Mendea bete du topoak, hots, Donostia eta Hendaia arteko bide estuko trenbide sareak. 1912ko abenduaren 5ean, Donostia eta Irun arteko ibilbidea aurrenekoz egin zuenetik, makina bat aldaketa izan du. Hiru gerrak eta muga batek sor ditzaketen ehunka istorioren eta kontrabandoren lekuko izan da; aurrerapausoak eta atzerapausoak eman ditu; eta, gaur egun, ibilbidea luzatu, eta metro itxura hartzeko bidean da. Ehun urteko historia hori liburu batean jaso du Juanjo Olaizola aditu eta historialariak: El ‘Topo’ 1912-2012. Primer centenario de un pequeño ferrocarril internacional.
1912. urtea zen. Donostiak bazuen tren bat, Renfekoa, eta bazituen autobus zerbitzuak. Beraz, zergatik jarri zuten topoa? Olaizolaren ustez, hori da egin beharreko lehen galdera. “Proiektuaren lehen asmoa ez zen hainbeste Donostia Irunekin eta Hendaiarekin lotzea, baizik eta Donostia-Bilbo-Santander-Oviedo artean zegoen bide estuko trenbide sarea Europarekin lotzea. Ordura arte, bidaiariak Donostiara iristen ziren, eta Irunera jarraitzeko, Renferen Norteko estaziora joan behar zuten. Hogei kilometro egiteko, estazio aldaketa hori egin behar zuten, gero Hendaian berriz aldatzeko”.
Historialariaren ustez, topoak lehia ekarri zuen. “Norteko Trena bakarrik zegoen, eta, beraz, nahi zuen zerbitzua ematen zuen. Topoak konpetentzia ekarri zien hari eta tranbiari. Donostiarrek, pasaiarrek, errenteriarrek, irundarrek… garraio merkeagoa eta maiztasun handiagokoa lortu zuten topoari esker. Donostia eta Irun artean, egun osoan 6-7 tren zeuden ordu arte; bat-batean, 30 minututik behin jarri zuten zerbitzu bera. Ia-ia egun bezala”.
Mugaz gaindi
Donostiarrak uste du Lapurdi eta Gipuzkoa arteko muga zeharkatzea ere “erraztu” egin zuela, “zerbitzu gehiago zegoelako, baina ez errazagoa zelako tramiteei dagokienez”. Izan ere, garai haietan, eta ia gaur egun arte, mugaren kontua oso gauza serioa izan da estatuentzat: “Irun eta Hendaia arteko Nazioarteko Zubiraino iritsitakoan, Espainiako partean jaitsi egin behar zen trenetik, eta aduanako inspekzioa pasatu, Poliziarekin eta Guardia Zibilarekin. Berriz igo topora, iritsi Hendaiara, eta Jendarmeriaren eta Frantziako aduanaren inspekzioak pasatu behar ziren, berriz”.
Topoaren historian, gerrek beren tokia izan dute. Lehen Mundu Gerrak, Bigarren Mundu Gerrak eta 1936ko gerrak eragina izan zuten zerbitzuaren funtzionamenduan. Hain zuzen ere, hamabi urtez geldituta egon zen Irun eta Hendaia arteko zerbitzua. “Lehen Mundu Gerrarekin, frantziarrak hasi ziren mozten zerbitzua, beti zelatan zeudelako ea espioirik zetorren, desertoreek ihes egiten ote zuten trenean, edo kapital ihesik zegoen… Ez dago dokumentatuta, baina batzuek kontatzen dutenez, Mata Hari espioia Donostiara iritsi zenean, topoz egin zuen bidaia. 1936ko gerran, Errepublika erori zenean Gipuzkoan, frantsesek berehala moztu zuten topoaren zerbitzua. Gero, gainera, Bigarren Mundu Gerra iritsi zen, eta itxita jarraitu zuen. Renfeko linea, berriz, ibili zen: denok dakigu Franco Hitlerrekin bildu zela Hendaiako tren geltokian. 1936an, itxi, eta 1948ko martxora arte ez zuten ireki Irun eta Hendaia arteko topo zatia, indar aliatuen nazioarteko blokeoa egon baitzen Francoren faxismoaren kontra”.
