Erik Gartzia Egaña
Artikutza ingurua baso purutzat jotzen dute adituek. Ez da beti horrela izan; mendeetan bere horretan mantendu dela dirudi, baina iragan industrial bat dauka, eta trena ere pasatu zen hortik. Orain dela mende bat bukatu zen bide hura, Donostiako Udalak lursaila erosi zuenean.
Orain, trenaren memoria berreskuratu nahian ari da Oiartzungo talde bat. Horietako bat da Anton Mendizabal. Azaldu duenez, trenbide zati solteak zeuden Oiartzunen —eta Artikutzan—, eta Rafael Pikabeak haiek guztiak batzea agindu zuen 1905ean. 30 kilometro inguruko trenbidea osatu zuten guztira, Elama ingurutik Lezo-Errenteriako tren geltokiraino. Handik, Pasaiako portura eramaten zuten merkantzia. “Burdina ateratzen zuten Elama inguru hartan, eta egur-ikatz asko izaten zen basoetan. Kaolin hautsa ere eramaten zuten, eta egurra ere bai”, azaldu du.
Inguruak orografia bihurria duenez, desnibel handiari aurre egin behar izaten zion trenak. Lokomotor batek lagunduta igarotzen zen Elama ingurutik —460 metro dauzka—, eta erreka bazterretik jaisten zen gero, Planobarreraino (300 metro). Han, askatu egiten zituzten bagoiak, eta plataforma batera igotzen zituzten, binaka; Planobururaino (515 metro) igotzen zen trena. Funikularraren funtzionamendua zeukan plano bat erabiltzen zuten horretarako: bagoi hutsak jaisten ziren bitartean, bagoi zamatuak aurre egiten zion pendizari.
Mendizabalen hitzetan, sistema horrek ematen zion berezitasuna trenari: “Sistema hidrauliko bat erabili zuten. Bagoi hutsak garraiatzen zituen plataformak biltegi handi bat izaten zuen bagoi beteari kontrapisua egiteko, eta urez betetzen zuten jaisteko ziren bagoneta hutsei pisua emateko. Behera iristean, hustu egiten zuten biltegia”. Galesen-eta erabiltzen zuten sistema hori, baina, Mendizabalen esanetan, Iberiar Penintsula osoan, eta zama garraioan, bakarra zen Artikutzako trenarena. Planoburutik gora, beste lokomotor batek tiratzen zuen, Bianditzeko tunela gainditu arte (675 metro).
Lau lokomotor aldaketa egiten zituzten guztira, eta hiru plano gainditu. Planoburukoa zen igo beharreko bakarra; besteetan, azkar asko jaisten zen zama. Trenbidearen tarte bakoitzean, langile kuadrilla bat egoten zen lanerako prest.
Ehun urte dira Gipuzkoako hiriburuak Goizuetako lurretan dagoen lursaila erosi zuela. Hiria handitzen ari zen XX. mendearen hasiera hartan, eta ur hornidura behar zuen. Eta ur garbia, hainbat herritar hil zirelako izurrite batek erasanda. Horregatik erabaki zuten meatzaritza lanak bertan behera uztea. Hor bukatu zen Artikutzako trenaren historia.
Horren jakitun egonda, Oiartzungo talde bat trena ahanzturatik ateratzen ari da orain; Artikutzako mantenu langileekin batera ari dira lanean. “Mendizale —eta trenbidezale— ginen batzuek arrasto harrigarriak ikusten genituen mendian. Ikerketa talde bat sortu genuen, eta horren emaitza izan zen duela bi urte Oiartzungo Udalak argitaratu zigun Artikutzako trena liburua. Aleak bukatu egin ziren”.
Hara joateko gonbita
Ez dute historia liburuetan jaso bakarrik egin; Planoburu inguruko azpiegiturak berritu eta garbitzeari ekin diote. Bagoi batzuk ere eraman dituzte meategi zaharretatik: Irundik eta Duruelotik (Espainia). Ingurua girotzea da helburua; pilatuta aurkitu zituzten trenbideko errailak berritzen ari dira, haien zati labur bat berriro ezartzeko, testigantza moduan. Erakusketa bat egitea da asmoa. “Bagoneta gehiago ekarri nahi ditugu. Tren harrigarri hark hainbat gauza garraiatzen zituenez, bagoi mota guztiak eduki nahi ditugu, garraiatzen zuen material harekin kargatuta bakoitza”.
Etzi egingo dute auzolanean eraikitzen ari diren aire libreko museo horren nolabaiteko inaugurazio ekitaldia, Donostiako Udalak antolatutako bisita gidatuarekin. 09:15ean abiatuko dira, Eskastik, Artikutzako sarrera etxetik. Dagoeneko beteta dago taldea: “Baina Suberri Matelok eta biok egingo dugu bisita gidatua, eta ez zaigu inporta jende gehiago etortzen bada”.
Leave a Reply