Jarraipena edo aldaketa

Jarraipena edo aldaketa

Unai Zubeldia

EAJ eta PSE-EEren arteko koalizioa izan da azken lau urteotan Donostiako Udalean, eta apirilaren 26ko Espainiako Gorteetarako hauteskundeek berretsi egin zuten nagusitasun hori. Turismoa eta etxebizitzen arazoa dira hiriko gairik korapilatsuenetakoak. Ondorengoak dira Donostiako Udalean ordezkaritza daukaten bost alderdietako hautagaiak —Elkarrekin Podemosekin aurkeztuko da Irabazi taldea—:

Eneko Goia Laso
EAJ
Ramon Labaien izan zen Donostiako azken alkate jeltzalea (1983-1987) orain lau urte Eneko Goia kargura iritsi zen arte. EAJk 29.029 donostiarren babesa jaso zuen 2015ean, botoen %29,65. Alderdi jeltzaleak sei zinegotzi eduki zituen 2011tik 2015era, eta bederatzi dauzka egun —PSE-EEren eta EH Bilduren boto zuriekin izendatu zuten alkate Goia—.
Hurrengo laurtekora begira, auzoetarako 225 ekintza proposatu ditu EAJk. «Duela lau urte geldialdi batean geunden hiri gisa, eta hainbat proiektu martxan jarri ahal izan ditugu», azaldu zuen Goiak hauteskunde kanpaina hasi berritan. 4.048 etxebizitza eraikitzea, kuartela eta espetxea lekuz aldatzea, eta AHTa hirira iristea dira erronketako batzuk.

Ernesto Gasco Gonzalo
PSE-EE
Bateko EAJren gorakada handiarekin eta besteko EH Bilduren dezenteko jaitsierarekin, PSE-EEk zeukanari eustea lortu zuen 2015ean, eta, 2011tik 2015era gertatu bezala, zazpi zinegotzi izan ditu azken laurtekoan. Sozialistek 24.007 boto jaso zituzten 2015ean, eta koalizio gobernua osatu zuten EAJrekin. Azken lau urteotan alkateordea izan da Ernesto Gasco.
«Arriskurik eta abentura subiranistarik gabe Donostiak hazten jarrai dezan bermea gara», adierazi zuen Gascok hauteskundeen atarian. Bost proiektu azpimarratu ditu: 6.000 etxebizitza eraikitzea —Loiolako kuartelaren gunean 2.000—, Monpasko pasabidea eraikitzea, Kontxa oinezkoentzat egokitzea, metroaren lanak amaitzea eta hiriaren kohesioa.

Reyes Karrere Zabala
EH Bildu
Aldaketa proposatu du EH Bilduk izenetan eta hiri ereduan. Juan Karlos Izagirreren lau urteko aroa gogoan (2011-2015), Reyes Karrere da koalizioaren alkategaia, eta politikan berriak dira zerrendako gainerako hautagaietako asko. Bilduk 21.110 boto lortu zituen 2011n (%24,96), eta zortzi zinegotzi izan zituen hurrengo lau urteetan. Duela lau urte, berriz, 20.467 boto lortu zituen (%20,91), eta sei zinegotzi dauzka gaur egun.
Donostiako lehen emakumezko alkatea izateko erronka dauka Karrerek, eta merkataritza txikiaren, pentsio duinen eta alokairu sozialaren alde eta turistifikazioaren aurka egingo dutela hitzeman du. «Donostia donostiarrago bat nahi dugu».

Borja Senper Pascual
PP
Donostiar guztiak ordezkatuko dituen alkate» izateko erronka dauka Borja Senperrek, «hiriarekiko bokazio inklusibo, ireki eta eraginkorrarekin». Gainbehera arriskutsuan murgilduta dago PP, eta hautagai berria aurkeztu du egoera iraultzen saiatzeko. Popularrek sei zinegotzi izan zituzten 2011tik 2015era —16.502 boto, %18,99—, eta hiru baino ez ditu izan azken laurtekoan —9.272 boto jaso zituen 2015eko hauteskundeetan—.
Amarako Karlos I.a hiribideko zubibidea kentzea, Gaska kiroldegia erabilera askoko pabiloi bihurtzea, Kontxa oinezkoentzat egokitzea eta Miramar jauregian nazioarteko museo bat eraikitzea dira hurrengo lau urteetarako proposamenetako batzuk.

Aitzole Araneta Zinkunegi
Elkarrekin Podemos
Venecia bihurtzeko zorian dago Donostia; turistentzako oporlekuak dirudite auzo batzuek». Hiriak azken urteotan hartu duen norabidean aldaketak egiteko erronkarekin aurkeztuko da Elkarrekin Podemos maiatzaren 26ko hauteskundeetara, «eta auzoen arteko desorekak deuseztatzeko asmoz». Irabazi alderdiak 6.947 boto eskuratu zituen 2015ean, eta bi zinegotzi izan ditu lau urteotan. Elkarrekin Podemos gisa bat eginda, gutxienez bi zinegotzi horiei eustea da helburua.
Etxebizitzen espekulazioa gelditzea da Elkarrekin Podemosen lan ildoetako bat, eta baita turismoaren masifikazioari aurre egitea eta Donostia «bizitzeko moduko hiri bat izatea» ere. «Gardentasuna behar dugu kudeaketan».

 

Leave a Reply

Your email address will not be published.