Irati Saizar Artola
Bertsoa eta pilota. Euskal kulturaren bi adar horiek batu, eta, Pazko astearen bueltan, Gipuzkoako sei gazte Ipar Amerikan ibili dira, bertso-pilota saioak egiten. Duela bi urte egin zuten lehen bidaia, Argentinara, eta, aurten, berriro hartu dute itsasoz beste alderako hegazkina. Kalifornian barrena ibili dira aurten. Aurreko espedizio hartatik, Oihana Iguaran bertsolariak eta Iñaki Lizaso pilotariak errepikatu dute esperientzia —Villabona-Amasakoak dira biak—. Horiez gain, Unai Mendizabal bertsolari zizurkildarrak, Jon Urbieta eta Xabier Urbieta pilotari asteasuarrek eta Ibon Aranalde pilotari oriotarrak izan dute aukera bidaiaz gozatzeko. “Esperientzia bikaina bizi izan dugu, eta oso harrera polita egin digute”, aitortu du Lizasok. “Guk hara generaman proposamena zabal zedin nahi genuen, eta uste dut lortu dugula; emaitzak izan ditu”.
Euskal Herritik hainbat euskal etxerekin harremanetan jarri ostean, haietako hiruk proiektua beso zabalik hartu zuten: San Frantzisko hegoaldeko Basque Cultural Centerrek, Bakersfield hiriko Kern County Basque Clubak eta Chino hiriko Chino Basque Clubek.
Apirilaren 14an lur hartu zuten San Frantziskon, eta han igaro zituzten lehen egunak, ingurua ezagutzen. Apirilaren 16an egin zuten estreinako bertso-pilota saioa, Basque Cultural Center euskal etxean. “Euskal Herriko pilotalekuen oso antzeko bat aurkitu genuen han, 1982an eraikitakoa. Txapapean argi ageri zen idatzita: ‘Pilota gure amodioa-our love’“, azaldu du Iguaranek.
Pilotazale “porrokatuak”
Pilotariek takoak jartzerako agertu ziren lehen pilotazaleak frontoira: “Garai batean hara artzain joandako baztandarrak, baxenabartarrak eta lapurtarrak ziren gehienak”. Euskaraz hasi ziren guztiak, “bakoitza bere bustiduran”. Pilotazale “porrokatuak” ziren, eta, kontatu zietenez, Euskal Herriko pilota partiden arabera antolatzen dute euren egunerokoa. “Euskal etxean gosaldu, eta EITB Sat katean partidak elkarrekin ikusten dituztela kontatu ziguten”, azaldu du Iguaranek. Pozik kontatu du pilotazaleei partida hasi aurretik entzundakoa: “Zera esan ziguten: profesionalak telebistan ikusi baino nahiago zutela amateurrak aurrez aurre ikusi”.
Zaleei gogotsu erantzuteko, partida 25era luzatzea erabaki zuten pilotariek. Partidaren ondoren, berriz, afaltzera gonbidatu zuten taldea. “Afaria laster bilakatu zen kantu afari, mahai batean elkartutako artzainek hasitako doinuekin”. Azken unean, Johnny Kurutxet hango bertsolaria batu zitzaien kantura.
Bigarren geldialdia egin aurretik —Bakersfielden izan zen—, bertsolariek eta pilotariek ingurua ezagutzeko baliatu zuten aukera. Las Vegas eta Arroila Handia bisitatu zituzten, besteak beste.
Sei kideak Pazko igandeko jaira gonbidatu zituzten Bakersfielden. “Egun berezia zen. Pazko igandea tokatu zen, eta meza zegoen; gure harridurarako, laurehun lagun inguruk euskaraz kantatu zituzten meza doinuak, belaze batean”, gogoratu du Lizasok.
Partida hasi aurretik, pilotariek takoak jarri zituzten jendaurrean, eta, ondoren, Our dream-Gure Ametsa pilotalekuan jokatu zuten partida, Kern Country Basque Cluben. Bertsolariek itzulpenik egin behar ote zen galdetu zieten arduradunei, eta harrituta geratu ziren erantzunarekin: “Hau euskal etxea da, ezta? Ez dakienak aurkituko du lagunduko dionik; zuek egin euskaraz”. Partida amaieran, Villabona-Amasako Behar Zana pilota klubeko elastiko bat utzi zuten han, sinatuta, oroigarri gisa.
Azken saioa
Chino hirian egin zuten bidaiako hirugarren eta azken saioa, hango Chino Basque Cluben. Hango pilotalekua erronka bat izan zen pilotarientzat, dauzkan berezitasunengatik: “Pilota plaza bat zen; bost metro inguruko ezker eta eskuin paretek zituen”. Partida jokatu osteko unea “bidaiako unerik goxoena” izan zela diote. “Euskaldunez inguratuta, afari ederra prestatu ziguten euskal etxean, eta euskal kantuak abesten aritu ginen Mike Bidart abeslariarekin batera”.
Iguaranek azpimarratu duenez, euskaldun izate hutsak ate asko ireki dizkie Kalifornian. “Harrera beroa egin digute euskal diasporak eragina duen eta joan garen toki guztietan”. Bertso Pilota egitasmoko kideek azaldu dute aurten gehiago hitz egin dutela euskaraz orain bi urte Argentinan egindako biran baino: “Azken batean, Euskal Herritik hara joandako lehen belaunaldiak euskarari eutsi dio, eta, gaur egun, kezkaz bizi dute ondorengoek nahi beste ikasi ez izana”. Euskara eurekin agortuko den sentipena adierazi zieten bertakoek, eta, errealitate horren jakitun, gazteek euskaraz hitz egiten ikas dezaten nahi dute.
Leave a Reply