Karmele Uribesalgo Alzola
Aldundiko langileek salatu dute foru gobernuan dauden EAJk eta PSE-EEk beren kasa zehaztu dutela lan hitzarmena. Ohartarazi dute inoiz ez dela gertatu halakorik, eta LAB, ELA, CCOO eta Bazkuna sindikatuek deituta, borrokaldia egin dute egoerari aurre egiteko. Amaia Arruti Agirre (Orio, 1966) langile batzordeko lehendakaria da, eta adierazi du kalitatezko zerbitzu publikoa aldarrikatzen ari direla.
Nondik dator lan gatazka?
2017an, lan hitzarmena negoziatzen hasi ginen foru aldundiarekin. Sindikatu bakoitzak bere plataforma aurkeztu zuen, baina aldundiak ez zuen proposamenik egiten. Orain arte sakabanatuak izan ditugu gure lana arautzen zuten testuak, eta komiteak eskatu zuen biltzeko. Hori aitzakia hartuta, aldundiak testuak eguneratu ditu, baina ez gara adostasun batera iritsi.
Zer egoeratan zaudete?
Orain dugun egoera ez dugu inoiz izan. Aldundiak bere kabuz onartu du lan hitzarmena; inposatu egin digu. Borrokaldian egon gara gertatutako hori salatzeko: manifestazioak, giza kateak, batzarrak eta mobilizazioak antolatu ditugu. Etengabeko protestak egin ditugu, eta lau sindikatuak batera egon gara borroka horretan.
Zer eskaera egiten diozue aldundiari?
Negoziazio kolektiborako eskubidea aldarrikatzen dugu. Aldebakarreko erabakiarekin erakutsi digute uste dutela guztiaren gainetik daudela, eta ez gaituztela behar. Kalitatezko zerbitzu publiko bat eskatzen dugu, langile publikoen bitartez eskainitakoa. Datozen urteetan, belaunaldi aldaketa bat egongo da aldundiko langileetan, eta bitartekotasun tasa ia %40koa da. Gobernuak jakinarazi du hirurehun postuko oposizioa izango dela laster, baina uste dugu ez dela nahikoa. Soldataren inguruko eskaerak egin dizkiogu gobernuari, izoztuta baitauzkagu. Horrez gain, neurriak eskatu ditugu lana eta familia bateragarri egiteko, baita berdintasun eta euskara batzordeak sortzeko ere. Lau urte daramatzagu borroka horretan, eta ez dugu ezer lortu. Enpresei horrelako neurriak hartzeko eskatu diete, eta guk dioguna da aldundian ere aplikatzeko.
Lan hitzarmena ez dute inoiz beren kabuz zehaztu. Nola onartu izan da?
Gobernu honen aurretik EH Bildu egon zen agintean. Garai hartan, murrizketa asko izan zen, baina ados jartzea lortu genuen. Orain arte sindikaturen baten babesarekin lortu dira beti lan hitzarmenak.
Azken legealdian, gobernuan EAJ eta PSE-EE izan dira. Zer jarrera izan dute?
Neurriak inposatzen aritu dira, eta oso agintzaile jokatu dute. Foru gobernuak ez du borondaterik izan adostasunak lortzeko. Oso onak dira propaganda egiten; gobernatzeko modu berri bat dutela saldu dute, behar bezala agintzeko era bat daukatela. Sindikatuei indarra kentzen ari dira, beren politikak ezartzeko asmoarekin. Ahaldun nagusi izateko hautagaiei gutun bat helarazi genien, galdetuz ea prest egongo liratekeen behin aldundira iritsita lan hitzarmena negoziatzeko. Oso adierazgarria da Juan Karlos Izagirre EH Bilduko hautagaiak eta Denis Itxaso PSE-EEkoak hartu zutela gutuna, baina Markel Olano EAJkoak uko egin ziola. Horrekin, agian, aurreikus dezakegu zer datorkigun datozen lau urteetan.
Arabako eta Bizkaiko Foru Aldundietan alderdi berak egon dira gobernuan, baina lortu dituzte lan hitzarmenak.
Ez dugu ulertzen zergatik gertatu den hori; Araban eta Bizkaian posible baldin bada, zergatik ez Gipuzkoan? Galdetu izan dugunetan, erantzun izan digute errealitate ezberdinak direla, baina ez dakigu zertan datzan zehazki.
Hauteskundeen ostean, badirudi gobernuan ez dela aldaketa handirik egongo datozen lau urteetarako. Zer espero duzue? Aurrerapausorik emango al da zuen lan gatazkan?
Ez daukagu itxaropen handirik. Ikusi dugu EAJk interes argiak dauzkala, eta ez du helburutzat kalitatezko administrazio publiko bat lortzea. Oso legealdi gogorra izan dugu, gatazkatsua, eta negoziazio latzak izan ditugu. Ez dugu esperantza handirik afera konpontzeko.
Beraz, zail ikusten duzue laster irtenbide bat aurkitzea?
Lan hitzarmena beren kasa onartzeko ausardia izan baldin badute, ez dut uste erraza izango denik egoera aldatzea. Aldundiak uste du oso ondo egin duela lan. Gobernua eratuta, lan hitzarmena negoziatzeko eskaera egingo diegu berriz, baina ez dakit zer erantzun jasoko dugun.
Borrokaldiarekin jarraitzeko asmoa daukazue?
Gobernua eratzen denean ekingo diogu berriz borrokaldiari. Orain, mobilizazio jakin batzuk egingo ditugu, aldundiaren esku dauden langile batzuen egoera salatzeko; hala nola, konponbidea bilatzen saiatuko gara Eibarko Egogain zaharren egoitzarentzat eta aterpetxeentzat.
Leave a Reply