Gerrek eta mugak eurekin ekarri zuten kontrabandoaren itzala ere: “Jendea aduanan jaisten zen, baina beti utz zenezakeen paketetxo bat ezkutatuta bagoian, eta makinisten kasuan, zer esanik ez! Tren kabinan gordetzen zuten materiala. Denetarik pasatzen zuten mugaren alde batetik bestera: gerra pasatu berritan, esaterako, hemen nylonezko galtzerdiak erabiltzen zituzten kontrabandoan. Eta ez bakarrik topoaren bitartez. Nik ezagutu nuen Renfeko makinista bat, Grundig etxeko materiala pasatzen zuena: telebistak, disko-jogailuak… Irunen Mr. Grundig esaten zioten gizon hari. Alde horretatik, asko egon da. Azken batean, ibilbide laburreko trena izateaz gain, nazioartekoa ere bazen. Oso txikia, baina nazioartekoa”.
Lehen egunean, zazpi hildako
Anekdota ilun-ilunik ere badu topoak. Nagusia, 1913ko uztailaren 13an gertatu zena. Egun horretan inauguratu zuten Irun eta Hendaia arteko zatia, eta bi trenek elkar jo, eta zazpi bidaiari hil eta hogeitik gora larri zauritu ziren. “1 eta 3 zenbakidun motorrek jo zuten elkar, hortxe tragediaren barruko bitxikeria: 1913ko uztailaren 13an, 1 eta 3 motorrak”, azaldu du Olaizolak. Irungo estazio ondoan gertatutako ezbeharrak, nolabait esatearren, bere alde ona ere izan zuen: “Irundarrek oso jarrera ona izan zuten istripuaren inguruan, eta Espainiako erregea, horrekin harrituta, herriari oso humanitario titulua eman zion, eta Irungo ezkutuan hala jartzen du. Ordura arte, Irun herria zen, eta urtebete pasatutakoan, erregeak hiri titulua ere eman zion. Beraz, irundarrek horrela irabazi zituzten bi titulu horiek”.
Geltoki aldaketa
Urteen joan-etorrian, hainbat aldaketa ikusi dituzte herritarrek topoan: hasierako trenak modernizatzen, esaterako, edo ibilbideak luzatzen eta ibilbide berriak sortzen, betiere hiriburuaren bueltan. Donostia barruko ibilbide aldaketak ere izan ditu topoak, ordea. Izan ere, “1954. urtera arte, topoaren estazioa ez zegoen Amaran, Gipuzkoa plazan baizik”. Liburuaren egileak gogorarazi du topoa hiriaren erdi-erditik ibiltzen zela, “tranbia baten moduan”, eta gaineratu du aldaketa debeku baten ondorioa izan zela: “Askoz erosoagoa zen jendearentzat. Artzain Onaren inguruan jaits zintezkeen, Gipuzkoa plazan edo inguruan… Baserritarrek ere beren produktuak erdiguneraino trenez eramaten zituzten, azokan saltzeko. Udalak gorroto zituen tranbiak, ordea, eta, halako batean, debekatu egin zuen topoa Gipuzkoa plazaraino iristea”.
Donostialdeko Metroaren proiektua martxan da, eta “asmoa berriz ere topoa erdigunera gerturatzea da”. Baina Olaizolarentzat metroa ez da horretarako aukerarik onena: “Orain dela ehun urte trenak Donostiako kaleetara sartzea posible bazen, nik uste dut, beharbada, gaur ere posible izango dela. Ibilbidea askoz hobea izango litzateke, eta azpiegitura egitea askoz merkeagoa”.