Danel Agirre
Ekialdeko Alemaniako landa parajeek ezinbestean dakarte gogora Espainia hutsa deitu dioten hori. Herriak handiegi geratu zaizkie bertan geratzen diren bizilagun urriei, urtebetean ehun kilo galdu ondoren ispilura begiratu eta sabeleko eta izterretako azal xerrak zintzilik ikusten dituenaren moduan. Imajinario kolektiboan, tristuraren epitomea dira bazterrok: zaharkituak, antzuak, mutuak, kondenatuak. Nahi gabe ere, abailduta lagatzen dute bisitaria. Gizateriak ezinbestekoa duen txikiagotze prozesuaren aitzindari gisan ere ikus genitzake, ordea —karikatura baldarrean erorita—, aipatu eskualde fantasmak. Planifikatzaile demografiko bihozgabearen arrazoiketa erabiliz beti, eta desagertu ez, bertan bizi ziren gehienak lehendik ere gainezka ziren hirietara mugitu direlako xehetasuna ahaztuz gero.
Gainpopulazio hitza entzun eta berehala, Shanghai edo Mexiko Hiria datozkigu gogora, baina Europan ere sobran ditugu adibideak. Urrunegi joan beharrik gabe, Gipuzkoan hektareako lau pertsona bizi dira, habitagarriak eta emankorrak diren mundu osoko lurretan batez bestekoa dena baino hamar bat bider gehiago, goiti-beheiti. Estutasun horren ondorioak imajinatzeko modukoak dira. Jakien %90etik gora inportatzen dira gurean, aztarna ekologiko onartezinarekin: balioztapen oso zehatzik ez badago ere, behar lukeenaren hirukoitza edo.
Izatez, bailara pare bat hutsik geratzea hobe genuke, Donostia duela mende bateko populaziora itzultzea ere bai. Proiekzio abstraktuak dira, ordea, prozesu hori nola gauzatu litekeen irudikatze hutsa trakeskeria okaztagarria delako. Planifikatzaile demografiko bihozgabearen paperean sartzeko ez gaude inor prest, zorionez. Jaiotza tasaren kontrola ilusio hutsa da, zuzen aplikatu ezinezko entelekia. Ez dago zehaztu beharrik, esaterako, munduko bazterretan gisako neurriak ezarri beharra eskuin muturreko agintarien esku geratzeak zer suposa lezakeen. Eta berriro urrunegi joan beharrik gabe, nahiago dut ez jakin zenbat jende legokeen prest kolonoei eta euskal zera hori behar den moduan zaintzen ez dutenei haurrak izatea galarazteko. Ez dut jakin nahi, sustorik ez hartzearren, jakina.
Egiatan pisuzko diren berri guztiekin gertatu bezala, azkenaldiko albiste mamitsuenetakoa oharkabean igaro zaigu: 2018an EAEn jaio haurren laurdenen gurasoek ez zuten Espainiako nortasun agiririk. Eta egungo eboluzioarekin, erdira igoko da zenbateko hori hamarkada baten buruan. Ni txoratzen nauka fenomenoak, gizarte moduan piperrik balio ote dugun frogatzeko aukera aparta eskainiko digulakoan. Zu zalantzatiago bazabiltza, begiratu alderdi honetatik: software autoktonorik gabe heziko diren horiek ez daude txikitatik EAJ bozkatzeko programatuta, teorian. Guztia da posible beraiekin.
Konturatu ere egin gabe, zinismo apurrik gabeko zutabe bat osatzera noa, nire ibilbidean lehenbizikoz. Ez dezadan kakaztu orain, beraz. Atariko arazora itzuliz, barneraturik dugu planetak baliabide naturalak hain modu arduragabean xahutu izanagatik gu guztiok zigortu eta gizateria modu mingarrian doituko duena. Bada, halere, beste aterabide bat, gaur baikor antzean esnatu den honek besarkatu nahi lukeena: datorren belaunaldiak salbatuko gaitu, guk merezi izan eta posible denik susmatu ere egin gabe.
Leave a Reply