jartzea eskatzen die gehien, “ez irristatzeko”, baita takoiak aldatzea ere. Baina aurten gora egin dute zorroen eta gerrikoen konponketek. Zapatari baino gehiago, uhalgile ikusten du bere burua Orduñak. “Larrua modu artisauan lantzen dugulako, eta oinetakoen kontrahormak ere konpontzen ditugulako; denak, eskuz”. Makina badaukatela onartu du Martinezek. “Baina kontu handiagoarekin josten da eskuz; makinarekin zakarragoa izaten da dena”.
Erreminta zaharrekin
Museo txiki bat ere badute dendan. Orduñaren aitak oinetakoak egiteko erabiltzen zituen tresnak dira. “Horietako batzuk erabiltzen ditut oraindik; ertz leungailua, adibidez. Larruzko jakak apurtzen direnean konpondu eta berriak bezala uzten ditu”. Erremintarik onenak zaharrak direla azaldu du. “Zapatarien ezten zaharra eta berria ditugu, baina 50 urte baino gehiago dituenarekin aritzen naiz ni, apurtuta dagoen arren primeran funtzionatzen duelako”. Beren ofizioan zailena, “edo arriskutsuena”, makinak erabiltzea dela dio Martinezek. Pozik handiena, berriz, “egunero lana ondo eginda etxera joatea” dela azaldu du Orduñak.
Leave a Reply