Beñat Alberdi
2011ko ekainetik, Oñatin ohikoa bihurtu da Guardia Zibilak herriko kuartela uztea aldarrikatzeko festa antolatzea. 2014an, esaterako, lipdub edo dantzaldi koordinatua egin zuten kuartelaren aurrean, eta, 2016an, guardia zibilen panpina bat estratosferara bidali zuten. Lehen urte horietan festa edo umorea hartu zituzten oinarri aldarrikapena hedatzeko. Aurten, ordea, beste pauso bat ematea erabaki dute. Fan Hemendik eguna ospatu izan dute orain arte, eta Jare Kuartela herri ekinaldiak hartuko dio lekukoa bihar. Egunak daramatzate jada kuartela husteko eta uzteko eskatzeko sinadurak batzen. Festaren osteko dinamika ere ez da izango orain arte bezalakoa.
“2011ra arte, gaztetxea aldarrikatzeko jaia egiten genuen ekainean, Gazte Eguna”, azaldu du Mikel Perezek, Fan Hemendik taldeko kideak. “Behin gaztetxea lortuta, beste aldarrikapen batzuk ere egin behar genituela ikusi genuen”. Herriko errealitatea aztertuta, Guardia Zibilaren kuartela jo zuten begiz. “Herrian nahiko baztertuta zegoen Espainiako poliziek herria uzteko egin beharreko lana”.
Asmatutako izena da Mikel Perez, nahiago izan baitu anonimotasuna mantendu. Izan ere, aurpegia emana zeukan aurretik, eta haren izena agertu zen Espainiako komunikabideetan Fan Hemendik egunari buruzko artikuluetan. 2011ko uztailaren 29an iritsi zen puntu gorena: La Razón egunkariak lehen orrialdea eskaini zion gaiari, “Bildu entrega maletas a la Guardia Civil para abandonar el Pais Vasco” izenburuarekin (Bilduk maletak entregatu dizkio Guardia Zibilari Euskaditik joateko).
Oñatin ez ezik Euskal Herriko txoko gehienetan ere Espainiako poliziek alde egitearen aldeko mugimendua geldirik zegoela igarri zuten hasierako urteetan. Guardia Zibilak kuartelak zeuzkan herrietan egun berean aldarrikapen jaia ospatzea izan zen lehen saiakera. Emaitza ez zen izan espero bestekoa; ez herri kopuruari dagokionez, behintzat. “Oraindik badugu harremana Altsasuko eta Laudioko kideekin, adibidez”, nabarmendu du Perezek. “Baina ez daukagu buruan Euskal Herri guztirako beste aldarrikapen egun batera deitzea”.
Bide hori baztertuta, indarrak herrian jartzea erabaki zuten, eta umorea erabiltzea izan zen mobilizazioen oinarria. “Jende gehiago erakarri beharra geneukalako erabaki genuen hori”, zehaztu du Perezek. Asmo hori buruan hartuta prestatu zituzten hurrengo urteetako aldarrikapen egunak. 2014ko lipdup-az eta 2016ko ekintzaz gain, 2015ean giza katea egin zuten kuartela inguratuz, eta duela bi urte, berriz, desarmatze antzerkia.
Baina molde guztiek izaten dute amaiera. “Eta azken urteetan jendearen presentzia gutxitzen ari zela ikusi genuen”, nabarmendu du Perezek. “Lipdub-ean eta giza katean lortu genuen parte hartzerik handiena, baina, harrezkero, umorearekin ez genuen lortzen jende gehiago erakartzerik”.
Bi ondorio atera zituzten hausnarketatik: batetik, ez dute egingo mobilizaziorik eraikinaren aurrean; eta, bestetik, politikariengan jarriko dute lanerako fokua. “Konfrontazioa sortu nahi zutela ikusten genuen”, azaldu du Perezek. “Eta galtzeko guztia geneukan hor”.
Aspaldi hasi ziren sinadurak biltzen; lau aldarrikapen ditu testuak: Guardia Zibilak ez duela bere presentzia justifikatzeko ardurarik edo konpetentziarik, haien arrazoi historikoek ez dutela tokirik gaur egun, ez dela herriaren onurarako ekarritako instituzio bat, eta haien jarrera ez dela berdina Euskal Herrian edo Espainiako herriren batean.
Sinadura bilketaren irudiak izango du bihar garrantzirik handiena. Ardo dastaketan emango dituzte datuak, 12:00etan, herriko plazan. Herriko ardogileen produktuak egongo dira eskura, eta askotariko adinetako jendea batu nahi dute: “Ez da gauza bera gazteak festan ikustea edo adin desberdinetako jendea ikustea”. Argazki erraldoia aterako dute gero, ekinaldiaren babesa irudikatzeko.
Festak ere izango du bere tartea. Herri bazkaria prestatuko dute eguerdian. Eserita jan baina zutik, giroan, edateko antolatu dute. Bazkalostean, jolasak eskainiko dituzte, eta 19:00etatik aurrera, kale animazioa. Gaztetxean amaituko dute festa, Gorpuzkingz eta Arrano Pertxa taldeen kontzertuekin. Herriko DJek hartuko dute erreleboa.
Festaren hurrengo eguna
Behin sinadurak bilduta, udaleko ordezkariekin elkartuko dira mugimenduko kideak. “Elkarrekin planteamendu bat egin eta hura garatzeko prest gaudela azalduko diegu”, nabarmendu du Perezek. Fan Hemendik mugimenduko kidearen esanetan, politikariek gaia “serioago” hartzeko balio behar dute sinadurek. “Datu asko atera behar dira argitara: zenbat guardia zibil dauden herrian edo Oñatirentzat zer kostu daukan, adibidez”. Etxeko lanak jarriko dizkiete udal ordezkariei. Aitor Esteban EAJko bozeramaileak kanpainan esan zuen Guardia Zibila Oñatitik joateko “kudeaketak egiteko prest” dagoela. “EAJk azalduko digu zeintzuk diren kudeaketa horiek”.
Leave a Reply