Udane Arbeo
Araba, Bizkai eta Gipuzkoan merkataritzarako sistema propio bat behar zela eskatzen ari ziren hainbat ekoizle eta erosle. “Etenik gabe” hazten ari da kontsumo ekologikoa, eta, joera aztertuta, goraka jarraituko duela dirudi. Errealitate horri erantzuna eman nahian, Sareko egitasmoaren proiektu pilotua jarri zuten martxan 2017 bukaeran, Baserritik sukaldera lelopean, eta bidea egiten ari da ordutik.
Era ekologikoan lan egiten duten Gipuzkoako ekoizleak eta ostalaritza sektorea elkarrekin harremanetan jartzen ditu egitasmoak, eta ENEEK Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluaren eta Biolur Gipuzkoa elkartearen babesa dauka. Hamabi ekoizlek, Donostialdeko hogei jatetxek eta bi kontsumo taldek osatzen dute Sareko; osasuna eta ingurumena zaintzea dute oinarri.
Hernaniko Iparragirre sagardotegia da proiektuarekin bat egin dutenetako bat. Ekoizle txikiei “izugarrizko aukera” ematen diela ziurtatu du Arantza Eguzkizak, Iparragirreko sagardogileak: “Berez gure kabuz iritsi ezin garen lekuetara iristeko laguntza ematen digu egitasmoak”. Beste 11 ekoizlek ere parte hartzen dute Sareko-n, eta produktu ekologikoen eskaintza zabala daukate: barazki freskoak, barazki kontserbak, arkumeak, txahalak, ogia, esnea, esnekiak, arrautzak, sagardoa, txakolina, zukuak, marmeladak, eztia…
Agrotoxikorik erabili gabe, “kalitate handiko elikagaiak” lortzen dituzte ekoizleek. Erosteko “izugarrizko produktu sorta” duela eskura adierazi du Nora Gonzalezek, Donostiako Kafe Botanika tabernako arduradunak. “Lehen, oso murriztua izaten zen eskaintza, eta arazo asko izaten nuen ekoizle ekologikoekin kontaktuan jartzeko”. Neurri batean, Sareko-ri esker zabaldu da eskaintza hori.
Banaketarako mugak
Enpresa handien kasuan, jatetxez jatetxe banatzen dituzte produktuak eta “erraztasunak” ematen dituzte; besteak beste, jatetxeraino eramaten dute erosketa. Ekoizle ekologiko gehienek, ordea, azoketan saltzen dituzte euren produktuak, baina ondoren ezin izaten dituzte eraman jatetxeetaraino.
Osasunaren eta ingurumenaren aldeko konpromisoa daukaten jatetxeek asko eskertzen dute Sareko-ren jarduna. “Produktu ekologikoak, zaporetsuak, bertakoak eta sasoikoak” erabiltzen dituzte jatetxe horietako sukaldeetan. Gonzalezentzat, erabateko lehentasuna dauka produktu guztiak ekologikoak izateak: “Jaten duguna gara, eta, horregatik, osasunerako oso garrantzitsua da kontsumitzen ditugun elikagaiak ekologikoak izatea”.
Remi Lizarralde Sareko-ko komunikazio arduradunak azaldu duenez, aplikazio informatiko baten bidez kudeatzen dute ekoizleen eta jatetxeen arteko harremana. Ekoizleek produktu ekologikoak merkaturatzeko erabiltzen dute aplikazio hori, eta jatetxeetako arduradunek zein kontsumo taldeek nahi dituzten produktuen eskaria egiten dute gailu horri esker. Eskari horiek ekoizle bakoitzari iristen zaizkio, zuzenean. “Etorkizunerako, garrantzitsua da ekoizleen eta sukaldarien artean harreman zuzena izatea”.
Sareko-k ez dauka biltegirik eskari horiek guztiak jasotzeko, baina hiru boluntario aritzen dira lanean Gipuzkoa osoan; baserri jakin batzuen ardura izaten du bakoitzak. Ekoizleak eskaria jaso bezain laster, baserri horietako batera eramaten du produktua, eta pixka bat geroago pasatzen da furgoneta, baserri bakoitzean gordeta gelditu diren ekoizleen produktuak jasotzeko. Ondoren, eskaria egin duten jatetxeetan banatzen dituzte produktuak. Jatetxeetako arduradunek, beraz, ez dute mugitu behar izaten, tokian bertan jasotzen dituztelako eskatu dituzten elikagai ekologiko guztiak. “Sareko, hala ere, ez da banaketa enpresa bat, baserritarren eta sukaldarien artean sortutako elkarte bat baizik”, adierazi du egitasmoko arduradunak.
Esperientzia berri gisa ekin zioten Sareko proiektuari, eta sustatzaileek ez dute baztertu egitasmoa Gipuzkoatik kanpora ere eramateko aukera. Donostiara besterik ez dira iritsi oraindik, baina Gasteizera eta Bilbora ere zabaldu nahiko lukete hurrengo urteetan. Jatetxe eta kontsumo talde gehiagorengana heltzea ere gustatuko litzaieke proiektuaren arduradunei, sortu duten tresnak ez daukalako amaiera egunik edo mugarik.
Leave a Reply