Eider Goenaga Lizaso
Larraulgo festetan murgilduta dabil egunotan Maite Arana (Santurtzi, Bizkaia, 1970). Alkate izendatu zutenean, ekainaren 15ean, hori izan zen lehenengo lana. “Festak dira uztailean, eta antolatu egin behar ditugu”, esan zioten kargua hartu eta segituan. “Belaunek dar-dar egiten zidaten”. Halako herri txiki batean festak oso garrantzitsuak direla dio Aranak. Handik hogei kilometrora, Berrobin, antzeko egoerarekin egin zuen topo David de Miguel Lesek (Iruñea, Nafarroa, 1992). Han, abuztuaren amaieran ospatzen dituzte San Agustin jaiak.
Herri askotan bizi izango zuten egoera berbera alkate izendatu berriek. Baina ezberdina da Aranaren eta De Miguelen kasua. Ez dira herrikoak bertakoak, herria ez dute ezagutzen, eta ustekabean, espero gabe, iritsi dira alkatetzara. PSE-EE alderdiko kideak dira biak. Aranak urte asko daramatza alderdi sozialistan militatzen, eta hainbat urtez aritu zen Santurtziko Udalean zinegotzi. “Baina arlo hori erabat baztertua nuen jada”. De Miguel “nahiko aktiboa” da Gazteria Sozialistetan, eta Donostiako Udalean ari da lanean, PSE-EEren udal taldeko aholkulari gisa.
“Larraulen zinegotzi bat genuen lehendik, eta alderdiak eskatu zidan zerrendan joateko. Halakoetan, beti egon izan naiz prest alderdiari laguntzeko”, dio Aranak; zerrendako bigarrena zen. Zerrendako zazpigarrena zen De Miguel, azkena. “Hauteskundeetan beti eskatzen digute laguntza zerrendak osatzeko, eta ni prest egoten naiz beti; ez nuen jarri baldintzarik: ez non, ez zerrendako zein tokitan…”, azaldu du Berrobiko alkateak.
Aranak ezagutzen zuen Larraul. Bost urte daramatza Donostian bizitzen, eta Gipuzkoako barnealdeko herrietan ibilitakoa dela dio, egona zela aurretik Larraulen. “Gainera, kasualitatea da, baina hemen bizi den lagun bat daukat”. “Berrobitik igaro, bai, igaro izan naiz, autoz. Baina inoiz egon gabea nintzen. Berrobiko zerrendan nindoala jakin nuenean, herria ezagutzera etorri nintzen, hauteskundeen aurretik. Oso herri polita iruditu zitzaidan, eta oso txukun dago dena”, gaineratu du De Miguelek.
Aurkaririk ez
Zerrendak aurkezteko epea amaitzean jakin zuten biek PSE-EErena zela bi herri horietan aurkeztutako hautagaitza bakarra. Nahikoa zuten botoen %5 lortzea PSE-EEk alkatetza eskuratzeko. Berrobin, 30 botorekin, %12 lortu zuten (boto zuriak ziren gainerakoak); %18ra iritsi ziren Larraulen, hemeretzi botorekin. Zerrendaburuak ez izan arren, beste hautagaien lan egoerak, arazo pertsonalek eta abarrek alkatetzara eraman zituzten biak ala biak.
Karanbola gisa definitu dute beraiei gertatutakoa. “Hasieran, ezin nuen sinetsi ere egin; zoriondu egiten ninduen jendeak, baina artean sinistu ezinik nengoen ni. Izan ere, gertatu dena ez da normalena, baina gertatu da, eta niri egokitu zait alkate izatea. Ardurarik handienarekin eta ilusioz egingo diot aurre lanari”, esan du De Miguelek. “Edozein zerrendatan aurkezteko prest zaudela esaten duzunean, noski, ez duzu espero halakorik. Baina ustekabean eta hala nahi izan gabe etortzen den umea bezalakoa da. Etorri da, eta maitatu egiten duzu, ahal duzun ondoen egiten duzu, bihotz guztiarekin”, gehitu du Aranak. Zinegotzi bat lortzea espero zitekeen zerbait zela dio Larraulgo alkateak; ez, ordea, alkatetza lortzea.
