Historiaurrea ituaren erdian

Historiaurrea ituaren erdian

Kerman Garralda Zubimendi

Historiaurreko gizakia ez zen ergela, oso abila baizik”, azaldu du Jesus Tapiak, Aranzadi zientzia elkarteko Historiaurreko Saileko arkeologoak. Haiek ezarri zituzten, esaterako, arkuak eta bultzagailuak egiteko oinarriak, eta ohitura horiei eutsi egiten zaie milaka urte igarota ere. Egia da materialak aldatu egin direla, baina, oraindik ere, badira ehizarako armak historiaurreko jakinduria baliatuta egiten dituztenak. “Indarrez botaz gero, baliagarriak dira ehizarako, baina guk ez ditugu erabiltzen horretarako. Tiro trebetasuneko jolasak egiteko erabiltzen ditugu guk, eta kirolaren, eskulanaren eta ezagutzaren bidez historiaurrea jendearengana gerturatzeko”, nabarmendu du Tapiak.

Zegamatik gora joanda, historiaurreko arkuen eta bultzagailuen zaleak San Adriango pasabidean elkartu ziren joan den asteburuan. Han jokatu zen Europako Txapelketako txanda bat. “Ohiko lehiaketa da. Itura jaurti eta puntu gehien lortzen duenak irabazten du. Berezitasun bakarra dauka: historiaurrearekin eta etnografia historiko gisa ezagutzen dugunarekin bateragarriak izan behar dute arkuek eta bultzagailuek”, azaldu du Aranzadiko arkeologoak. “Hau da, ezin dira erabili dendan erositako karbono zuntzezko arkuak, soka sintetikoak, plastikoak… Historiaurreko naturan eskuragarri egon behar dute lehengai guztiek”.

Besteak beste, zumarraren, lizarraren eta haginaren egurra erabiltzen da tramankuluak egiteko. “Lantzeko errazak baina sendoak diren egurrak behar dira. Urritza, adibidez, ez da egokia: malgua denez, lantzeko samurra da, baina erraz tolesten da, eta gezia ez du indarrez jaurtitzen”. Gezien eta azagaien puntak egiteko, berriz, animalien hezurrak erabiltzen dituzte.

Tapiak argi utzi du helburua ez dela historiaurreko ehiza tekniken azalpen zehatz bat ematea, nahiz eta txapelketa kirol jarduera bat baino gehiago dela onartu. “Arkuarekin eta bultzagailuarekin tiro egiteak duen erakarpen indarrarekin, jendea, pixkanaka-pixkanaka, historiaurreko ohituretan murgiltzea lortu nahi dugu”.

Lehiarako eremua ere ez da ausaz aukeratua. “Badakigu gizakia historiaurretik egon dela San Adriango pasabidean. Azken urteotan aurkikuntza handiak egiten ari gara bertan, eta horiek zabaltzeko ere aprobetxatu nahi dugu aukera”, arrazoitu du Tapiak.

Eremuaren berezitasunengatik “zirkuitu zaila” dela onartu du arkeologoak, “Europako zailenetakoa”. Aizkorri mendiaren magalean dago San Adriango pasabidea, mila metro inguruko altueran, eta erraz sartzen dira lainoak eta haizea. Harri eta zuhaitz artean egoten dira, gainera, ituak, eta perpendikularrean jaurti behar izaten dituzte tiroak, maldan gora edo behera. “Jaurtiketak zailtzen saiatzen gara beti, norberaren trebezia azaleratzeko”. Zortzi eta 26 metro arteko distantziara jaurtitzen dute parte hartzaileek.

Tapiak dioenez, Euskal Herrian badago historiaurreko ehizarako armen inguruko zaletasuna. Aurten, adibidez, hamasei lagunek parte hartu dute txapelketan bultzagailuen modalitatean, eta hemezortzik arkuarenean. “Zegaman laugarrenez antolatu dugu Europako Txapelketako kanporaketa bat, baina Errenterian egin izan dugu urte askoan. Halaber, Agurainen ere [Araba] antolatu izan da beste txapelketa bat”.

Lagun arteko ekintza

Gipuzkoan eta Araba ipar-ekialdean, talde txikitan antolatuta daude diziplina horren zaleak, eta txapelketak baliatzen dituzte elkartu eta informazioa eta materiala trukatzeko. “Nolabaiteko merkataritza sare bat sortzen da txapelketen inguruan. Egurrak, hezurrak, larruak… Beharren arabera trukatzen dira horiek guztiak, eta baita salerosi ere”, azaldu du Tapiak. “Egia da nork bere geziak eta arkua edo bultzagailua egiten dituela normalean, baina ez da brikolaje lehiaketa bat. Ez da beharrezkoa nork bere etxean egindako arma bat ekartzea”. Nahiz eta historiaurreko material berbera behar den, material horiek lantzeko garaian erabil daitezke gaur egungo aurrerapenak; hala nola, zerrak, lixak…

Parte hartzaileek gomendioak ematen dizkiote elkarri, lehia egon arren garrantzitsuena ez baita irabaztea. “Bada kirol jardunaldi bat, baina, kultura eta ezagutza ere zabaldu nahi ditugunez, trukatu egiten ditugu gomendioak, aholkuak, teknikak…”. Historiaurreko zaletasunak elkartzen ditu batzuk, eta Aizkorri mendiak besteak. Hain zuzen ere, Aizkorriko Lagunen Elkarteak antolatutako ekitaldien barruan jokatu zen txapelketa. Askotariko ekintzak antolatu zituzten asteburu osoan: mendi ibilaldiak, tailerrak, jateko eta edateko postuak… “Eskerrak eman behar dizkiegu Aizkorriko Lagunen Elkarteari, Zegamako Udalari, Gipuzkoako Partzuergoari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari, erraztasunak eman baitizkigute beste urte batez txapelketa antolatzeko”.

Historiaurrean ez bezala, gizakiak jada ez dauka une oro ehizan ibili beharrik, eta jarduera ludiko bilakatu dira garai hartako teknikak. Halere, jendeak gustura jarraitzen du iraganeko erroekin loturak eginez, eta are gehiago San Adrianen gisako ingurune mistiko batean.

Leave a Reply

Your email address will not be published.