Danel Agirre
Gaizkileren bati segika striptease klub batean amaitzen duen pelikuletako poliziaren moduan, lan ordutan alkoholik ez edaten saiatzen naiz, nahiz eta, agente arloteak bezala, ez dudan lortzen beti. Nire kasuan, ahaleginak ez du zerikusirik uniforme eta erakundeei —barka, Gipuzkoako Hitza— zor zaien errespetuarekin: biziraupen ekonomiko kontua baino ez da. Bestela ere, barregarria da beharrerako nire erritmoa, eta lehenbiziko zurrutadarekin pulamentu eskas horrek ere arrastorik laga gabe ihes egin ohi du leihotik.
Ordainetan, kontrizioa saritzen duen errutina ezarri diot nire buruari. Eguneko atazak taxuz gobernatuz gero (komuna garbitzea eta antzeko fardel guztiak barne), garagardo berri bat probatuz ospatzen dut balentria. Litro erdiko botila dagokion edalontzian patxadaz hustu, eta balkoian jesartzen naiz, jostailuzko autoari bultzaka atarian lasterketak antolatzen dituzten haurrei so. Merezi duen denbora eskaintzen diot errituari.
Alemanian badituzte zerbeza zoragarriak, baina haiekin topo ez egitea da normalena. Nire kasuan, Segoviako anarkista bitxi batengandik jasotako aholkuei tiraka iritsi nintzen Grial Santura: Frankoniako ekoizle txikien fruitua dastatzera eman, eta Berlinen halakoak salgai dituen denda bakarrera bideratu ninduen. Berak ez daki —sekula ez genuen izan harreman estuegirik, eta aspaldi egin zuen ospa hiritik—, baina bizitza askoz atseginago bilakatu zait ordutik.
Etxe alboan bada 30 garagardo iturritik gora dituen ostatu horietako bat, bere buruari punk deitzen dion Brewdog multinazionalarena. Ez naiz sekula sartzen. Modako estiloak (IPA eta gainontzeko guztiak) nik gustuko dudan edabetik aldentzen dira. Are garrantzitsuago, artisau hitza marketin gantxo gisara erabili, eta bezero despistatua lumatzen dute bertan, baso ñimiño batengatik txanpon mordoxka kobratuta. Ni bezalakoentzat anatema dira halako tokiak: lehen garagardoa eskatzea erabakitzen dudan oro, zortzi edo hamar edatearen aukera zabalik uztea gustatzen zait, irrikak ez erreprimitze aldera. Eta egun osoan irabazitakoa tabernan ordubetean gal dezakedala pentsatzea bromuro ezin eraginkorragoa da nire egarriarentzat.
Euskal Herrira noan bakoitzean, gurean azaldu berri den ekoizle ttipiren baten garagardoa gomendatzen didate. Zenbat kostatzen ote duen galdetu, eta prezioa ez da sekula hiru eurotik jaisten, edukiontzia litro heren edo laurdenekoa izan eta denda batean erosita ere. Ekonomiaz ez dakit zipitzik. Baina, Ratebeer webgune independentearen arabera, munduko zwickl onenetakoak direnak eskura ditzaket Berlinen, eurotik behera litro erdia, bodegatik saltokira ia bostehun kilometroko bidaiarekin ere. Mende luzez transmititutako familia negozioak dira; lokal, makineria eta packaging modernorik amortizatu beharrik ez dute, akaso. Baina artisau etiketarekin merkaturatutako zerbezak baino xumeagoak dira gehienak, lau edo bost bider merkeagoak, eta nire gusturako hobeak.
Azken urteetako garagardo berrien mugimenduak badu ezaugarri bat edari honen betiko publikoa mespretxatzen duena. Definizioz herrikoia, langileena zen tragoa hartu, eta lepateentzat esperientzia esklusibo bilakatu du. Akaso ez zen hori IPA eta gainontzeko estiloekin borondate onenez ari direnen asmoa. Baina nire munduan, garagardo garestia ez da garagardoa.
Leave a Reply