Danel Agirre
Hau kontatu nizun. Poteatu eta afari-pasa egiteko ezagutzen ez dudan norbaiten konpainia aukeratu ahalko banu, Mariano Rajoyrena litzateke. Begiak itxita. Atentzioa emateko zer gehiago asmatu ez dakienaren boutade-a irudituko zaizu, akaso, eta batek baino gehiagok ofentsatzat ere hartuko du berripaper honetan halako zerbait idatzita topatzea. Susmo ustez zintzoa baino ez dago, ordea, hautaketaren atzean. Defentsak aktibatuta zeuzkanean horrenbeste ateraldi ahaztezin laga zizkigun tipoak are dibertigarriagoa behar du erlaxaturik dagoenean, derrigor. Eta ni erabat ziur naiz Rajoyrekin izandako berbaldiak ezin gehiagoan gozatu ahalko nituela, banatzen gaituen guztiari aparteko jaramonik egin gabe.
Badakit zer esatera zoazen. Altsasukoak kartzelatu zituztenean —beste mila barrabaskeriaren artean— Espainiako presidente zen nik solaskidetzat nahi nukeen horixe. “Nolatan joango naiz etsaiarekin basoerdiak hartzera”, asaldatu zara. Baina behin honaino iritsita, gordin botako dizut: ez dut neure burua Mariano Rajoy gorrotatzera behartuta sentitzen, ezta gutxiagorik ere. Jakitun naiz nirea jarrera eztabaidagarria dela, baina nire hautu ideologikoei dagozkien ezinikusi tradiziozkoak elikatzeko gogorik ez dut, nekosoegia iruditzen zait. Endemas, higuin hutsak ez ditu norberaren sinesmenak sendoago eta puruago bilakatzen.
Sare sozial publikorik ez dut erabiltzen, baina baditut igande gaueko futbol laburpenak balira bezala jokaldirik aipagarrienak xehe-xehe helarazten dizkidaten Mikel Olazabal pare bat. Twitterren egunotan piztu suteak ulertzeko (testua bidaltzerakoan bietatik batek kontrolez kanpo jarraitzen zuen), bando ezberdinak sailkatu eta bakoitzaren argudioak aurkeztu behar izan dizkidate. Eztabaidok bainoago, bazterretan antzematen den giro erabat pozoituak txunditu nau. Hain inozentea ere ez naiz, baina banatu diren labankaden krudeltasuna —eta axolagabekeria erabatekoa— ez nuen egun-argitan eta edonoren bistan espero.
Argudioei karga estra erantsi nahi horretan norbait ad hominen iraintzea baliabide merke askoa da. Ondo daki zutabegile honek, berak ere onargarria dena baino gehiago lasaitu izan duelako esfinterra noiz edo noiz. Zaila da, gainera, tentaldian ez jaustea. Hanka sartuta ere, biolentzia estrukturalen komodinak erreskatatzen gaitu, hutsik egin gabe. Molde eta kolore guztietako indarkeriak ditugu eskura: politikoak, ekonomikoak, sozialak, belaunaldi luzetan jasandakoak. Zorionekoak gu. Erasorik anker eta ezordukoena jo, zorrak modu koldarrenean kitatu eta oraindik geure burua biktima moduan aurkeztea ahalbidetzen digu karta magiko horrek.
40 urte betetzera noa laster, eta hainbat kontutan ia zerotik hasteko beharra sentitzen dut. Ez nuke nondik datozen ere ez dakidan nire aurreiritziengatik inor gehiago kondenatu nahi. Ezerengatik ilusio apurrik sentitzea galarazten duen (hau obsesio pertsonala dut, barka matraka) zinismo nazkagarria uxatu beharra dut kosta ahala kosta. Dei nazazu naif, mengel, erlatibista, ekidistante edo txoriburu, baina ez zait alferrik galtzeko indarrik geratzen aspaldi. Aurrerantzean ez dizut zure gorrotoengatik kargu hartuko sikiera. Hori bai: zuk ere Rajoyrekin gustura poteatuko bazenu, jaso ezazu ilusioz bidalitako pa bero hau.
Leave a Reply