Leire Narbaiza
Abuztu betean zaude, oraindik udazkenerako hilabete luze geratzen da, eta oporrak pasatzeko aukeratu duzun leku horretako kaleetan firin-faran zabiltza denbora ematen, paseo lasaian. Gustuko duzu ezagutzen ez dituzun tokietako dendak eta tabernak ikustea, menuak aztertzea, erakusleihoei begiratzea. Beti dago zer deskubritu, konparatu eta kritikatu. Herri horretako moldeak ere ezagutzen dira, turistendako moduan bada ere.
Pasiera horretako erakusleihoetan merkealdiak ikusi dituzu, udako arropa arina eta koloretsua. Interesa sortzen dizu, eguzki galdatan zaude eta. Baina komertzio batzuek baztertu dituzte udakoak, eta hurrengo denboraldiko jantziak dituzte: ilunagoak, sendoak, berogarriak… Orduan, imajinatzen duzu zer litzatekeen halakoak janztea, espaloian beroaz urtuta. Gorputzaldi txarra egin zaizu, eta ez zaizu burutik pasatzen halakorik erostea. Baina denda batek baino gehiagok aldaketa egitea erabaki badu, saltzen duen seinale, zuk ulertzen ez baduzu ere.
Herrira itzulita, ikusi duzu abuztu hondarrean zabaldu duten denda batzuek udazkeneko moda dutela dagoeneko, eta bihotza uzkurtzen zaizu pixka bat, ez bakarrik oporren amaieraren lehen zantzua delako, janzki horien kolore ilun eta hitsek barrena tristatzen dizutelako, tontakeriak amaitu direlako, eta orain betikora itzuli behar duzulako baizik: diskretukeria eta janzkera aspergarria, bizitasun bakoa…
Hori guztiori buruan darabilzula, hara non irakurtzen diozun Ion Ansa Mendizabal twitterkideari honako hau: “Ez al gara aspaldian beti hurrengo urtaroan bizi? Edo nire sentsazioa da? Gabonak sanmartinetan hasten dira eta udazkena abuztuaren 31n. Nahastuta banago, balio dezala txioak unea bizi nahiko nukeela gogoratzeko, bederen”. Ansak bete-betean asmatu duela pentsatzen duzu, etorkizuna luzarorako planifikatzen gabiltzalako, eta planifikazio horrek etorkizunean jartzen gaituelako beti. Sarritan, orainaz disfrutatu ezinda, geroan dugulako burua. Inoiz ez dagokion lekuan eta denboran.
Hori argi ikusten da egunerokotasunean. Jende asko, astegunetako monotonia eta gogortasuna arintzeko, asteburuari begira bizi da, astegunak ahal bezala pasatzen. Jakina, asteburua dena delakoagatik zapuzten bazaie, frustrazioa, egonezina eta haserrea. Baina bizitza astegun gris mordo bat da, errutina eta normalitatea. Ezin beti goiak jotzen ibili, betiereko subidoian bizi. Bizitza oso leku korrientea da, ia beti gatz bakoa.
Eta bizimodua tetris baten moduan antolatu dugu. Egin beharrekoak ahal den moduan kokatuta. Lana, hizkuntza bat ikasi, umeak, pilates eta irakurketa kluba. “Tira, klasera joan ahal izateko hamar minutu berandu, irakasleak onartzen badu. Bertatik irten, eta umeak jaso. Baina bost minutu lehenago atera behar”. Halakoak ikusten dira. Hamar minutuak ordu laurden luzea bihurtzen dira, eta bost minutu lehenago irteteko, aurretik dena jaso behar, eta hanka bat atera begira izan, umeengan du burua jasotzen hasi aurretik; beraz, klase denbora hori ere alferrik. Dena egin nahi, eta momentua ez disfrutatu. Estresa.
Baserritarrek ere sasoian sasoikoa jatea gomendatzen digute, baina supermerkatuan fruta eta berdura batzuk gero eta goizago agertzen dira, garaiari ezin diogulako eutsi, oraina ezin dugulako jasan. Patxada hartu behar dugu, etorkizuneko gurpil zoroak harrapa ez gaitzan.
Leave a Reply