Aitziber Arzallus
Lapurtarra da jaiotzez, baina lotura handia izan du Gipuzkoarekin; bertakoak ditu aita-amak. Bertso irakaslea da Maddalen Arzallus (Hendaia, 1990), eta hezkuntza arautuko ikastetxeetan eskolak ematen ditu Donostia aldean eta Hondarribian. Hori da denbora gehien kentzen dion langintza, baina beste hamaika gauzatarako beta ere hartzen du: bertsotan aritzen da, erromeria talde bateko partaidea da, Euskadi Gaztean kolaboratzen du, eta baita Gure Kasa saioan ere, ETB 1en. 18 urte zituela joan zen gurasoen etxetik, Gasteizera, itzulpengintza ikastera. Bi urtez bizi izan zen han, urtebetez Parisen, denboraldi batez Errusian, eta bost bat urtez Zumaian. Duela urtebete sorterrirako bidea hartuta, berriz Hendaian finkatzeko bidean da.
Itzultzailea zara ikasketaz. Sekula jardun duzu itzulpengintzan?
Bai. Bi urtez aritu nintzen Arroabeko Bakun itzulpengintza enpresan, LOMCEko testuliburuak euskaratzen, batez ere.
Aita bertsolaria duzu, eta anaia ere bai. Zure DNAn idatzita zetorren bertsolari izan beharra?
Beste ahizpa bat ere badugu, eta hura ez da bertsolaria; beraz, ez dut uste DNAn idatzita zetorren zerbait denik. Baina beti laguntzen du etxean jasotzen denak. Amets anaiak esan izan du aita golf jokalaria izanda errazago aterako zela golf jokalari.
Zenbat urterekin hasi zinen bertsotan?
8-9 urterekin hasi nintzen bertso eskolan. Baina etxean jarduten genuen aurretik, ondo edo gaizki, baina jardun. Seguruena, ez genituen teknikoki bertso eleganteak egingo eta akats asko izango zituzten, baina asko kantatzen genuen. Esate baterako, gaur egun umeak pantailari begira joaten dira kotxean; bada, bertsotan joaten ginen gu. Bertsotan edo hitzekin jolasean, behintzat. Guretzat, jolaserako bide bat zen bertsoa.
Zer-nolako giroan hazi zinen? Euskaraz bizitzeko aukerarik izan al zenuen?
Hegoaldeko herri erdaldun batekin konparatu behar da Hendaia. Euskaraz bizi ginen ikastolan eta etxean, baina, hortik kanpo, bertsolaritza zen euskaraz egiten genuen jarduera bakarra. Frantsesez egin izan dugu beste dena, eta inguruko askok ez zeukan arrastorik bertsoa zer zen ere; euskaraz hiru hitz bazekizkiten, gustura.
Gogoan duzu aurreneko plaza?
Hain nintzen txikia, lehen plazez ez naiz gogoratu ere egiten. Gogoan dut bertso eskolan hasitako urte hartan bertan Urruñan bertso saio bat izan zela, eta bertso eskolako ume bakoitzari bertsolari bat aukeratu eta hari bertso bat prestatzeko eskatu zigutela. Gogoratzen naiz oso umea nintzela jendaurrean bertso hori bota nuenean eta [Jexux Mari] Irazuri buruzkoa zela; auskalo zer kantatuko nion. Eta gogoan dut, horrez gain, 9 bat urterekin hasi ginela eskolarteko txapelketetan parte hartzen. Iparraldeko Txapelketa izaten zen aurrena, eta, sailkatuz gero, Euskal Herrikoan parte hartzeko aukera izaten zen.
Anaiaren babes handia sentitu izan al duzu?
Anaiarekin kantatu izan dut, baina ez askotan; ez gara izan Pin eta Pon, belaunaldi desberdinetakoak garelako. Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketa erakusleiho bat zen, eta finalean ondo aritzen ginenok aukera izaten genuen plazara jauzia egiteko. Nik ez dakit ondo egiten nuelako, gaztea nintzelako, neska nintzelako edo Iparraldekoa nintzelako zen, baina niretzat bazegoen leku bat; zorte hori izan nuen. Asko kantatu izan dut nire belaunaldiko bertsolariekin, baina baita nire belaunaldikoak ez direnekin ere. [Andoni] Egañarekin, adibidez, oso-oso txikitatik kantatu izan dut.
Goiz hasi zinen bertsotan, eta goiz utzi zenuen. Zergatik?