Inbestidura, urduritasunez
Maiatzaren 26an izan ziren hauteskundeak, eta hiru aste izan zituzten albistea barneratzeko. Ekainaren 15ean hartu behar zuten kargua. “Eta ez dizut ukatuko, urduri samar etorri nintzen inbestidurara. Ez dut esango ezer gertatzeko beldurra nuenik, baina bai ezinegona. ‘Zer aurkituko ote dut? Ez dut herria ezagutzen, herritarrak ere ez, herritarrek ni ere ez naute ezagutzen… Ea zer gertatzen den’. Hilabete eta erdi pasatu da, eta, orain, lasai-lasai etortzen naiz Larraulera”. Antzera gertatu zitzaion De Migueli. “Urduritasunez, bai. Baina, gero, harrera hain modu naturalean gertatu zen, batere arazorik gabe… Egoera ez da erraza, ez garelako herrikoak, hori argi dago, baina oso modu onean hartu gaituzte herrian, eta ondo tratatuak sentitzen gara”.
Ez inbestidura egunean eta ez ondorengoetan, ez dute entzun hitz txarrik herritarrengandik; inork ez omen die auzitan jarri alkate izateko duten zilegitasuna, ezta herrikoak bertakoak ez izateagatik kritikatu ere. “Gerta zitekeen, eta espero genezakeen zerbait gertatzea. Baina ez da gertatu, eta gero eta gogo handiagorekin etortzen naiz Berrobira, gero eta ilusio handiagoz egiten dut lan”.
Larraulen “poz-pozik” dagoela dio Aranak. Asko gustatu zaiola herria; herri txikia, lasaia eta abegikorra iruditzen zaio. “Nire familia eta lagunak ekartzen hasi naiz, ostatuan bazkaldu eta bisita txiki bat egiten dut haiekin. Merezi du Larraul bisitatzea. Festetan ere nire inguruko guztiak gonbidatu ditut”. De Miguelek ere Berrobiko jaietara gonbidatu ditu Iruñeko lagunak.
Arazorik gabeko trantsizioa
Aurreko agintaldian udalean zeuden kideekin duten harremanaz ere hitz egin dute bi alkateek. Berrobin EH Bildu zegoen udalean, baina alkateak ez zuen jarraitzeko asmorik, eta ez zuten lortu zerrenda osatzerik. “Oso-oso harreman ona izan dugu aurreko udalbatzarekin. Alkatearekin eta zinegotziekin bilerak egin ditugu. Eurek egindako lana azaldu digute, zer egin duten udalean eta zer proiektu zituzten, baita gauzatzeko zeuden proiektuen berri eman ere. Oso adeitsua izan da tratua, eta egokitze honetan asko ari zaizkigu laguntzen”, esan du De Miguelek.
Lehen hilabete eta erdi honetan, Larraulgo alkate ohi Aneli Urbieta laguntzen aritu zaiola azaldu du Aranak ere. “Laguntzeko prest agertu da beti, eta festa batzordean, adibidez, berak egin du bitartekari lana. Asko maite ditu bere herriko jaiak, eta hark esaten zidan ‘hau bai edo hau ez’; berak esandakoari egin diot kasu nik. Hau horrela egiten dela? Bada, aurrera, segi horrela egiten; ez dut asmorik herrian ondo doana aldatzeko”.
Bere esperientziaren arabera, udal gobernuen aldaketak, normalean, “askoz traumatikoagoak” izaten direla dio Aranak. “Badago hautagaitzen arteko etsaitasun edo lehia bat. Ideologikoki ezberdinak dira alderdiak, eta batek galdu eta besteak irabazten duenean, beti ez da erraza izaten. Hemen ez da izan halako arazorik, dena oso modu naturalean joan da”.
Larraulgo alkate ohiaren eskutik jaso du sakelako telefonoa ere. “Eta herritarren txat bat dago telefono horretan. Herriko etxe guztietatik gutxienez pertsona bat dago taldean, eta ni ere bai. Oraindik ez da oso handia izan herritarrekin izandako kontaktua, baina talde horretan jada badago komunikazio bat”. Berrobiko alkatea “batez ere kalean” egon da herritarrekin. “Baserri batera joan ginen lehengoan, han arazo bat zutelako, eta bidean beste bizilagun batek gelditu ninduen beste arazo baten berri emateko. Oso aberasgarria da gertuko tratu hori, eta pixkanaka joango gara harremanak estutzen”.
