Asier Imaz
Bitik bi irabazi ditu Julen Gabirondok. Gertu ditu lau txapelak, baina etzi hirugarrena lortu beharko du horretarako, eta zailtasunak izango dituela ikusi zen joan den igandean, Aiako Aristerrazun jokatu zen Euskal Herriko Txapelketako kanporaketan, indarrean baitatoz gazteak. Zailtasun horiek ulertzeko, azkeneko Gipuzkoako Ohiko Sega Txapelketa hartu behar da kontuan alde batetik, eta azken urteotako segalarien bilakaera, bestetik.
Sega denboraldian, lau txapelketa nagusi jokatzen dira federazioek antolatuta: Gipuzkoako biak eta Euskal Herriko biak. Bi modalitatetan jokatzen dira txapelketak: azkartasuna eta txukuntasuna kontuan hartuta bata, Europako modalitatea, eta ohikoa bestea; moztutakoa bildu eta pisatzen da azken horretan.
Etzi ohiko eran jokatuko dute hirugarren txapelketa, Asteasuko Bulano baserriko belardietan. Lau segalari ariko dira lehian 12:00etatik aurrera, ordubeteko lanean —ordu erdiko lana egin zuten joan den igandean, Aiako kanporaketan—. Duela hilabeteko Gipuzkoako Txapelketakoa da, beraz, gertueneko erreferentzia. Orduan, jaun eta jabe izan zen Gabirondo. 185 kiloren aldea atera zion Jokin Etxeberria bigarren sailkatuari; 300 kilo baino gehiagorena Jexuxmari Ormaetxea Urki-ri, eta 400 kilo pasatxorena Jon Otegi gazteari.
Azken urteotako segalarien bilakaera kontuan hartuta, bi izen dira nabarmentzekoak: Gabirondo urnietarra eta Jokin Etxeberria amasarra —Bedaion bizi da—. Euskal Herriko azken bi txapelketetan, adibidez, biak izan dira txapeldun eta txapeldunorde, hurrenez hurren. Duela hilabete ere gauza bera gertatu zen Larraitzen, Gipuzkoakoan. Baina orduan ez bezala, joan den igandean segan gozatu egin zuen Etxeberriak; ikusgarri aritu zen. “Orain bai entrenamenduetan bezala; orain bai etxean bezala”, esaten zioten laguntzaileek.
Otegiren erakustaldia gehitu behar zaio Etxeberriaren berpizteari. Ibilbide laburreko segalaria da 22 urteko oiartzuarra, baina Gabirondoren beraren aurretik sailkatu zen igandeko kanporaketan. Iban Pardo zestoarra izango da azken finalista. Gabirondo bezala, segalari fisikoa da Pardo ere, indartsua. Horregatik, edonor estu hartzeko gai da ordubeteko lanean. Final handia izango da, gainera, beretzat, azken urteotan kilo gutxigatik geratu izan baita beti txapelaren lehiatik kanpo. Denboraldiko hirugarren txapela janzteko lehia gogorra izango dela aurreikus daiteke, beraz.
Berandu, baina indartsu
Hasi orduko sega uztekotan egon zen Gabirondo: “2013an hasi nintzen, Xoxoka auzoko [Urnieta] apustu baten harira. Txapelketarako jauzia egin nuen hurrengo urtean, eta, uztekotan nintzela, txapela irabazi nuen 2015ean. Irabazteko grina piztu zitzaidan orduan, eta eskerrak ez nuen utzi, bestela ez nituen-eta lortuko ondorengo garaipen guztiak”.
1989an jaio zen Gabirondo. Hiru aldiz izan da Euskal Herriko txapelduna ohiko eran: 2015ean, 2017an eta 2018an. Horrez gain, behin irabazi du azkartasuneko txapelketa, 2017an. Gipuzkoako Txapelketari dagokionez, bi txapel ditu ohiko eran, 2016koa eta aurtengoa, eta hiru azkartasunekoan: 2016koa, 2017koa eta aurtengoa.
Osaba segalari handia izandakoa du urnietarrak: Joxe Gabirondo gazteluarra. Baina lehen urratsak ez zituen egin harekin: “Neska lagunaren osabarekin hasi nintzen ikasten. Behin txapelketan hasita, orduan bai, orduan osabarekin ere hasi nintzen. Egia esan, asko lagundu didate otegitarrek eta gabirondotarrek; esker oneko hitzak besterik ez dut haientzat”.
Futbola, pilota eta “betiko kirol horiek” albo batera utzi, eta Gabirondo 22 urterekin sartu zen herri kirolen munduan. Halakoetan gertatzen den bezala, dena ikasi beharra tokatu zitzaion urnietarrari, eta herri kiroletan, gainera, prozesu hori ez da inoiz amaitzen: “Garrantzi handia ematen diot fisikoari, eta serio saiatzen naiz arlo horretan. Prestatzaileak jartzen didan guztia egiten dut, baita gogoz kontra baldin bada ere. Egin egin behar da, eta kito”, azaldu du. Teknikoki ere segan “ahalik eta ondoen” egiten saiatzen dela aitortu du. “Etxeberria, adibidez, ni baino gozoago aritzen da segan, eta hor hobetu beharra daukat”.
Hamar hilabete paseko prestaketan bost entrenamendu egiten ditu astero, eta, ondoren, bi hilabete eskasekoa izaten da sega denboraldia: “Plaza gogorra dela esaten du jendeak, baina bestea da benetan gogorra, ikusten ez den lan hori guztia; lanetik atera eta entrenatzera joatea. Baina horrelakoak dira kirol gehienak, eta egin egin beharra dago”.
Herri kirolek dezenteko lotura izaten dute elkarrekin, eta irribarrea atera zaio pentatloia hitza entzutean: “Gutxienez sega egongo balitz… Harriarekin ibilia naiz, eta gustura ibiltzen nintzen, baina batek daki; ikusiko dugu”.
Leave a Reply