Imanol Garcia Landa
Abuztuan oso sentsazio onarekin itzuli ziren Errumaniatik. Josu Artolak (Amezketa, 1988) eta Alberto Aranburuk (Tolosa, 1994) lehen eta hirugarren postua lortu zuten, hurrenez hurren, muturreko enduro proba garrantzitsu eta gogorrean, Romaniacs lasterketan, zilarrezko mailan. “Ez da erraza horrelako proba batera joatea, gastu handia eskatzen duelako, besteak beste”, azaldu du Artolak. “Iaz hirugarren amaitu nuen, eta, aurten, hobetu edo gutxienez postu hori mantendu nahi nuen. Azkenean, irabaztea lortu nuen”.
Lau eguneko proba da Romaniacs. Lehenengo egunean “oso ondo” ikusi zuen bere burua Artolak, eta konfiantza hartu zuen: “Lehen postuan amaitu nuen eguna, eta postu horri eustea lortu nuen bigarren eta hirugarren egunean ere, nahiz eta gogorragoak izan. Irabazteko aukera handia nuela ikusten nuen. Euri asko egin zuen azken egunean, eta lokatz asko zegoen. Gustura aritu ginen, lokatza gustuko dugulako, baina, aldi berean, handiagoa izaten da arriskua”. Egun hori lasaiago hartzea erabaki zuen Artolak; sailkapenean bigarren postuan zihoanaren atzean jarri eta hari eustea: “Oso ondo joan zen dena, eta erabat hunkituta nago lortutako garaipenarekin”.
Aranbururen hitzetan, berriz, “ikaragarria” izan zen hirugarren amaitzea. “Bigarren urtea nuen nik ere, eta nahiko atzean bukatu nuen iaz. Urduriago nengoen orduan, fisikoki ez hain ondo. Aurten gehiago prestatu dut alor fisikoa, eta emaitza eman du horrek”. Bigarren postuan amaitu zuen lehen egunean, eta hirugarren bigarrenean. Tripako minez, asko sufritu zuen hirugarren egunean, eta botaka ere ibili zen. Denbora asko galdu zuen egun horretan. “Baina ez etsitzeko esan zidan Josuk, eta den-dena eman nuen azken egunean. Hirugarren sailkatuarekiko nuen ordu erdiko tartea berreskuratu, eta podiumean sartzea lortu nuen azkenerako. Beraz, sailkapenean goi-goian amaitu genuen bi euskaldunek”.
Lagunak izateaz gain, elkarrekin entrenatzen dira bi gidariak. “Ordu asko pasatzen ditugu elkarrekin, bai entrenatzen eta baita parrandan ere. Elkarrekin joan ginen Romaniacs probara ere”, azaldu du Artolak. “Azkenean, nahiz eta modalitatean aurkariak izan, talde bat ginen han, eta elkarri laguntzen genion, motoak prestatzen, besteak beste”. Ingurukoengandik jasotzen duten laguntza ere garrantzitsua dela gaineratu du Aranburuk: “Bertan izan ziren nire anaia, Maialen —Josuren neska laguna— eta Ander Etxabe, eta eskertzekoa da euren oporrak guri laguntzeko hartzea”. Artolak argi utzi du horrelako lasterketa batean emaitza ona lortzeko lantalde bat behar dela ondoan.
Enduroa —edo mendiko motoarekin rallya egitea— eta triala —oztopoak gainditzea— uztartzen ditu muturreko enduro modalitateak. “Enduroan baino teknika hobea behar da muturreko enduroan, eta oztopo gehiago egoten dira bidean”, azaldu du Artolak.
Errumanian bost eta zazpi ordu arteko probak izan zituzten egunero. “Eta oso zaila da ordu horietan guztietan dena ematea, kontzentratuta egotea eta akatsik ez egitea”, gaineratu du Aranburuk. 04:30ean jaikitzen ziren, antolatzaileek orduan sartzen zieten ibilbidea GPSan, eta ondoren ekiten zioten etapari. 150 eta 200 kilometro arteko etapak egin zituzten. “Goizean goiz ez da jakiten ibilbidea zehatz nola egongo den. Ez da pista batetik joatearen parekoa. Zuhaitz eroriak topa ditzakezu, edo mendian gora ere joan behar izaten dugu”, azaldu du Aranburuk. “Oso gogorra da, eta sufritzen jakin behar da”, gaineratu du Artolak.
Egunerokoan, gastu asko
Bi moto gidariek afizio gisa ulertzen dute euren kirola. “Oso gutxik lortzen dute hortik bizitzea”, azaldu du Artolak. “Eta horien atzetik gaude gu; txikia da tartea, eta ikaragarria da hori”. Maila horretan aritzea “motibagarria” zaiela azpimarratu du Aranburuk: “Burugogorrak gara, eta onenengandik gertu egoten saiatzen gara, horiei guztiei lanak ematen saiatzeko”.
Moto bakarra dauka bakoitzak, eta horixe erabiltzen dute entrenatzeko eta lasterketetara joateko. “Horregatik igarotzen dugu hainbeste denbora motoa prestatzen”, jakinarazi du Aranburuk. “Motoa, gasolina, olioa, gurpilak, eta, horrez gain, arropa, kaskoa, botak, betaurrekoak… Gastu asko dira, eta laguntzen digutenei eskerrak eman beharrean gaude”. Amezketako Udala, Zatika eta Zona Paddock dira Artolaren laguntzaile nagusiak. Azken horren, eta Jon Zure Moto eta Txarandakaren laguntza jasotzen du, berriz, Aranburuk. “Kirol honetan zaila da laguntza lortzea, eta asko eskertzen dugu jasotzen duguna”, dio Artolak.
Aste barruan motoa ukitu ere ez dute egiten ia-ia, eta larunbatetan elkartu ohi dira; egun osoko entrenamendua egiten dute. “Nik gimnasioko lan gehiago egin dut aurten”, azaldu du Aranburuk. “Josuk bederatzi urte daramatza kirol honetan, eta nabaritzen da gorputza eginagoa duela. Hasieran kosta egiten zitzaidan berari segitzea, baina dezente hobetu dut aurten. Oraindik ez dut lortu haren maila, baina gertu nago”. Artolak dioenez, asko laguntzen du eskarmentuak. “Mendia ezagutuz joaten zara urteen poderioz, eta lasaiago aurre egiten zaie lasterketei; pixkanaka-pixkanaka, ez dira hartzen hasierako arrisku berak. Seguruago joaten laguntzen dute urteek”.
Leave a Reply