Astean behin
Udaleko lana “gogorra” izaten dela dio Aranak. “Edozein udaletan egoten da lana, baina uste dut lan gehiago egin behar izaten dela herri txikietan. Herritarrak oso gertu dituzu, eta berehala esango dizute zuk egiten duzunarekin ados dauden edo ez, gustura dauden edo haserre dauden. Eta niretzat oso polita da hori; oso garrantzitsua iruditzen zait norberaren erabakiek eta ekintzek berehalako erantzuna izatea”.
Herrikoa ez izateak desabantailak badituela onartu arren, zenbaitetan “abantaila txiki bat” ere izan daitekeela diote bi alkateek. “Inor ez duzu ezagutzen aurretik, ez duzu aurreiritzirik, eta, ondorioz, erabakiak ez dituzu hartuko baten edo bestearen mesedetan”, esan du De Miguelek.
Bestalde, herrian ez egotearen desabantailak, askotan, telefono bidez edota posta elektronikoaren bitartez konpontzen dituztela argitu du Aranak. “Etengabeko harremana daukagu funtzionarioekin, teknikariekin eta herriko langileekin, egunerokoa da komunikazioa”.
Arana eta De Miguel gutxienez astean behin joaten dira Larraula eta Berrobira. “Astean behin etortzen naiz; baina gehiago behar bada, ez dut arazorik izaten. Goizetan etortzen naiz normalean, baina, egun horretarako gauza asko uzten ditudanez —osoko bilkurak, herritarrekiko bilerak, batzordeak…— luzatu egiten da eguna. Hamabi orduko jarduna izan dut zenbait kasutan”. Arana ere astean behin joaten da Larraulera, bai eta osoko bilkura egunetan edo batzordeak dituztenean ere. Egunero joaten ez denez, halere, aitortu du batzuetan zaila izaten dela teknikariekin aurrez aurre egotea. “Izan ere, mankomunatuak ditugu asko, beste udal batzuekin batera, eta beraiek ere ez dira egunero etortzen. Baina komunikazioa daukagu, eta ondo ari gara oraingoz”.
Ez dira euskaldunak
Komunikazioa badago, baina komunikazio hori, oraingoz, ez da euskaraz. Ez Aranak eta ez De Miguelek ez dute euskaraz hitz egiten. Larraulen %91,7 da euskararen ezagutza indizea, eta Berrobin, berriz, %84,3. Hain herri euskaldunak izanik, gabezia gisa ikusten dute beraiek euskaraz ez egitea. “Belarria egina dut, eta ulertu, ulertzen dut, gutxi gorabehera, baina gustatuko litzaidake hitz egitea ere. Niretzat murgiltze linguistikoa izango da hau, barnetegi bat bezalakoa. Borondatea eta gogoa baditut”. Bestalde, Larraulgo udal gobernua osatzen duten beste zinegotzi sozialisten artean euskaldunak badaudela esan du Aranak.
Eskolan inoiz ez du euskara ikasi De Miguelek. Unibertsitatean izan zuen lehen kontaktua euskararekin, Donostian. “Elkarrizketa zertaz den asmatzen dut, baina zehaztasunetara joan gabe. Hitzak harrapatzen ditut. Dena den, euskaltegian izena emateko asmoa dut. Ez dut uste hitz egitera iritsiko naizenik, oso zaila baita, baina herritarrek esaten didatena ulertu nahiko nuke gutxienez. Erronka hori jarri diot neure buruari”.
Berrobiko alkateak, oraingoz, gazteleraz egiten du aurrez aurrekoa herritarrekin. “Baina, jai batzorderako, adibidez, euskaraz egiten duen zinegotzi bati esan nion ea joan zitekeen nire ordez. Udaleko langileek, herriko eragileek eta herritarrek parte hartzen dute jai batzordean, eta beti euskaraz egiten dituzte bilerak; nik ez nuen nahi hori aldatzerik, ez eta beraiek eroso sentituko ez diren hizkuntza batean aritzerik ere. Beste zinegotzi hori joan zen, beraz, eta kito, konponduta”.
Leave a Reply