Hala da, bai. Egañak esan zidan: “Zuk 19 urterekin utzi egin duzu bertsoa, eta ni 19 urterekin hasi egin nintzen”. Arrazoi asko egongo ziren, ziurrenik; agian, saturatu egin nintzen, baina argi neukan neure burua ez nuela horretan ikusten, eta, horrela, zertarako segitu? Baneukan gogoa kanpora joateko ere, eta kanpora joatea eta bertsolaritza ez dira oso bateragarriak. Parisera eta Errusiara joan nintzen, eta garai hartan erabat alboratu nuen bertsolaritza. Urte erabat sabatikoa izan zen, eta bueltatu nintzenean ere ez nintzen berehala itzuli bertsotara. Egia esan, ez naiz batere damutzen tarte hori hartu izanaz. Pentsatzen dut orduan utzi izan ez banu orain utziko nuela agian. Oso gustura utzi nuen, eta oso gustura hasi nintzen berriz.
Noiz sentitu zenuen bertsotara bueltatzeko gogoa?
2013ko Euskal Herriko Txapelketan, Ametsek irabazi zuen hartan sortu zitzaidan berriz bertsotan hasteko gogoa. Etxean nahiko frikiak gara, txapelketako saio guztietara joaten gara, eta publikoan nengoela ideia pila bat etortzen zitzaizkidan burura. Txapelketa hartan erabaki nuen hurrengo Iparraldekoan kantatuko nuela, eta halaxe egin nuen. Gainera, Iparraldean badago erdi militantziaz parte hartu behar bat ere.
Nolako uda izan duzu?
Bete-betea, bertsotan ez ezik erromeria talde batean ere aritzen bainaiz. Baina oso gustura ibiltzen naiz, funtzio bat betetzen ari naizela sentitzen dudalako, agian.
Asko luzatzen zaizkizu saioak?
Luza litezke, baina niri ez zaizkit luzatzen. Aguante handia daukate batzuek, baina ni horrela ez nintzateke iritsiko 90 urtera. Baina, parrandarik egin gabe ere, bertso saioek izaten dute gogoetazko erresaka bat. Bertso saio batetik etxera zatozenean, bueltak eta bueltak ematen dizkiozu kantatutakoari. Saio batekin gustura geratzen zarenean ere bai, beti dagoelako bertsoren bat hobeto kantatu zenezakeen ustea; eta ez bazara gustura geratzen, askoz ere gehiago.
Zu, oro har, gustura geratzen al zara egindakoarekin?
Ezetz esango nukeen orain dela ez aspaldi, baina gustura atera naiz azken saioetatik.
Oso perfekzionista al zara?
Bertsolariak izan behar du perfekzionista, baina perfekzionismoak itsutzen bazaitu, ezin duzu izan bertsolaria. Inprobisatzen ari zara, eta etengabe zabiltza hari baten gainean. Perfekzionismoak itsutzen bazaitu, bertso saio bakoitza kalbario bat izango da zuretzat. Horrela ezin da bizi. Jakin egin behar duzu egin dituzun akats horiek ikusten eta hurrengorako zuzentzen saiatzen. Baina perfekzionistegia den pertsona bat ezin da atera jendaurrera gu ateratzen garen bezala. Nik uste dut bertsolaria ohituta dagoela jendaurrean akatsak egiten, jendearen aurrean erortzen, eta, denborarekin eta esperientziarekin, ikasi egiten duzu gero eta modu dotoreagoan eta disimulatuagoan erortzen.
Autoestimu handia al duzue bertsolariek?
Bertsolariak behar du autoestimua, eta urteek, esperientziak eta praktikak ematen dute hori. Politikoki zuzenak izateko joera izaten dugu askotan; ez dakit publikoak guk pentsatzen dugun gauza bera pentsatzen duen edo gu geu saiatzen garen publikoak pentsatzen duen hori bera esaten. Ertz asko izan ditzake norberak beretik kantatzeak, eta uste dut bertsolariaren lanketaren barruan dagoela ertz horiek bilatzea; eta etxeko lanak egitea eskatzen du horrek, noski. Oso erraza da esaldi potoloak botatzea eta txalo zaparrada jasotzea.
Etxeko lan horien ondorioz izango da, agian, baina gizarteak intelektualtzat dauzka gaur egungo bertsolari asko.
Bertsolariek denbora asko pasatzen dute hausnarketan. Berri bat irakurtzen dugunean, beti saiatzen gara irakurketa bat egiten. Nik uste dut bertsolariok horretan badaukagula arazo txiki bat. Intelektual gisa ikusten gaitu gizarteak, herritar arruntengandik distantzia txiki batera, baina bertsolaria pertsona normal bat da egunerokoan, eta, gainera, jende askok sinetsi ez arren, oso pertsona dibertigarriak gara; umorerako ere badugu seriorako dugun fintasun hori. Bertsolariak jakin egin behar du bere alde humanoa, bere eguneroko pertsona hori erakusten. Nire kasuan, agian, gehitxo egiten dut hori.
Uda bete-betea izan duzula aipatu duzu. Nolako negua espero duzu?
