Eider Goenaga Lizaso
Aurreikuspenek balantza EAJren alderantz eraman arren, Gipuzkoako foru hauteskundeetan lehia estua izango da jeltzaleen eta EH Bilduren artean. Kanpainan kaleratutako bi inkestei erreparatuz gero, EAJ lehen postuan indartu egingo dela dirudi. EITB Focusen arabera, 4,8 puntu egingo lukete gora jeltzaleek, eta botoen % 36,8 eskuratuko lituzkete; Ikerfel etxeak El Diario Vasco-rentzat eginiko inkestak, berriz, 2,9 puntuko igoera aurreikusten du EAJrentzat: botoen %34,9 eta hogei eserleku (orain baino bi gehiago).
EITB Focusen arabera, EH Bilduk ere gora egingo luke: 2015ean baino 3,3 puntu gehiago lortuko lituzke (botoen %32,5). Ikerfelek jaso duenez, EH Bilduk 1,5 puntu egingo luke behera: botoen %27,7rekin eta bi eserleku gutxiagorekin (hamazazpitik hamabostera jaitsita). Sozialistei dagokienez, 2015eko emaitza bertsua aurreikusten du Ikerfelek (botoen %16,3 eta bederatzi eserleku), baina EITB Focusek 2 puntuko jaitsiera iragartzen du (botoen %14,7). Ikerfelek dio Elkarrekin Podemosen emaitzetan jaitsiera txiki bat egon litekeela, baina eserleku kopuruari (sei) eutsiko diola, eta PPrentzat puntu bateko jaitsiera iragartzen du, baina duen eserlekuari eutsita. EITB Focusek jaitsiera handiagoa aurreikusten du bi alderdi horientzat: 3,5 puntukoa Podemosentzat eta 2 puntukoa PPrentzat.
Iragarritakoa betetzen bada, Markel Olano izango da berriro Gipuzkoako ahaldun nagusia, baina EAJk laguntza beharko du gobernagarritasuna bermatzeko. Lehia estu horretan, inkestek ez asmatzea eta EH Bildu lehen indarra izatea ere gerta liteke. Joan den igandean, Batzar Nagusietarako hautagaiekin eta Gipuzkoako alkategaiekin eginiko ekitaldian, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak esan zuen Gipuzkoan “irabazteko aukera errealak” dituztela. Irabaziz gero, halere, ez dirudi EH Bildu 2011ko emaitzak berritzeko moduan egongo denik; 119.000 boto eta 22 eserleku lortu zituen (EAJk, hamalau eserleku).
Bi oilar oilategian
Otegiren arabera, oilategiko bi oilarrak dira EAJ eta EH Bildu, “menuko bi jaki garrantzitsuenak”, eta “osagarriak” dira gainerako alderdiak. Markel Olano, berriz, kanpaina osoan aritu da bi ereduren artean hautatu beharraz hizketan; EH Bildu iraganarekin eta EAJ etorkizunarekin lotu du hark. “Gure bizi eredua, gure ongizatea, gure lehiakortasun ekonomikoa, gure gizarte laguntzak jokoan baleude bezala bozkatu behar dugu”, adierazi du jarduneko ahaldun nagusiak, Twitterren kanpainan txiokatu dituen dozenaka mezuetako batean.
Txio gehienetan, Olanok gipuzkoarrentzako arrisku gisa aurkeztu du EH Bildu: “Gipuzkoak ezin du arriskuan jarri egonkortasuna eta aurrerabidea dituen etorkizuna”; “azken legealdian buelta eman diogu paralisi egoerari, gobernantza modu berri batekin”; “aurrerabidean jarri gara berriro. Orain ezin dugu berriro atzera egin”. Horiek izan dira mezuetako batzuk.
Olanok bezala, aldundirako gainerako hautagaiek ere kanpaina aktiboa egin dute sare sozialetan —baita herri eta hirietako alkategaiek ere, bakoitzak bere neurrian—. Azkenaldian, kalean baino gehiago, sare sozialetan egiten da kanpaina. EH Bildu izan da aktiboenetako bat, eta ia-ia momentuan eman du Juan Karlos Izagirre ahaldun nagusi izateko hautagaiak azken bi asteetan herriz herri eginiko biraren berri. Izagirrek ere bi aukera posibleri buruz hitz egin du hainbat mezutan: “EAJ-PSE akordioa ez da Gipuzkoako gehiengoaren isla. Akordio berriak behar ditugu, zabalagoak, herriaren borondatea eta aniztasuna kontuan izango dituztenak, herri akordioak. Hori posible izateko, EH Bilduk lehen indarra izan behar du!”.
Gipuzkoan lehen indarra izateko helburuaz ez ezik, 2015ean galdu zituzten udaletako asko berreskuratzeari buruz aritu dira EH Bilduko ordezkariak kanpainan, Izagirrek Arrasatera egindako bisitaren ondoren zabaldutako mezuaren ildo beretik: “Maiatzaren 26an berreskuratu egingo ditugu udalak, eta Arrasaten hasiko gara”. EH Bilduren kanpainako leloak dei zuzena egin die herritarrei: Zurekin Gipuzkoa gara izan da leloa, eta Gipuzkoa kendu eta haren lekuan herriaren izena jarri dute, tokian-tokian. Izagirrek hainbat sektoreri dei bera egin die bere txioetan: gazteei, protestan ari diren lehen arretako langileei, Kaleratzeak Stopeko kideei… Ia agerraldi guztietan errepikatu du herritarrak “erdigunean” jarriko dituztela.
Emakumeen kirola izan da kanpainan denek aipatu duten beste gaietako bat; Realak Espainiako Kopa irabazi ostean alderdi guztietako hautagaiek baliatu zuten aukera haiek zoriondu eta emakumezkoen kirola babesten dutela esateko. Pedro Sanchez Espainiako jarduneko gobernuburuarekin agertu zen Denis Itxaso maiatzaren 15ean, Anoetan; aurretik, Granadan izan zen Kirol diputatu gisa, eta taldekideei harrera egin zien foru jauregian.
Gobernukide izan arren, kanpainako mezuetan EAJtik aldentzen saiatu da Itxaso. Ondorengoa da adibideetako bat: “Gipuzkoako udalerri guztientzat ariko den ahaldun nagusi bat behar dugu, eta ez soilik EAJk gobernatutako herrientzat ari dena. Olanori handi gelditzen zaio kargua”. EAJrekin gobernuan egin dituzten lau urteei ere egin die erreferentzia PSEko hautagaiak: “Gipuzkoako sozialisten ezaugarrietako bat izan da lortu dugula diputazioak kasu egitea orain arte nazionalismo hegemonikoak abandonatuta zituen tokiei, Pasaiari adibidez”.
Elkarrekin Podemoseko Maria Valientek feminismoa eta ingurumena izan ditu ardatz kanpainako mezuetan. Hautagaiak Twitterren erreferentzia ugari egin dizkie greban dauden zahar etxeetako langileei, Kaleratzeak Stop plataformaren eskaerei, pentsiodunei eta abarri. Juan Carlos Cano PPko hautagaiak Lehenik Gipuzkoa leloa erabili du bere txio guztietan, eta Bizkaiak Gipuzkoak baino gehiago jasotzen duela dioten txioak errepikatu ditu behin eta berriro; nabarmendu du gogor defendatzen duela “gipuzkoartasuna”. Bitxia bada ere, aurreko kanpainan ez bezala, PPkoak, kanpaina garaiko txioetan, ez dio egijn aipamenik Espainiari.
Leave a Reply