Emak taldea sortu dute, emakumeen kirola sustatzeko helburuarekin

“Askotan entzuten da emakume kirolariak ez direla behar bezala haintzat hartzen, ez dutela espazio propiorik eta baztertuta daudela. Hori guztia salatzera dator Emak”. Naiara Sanpedro Donostiako Berdintasun zinegotziaren hitzak dira. Emakumeak kirolean ikusarazteko helburuarekin sortu dute Emak emakume kirolarien taldea; mundu horretan emakumeei espazio propio bat eskaini nahi die.

Kirola eta genero berdintasuna ardatz hartuta, diagnostiko bat bultzatu zuen iaz Donostiako Udalak. Diagnostikoaren ondorioak ikusita erabaki zen talde hau sortzea. “Kirolean berdintasuna sustatu nahi duen emakume kirolarien talde bat gara”, adierazi du Ainhoa Azurmendi kirol aholkulariak. Donostiako Udalaren diagnostikoa egin du Azurmendik, eta, orain, Emaken sortzaileen artean dago. Nekane Soria, Realeko kontseilaria, ere Emakeko partaide da: “Emakumeen kirolaren alde borrokatu eta haien lana ikusarazteko elkartu gara. Maila eta kirol arlo guztietan diharduten emakumeen erreferente izan nahi dugu”.

Donostiako Udalarentzat egindako diagnostikoan emakume kirolariak ezagutzera emateko beharra ikusi zutela azaldu du Azurmendik. “Goi mailako emakume kirolariak komunikabideetan oso gutxi ateratzen dira. Eredu horiek erabili behar dira, kirolean emakumeak noraino irits daitezkeen ikusteko”. Halere, mota guztietako emakume kirolariak hartu nahi dituzte kontuan Emaken: eskola kirolekoak, federatuak, beren kasa kirola egiten dutenak… Horiek guztiek beren ibilbidean aurkitzen dituzten “oztopoak gainditzeko” eta kirolean emakumearen presentzia “handitzeko” beharra ikusten dute. “Kirola bizitza osoan egin daitekeen zerbait dela aldarrikatu nahi dugu, modu desberdinean bada ere; horretarako, denok aukera berak izan behar ditugu”. Emakumeak taldean antolatzera eta kirola egitera bultzatu nahi dituztela gaineratu du Realeko kontseilariak ere: “Edozein emakumek Donostiako Emakumearen Etxean laguntza izango du; informazioa jasotzeko, emakumeen kirol talderen bat sortzeko eta salaketak egiteko ere bai”.

Gogoeta eta aldarrikapenak

Era askotako ekintzak bultzatuko dituzte. Azurmendiren arabera, “gogoeta” bultzatu nahi dute. Horrez gain, aldarrikapenari ere egin nahi diote lekua: “Ekitaldi esanguratsuetan egongo gara, kirolean berdintasuna aldarrikatzen: lilatoian, emakumezkoen futboleko derbian, emakumezkoen triatloian…”, azaldu du kirol aholkulariak. Erakundeei eta elkarteei begira ere lan egin nahi dute. Erabakiak hartzerakoan, emakumeen partaidetza sustatzeko beharra ikusi dute; batez ere, emakume kirolarien ahotsa entzuteko beharra dago.

Kirol proposamenak ere egingo dituzte; jadanik bi pentsatu dituzte: “Kontxako badian piraguan ibiltzera joango gara. Sagues eta Pasaia artean ere ibilaldi bat egingo dugu. Jarduera irekiak izango dira”.

Donostian sortu da taldea, baina Gipuzkoako emakume kirolariei ere egin nahi die lekua. “Pixkanaka helburuak eraldatzen eta definitzen joango gara; aurrera goazela ikusiko dugu nora iritsi nahi dugun”, adierazi du Azurmendik. Izan ere, ia leku gehienetan emakume kirolariek antzeko oztopoak izaten dituzte: “Aitorpen falta, eta baliabide gutxi; gainera, emakumeentzat izaten da kalitate gutxieneko eskaintza, eta horrek guztiak eragina du afizioa sortzeko orduan”. Gauza horiek aldatzen ari dira, baina oraindik zailtasun handiak daude. “Askotan pentsatzen da hezkuntza aldetik gaindituta daudela zenbait sinesmen, baina, gero, jokabidea beste bat da. Arazoa estrukturala da”. Azurmendiren ustez, arlo askotan ikusten da berdintasuna urruti dagoela: sozializazioan, arropetan, ikasketetan… “Mutilek gizartean kirolerako bultzada handiagoa dute; emakumeok, berriz, barneratua dugu ezingo garela kiroletik bizi. Askotan, ikasketei ematen diegu lehentasuna, eta kirola ikasketekin edo lanarekin uztartzen dugu”.

Baliabide aldetik ere, kalitatezko eskaintza izatearen garrantzia azpimarratu du Azurmendik: “Gehienetan, prestakuntza gutxien duten entrenatzaileak emakumeentzat izaten dira; baita ordutegi okerrenak eta instalazio kaxkarrenak ere. Horrek eragina du emakumeen gogobetetzean eta motibazioan. Kirola uztea gure erabakia izaten dela esan izan digute; lehentasuna beste gauza batzuei ematen diegula”. Baina kirolean bizitzarako baliagarriak diren hainbat balio ikasten direla gogoratu du: “Ez digute azaldu balio horien garrantzia: taldean jokatzea eta lan egitea, gatazkak konpontzea, galtzen eta irabazten jakitea…”. Kiroleko balio horiek eskola kirolean ere landu behar direla pentsatzen du.

Bestalde, emakumeek, kirola egiterakoan, hiri eta herrietan hainbat puntu ilun dituzte; “Horiek hobetzeko proposamenak egin dira; horiek identifikatzen lagundu nahi dugu Emakeko kideok”.