Berdintsua. Bizpahiru hilabeteko aurrerapenarekin ibiltzen gara gu; beteta dauzkat iraila eta urria, eta betetzen ari zait azaroa. Horrez gain, Xilabako taldekako txapelketa daukagu aurten, eta bakarkakoa datorren urtean, Euskal Herrikorako sailkatzeko. 2008an sortu zen bakarkako txapelketa hori, eta iaz taldekakoa; horrek nahiko ondorio positiboak izan dituela ikusi dugu. Beste formatu bateko saioak bultzatu ditu, eta jende gehiagok parte hartu du.
Gipuzkoatik Ipar Euskal Herrirako pausoa emanda, bertsolaritza osasuntsu al dago Iparraldean?
Indarra hartzen ari dela esango nuke. Lehen, sustatu egin behar izaten genituen bertso saioak, eta, orain, gero eta bertso saio gehiago etortzen dira kanpotik; gero eta bertso saio gehiago izaten da Iparraldean, eta gero eta saio gehiago izaten dira baldintza duinetan, saio guztiak ez baitira antolatzen baldintza onenetan.
Kantuan ere asko ari zara azkenaldian. Nondik datorkizu kanturako zaletasuna?
Egia esan, ez dakit. Aitak eta amak ez nuke esango bereziki ondo kantatzen dutenik. Ahizparekin bai, harekin kantatu izan dut; trikitia jotzen du, eta duoak egiteko laguntza eskatzen zidan. Gitarra jotzen ikasi nuen gero, eta gitarra izan daiteke kantatzeko laguntza instrumentu bat. Kantatzen, ordea, sekula ez dut ikasi, teknikoki dena daukat ikasteko, baina izugarri gustatzen zait, eta badirudi orain arte jendeari ere gustatu zaiola.
Irratian eta telebistan aritu izan zara kantari. Nolatan?
Doraemonen abestiaren bertsioa entzun zutelako deitu zidaten irratitik, bertsio gehiago egiteko. Beraz, Doraemonen bertsoari esker ari naiz lanean irratian. Jende asko markatu zuen bertso hark, eta baita ni neu ere. Gaur egun, gonbidatuak kantariak direnean abesten dut ETB 1eko Gure Kasa programan.
Ez da lan makala izango astero kanten bertsioak egitea, ezta?
Kanta bat izaten da astero; aste honetan hasiko naiz, eta gogotsu nago, baina nagi pixka batekin ere bai, lan handia baita. Argi daukat astero ezingo dudala asmatu bete-betean, astero ezin da egin tematzar bat, baina jolas modura hartzen dut, eta oso gustura joaten naiz. Ondoren, jende dezente etortzen zait kanta horien inguruko aipamenak egitera, eta poz ematen du horrek. Hirugarren urtea izango da aurtengoa, eta, ikasturte berrirako ni bertan egotea nahi zutela esanez deitu zidatenean, eskaintza onartzea erabaki nuen; niregatik batez ere, baina baita jendearengatik ere. Zoramena izaten da askotan. Euskal kanta gehiagoren bertsioak egin nahiko nituzke nik, baina egon egin behar dute bertsioa egin behar diedan kanten karaokeek, eta euskarazkoetan ez dago horrenbesteko aukerarik. Horregatik egiten ditut hain euskal kanta gutxiren bertsioak. Laguntza ere izaten dut kantak aukeratzeko orduan, eta esango nuke kolaborazioetatik sortutakoak izaten direla kantarik politenak.
“Hitzen zaindari” eta “abestien zaindari” ere aritu zara Gure Kasa saioan. Esperientzia polita izan al da?
Oso esperientzia aberasgarria izan da. Telebistan ez da beti erraza zeuk nahi duzuna egitea; telebistan dena ez da polita izaten, baina oso gustura aritu naiz lan horretan. Pila bat ikasi dut, herri eta jende pila bat ezagutu dut, eta ezagutzen nuen jende askorekin kantatzeko aukera izan dut. Aurten ere jarraituko du horrek Gure Kasa-n, baina beste era batera.
Nola sartzen zaizkizu buruan hainbeste kanta?
Azterketarako gai bat ikasten den bezala ikasten ditut abestiak: bezperan ikasi, abestu, eta ahaztu.
Uxue Alberdiren Kontrako eztarritik liburuko elkarrizketatuetako bat ere bazara. Beharrezkoa al zen horrelako lan bat plazaratzea?
Dudarik gabe. Traumatikoak izan edo ez, barru-jan asko sortu duen gaia da, eta behar-beharrezko ariketa iruditzen zait horri buruz hitz egitea. Bertso munduan gertatu izan dira gizarteko gainontzeko esparruetan gertatu izan diren bezala, eta lan honek bertso munduko gertaera batzuk azaleratu ditu. Liburua, ordea, ez da izan ezerezetik sortu den lore bat; lore batek beti izaten ditu sustraiak, eta uste dut azken urteotan egiten ari garen barne lanketaren fruitua dela liburua.
Leave a Reply