Urte berri koloretsua

Leire Narbaiza

Urte berri on! Ez naiz zoratu, askorendako irailean hasten da urtea, umetan bezala. Opor ostean zerotik hasten gara. Asmo onak egiten ditugu (gimnasiora joango naiz, erretzeari lagako diot, ingelesean apuntatuko naiz…), eta erronka berriei aurre egiteko sasoia ere bada. Behin itzulera eginda, dena erdi atonduta dugunean lagun zaharrekin elkartzeko ahaleginak egiten ditugu. Bazkari/afari/kafe sasoiari ekiten diogu udazken hasieran, hartu-eman horiek freskatu eta indartzeko asmoz.

Halaxe nabil, bada, sozializazio hutsean. Eta halako bazkari batean aspaldiko kontuez ibili ginen berbetan, Twitter eta sare sozialen jarduna zelan aldatu den komentatzen, batez ere tonua zelan gaiztotu den. Orain ia guztiok labana hortz artean ibiltzen garela, nori zer leporatu, eta inoren hanka sartzearen bila. Eta aurreko sasoi horren falta igartzen genuela. Nostalgiaz baino gehiago, penaz jardun genuen denbora hartaz.

Guk, behintzat, hala bizi izan genuen bolada hura. Euskal txioesferan taberna atsegin bateko giroa zegoen, barre egiteko lekua zen, kontu berriak asmatzekoa, besteak beste. Sortzailea eta dibertigarria zen (eztabaidak eta gaizki-ulertuak ere baziren, jakina). Konbentzituta geunden euskaldunok elkar ezagutzeko gunea zela, eta gure komunitatea trinkotzeko erreminta izan zitekeela. Eta hala izan zela uste dut: txiolari askok elkarren berri izan genuen, eta harreman pertsonalak ere eraiki ziren. Esan genezake lagunak egin ditugula txoritxoarenean.

Zelan ahaztu, gainera, sortutako hitz eta esamoldeak? Asmatutako aditz trinko berriak, datsegit, kasurako? Imajinazioa eta umorea dena batuta sortutako traolak —edo hashtag-ak, gogokoago baduzue—, horietako batzuk ahaztezinak, #euskalporn eta #sesisesi kasu. Lehenengoa Trending Topic izan zen pare bat egunetan (orduan TT lortzea itzela zen), euskaraz sortutako lehenengoetakoa. Bigarrenarekin jaialdi bat ere antolatu zen. Biek ala biek ondo pasatzeko aukera eman ziguten. Eta garrantzitsua esan behar dut: euskaraz jaio eta garatu zirela.

Inork ez du halakoak sortzeko gakoa, berez irteten dira, eta jatorriak bitxi samarrak izaten dira. Esate baterako, #sesisesi-rena Espainian egindako inkesta batetik sortu zen, non politikaririk sexy-ena Urkullu izendatzen zuten! Horrek piztu zuen txingarra, sinistu ezinda hain pertsona gelberak sexy titulua eskura zezakeela, mundu gris bateko adierazpen planoa izanda. Adierazgarria zen, oso. Mundu monotono baten erakusgarri, imajinazioa eta dibertimendua, kultura eta sorkuntza bazterrean dituena. Horri ironiaren txinpartaz erantzun nahi izan genion, inkontzienteki.

Zoritxarrez, denbora pasatuta eredu hori nagusitu da Euskal Herrian, Twitterren bezala, txinparta eta bizitasun bariko tokia, jende ernegatuz betea, eta ez dut uste duela urte batzuk baino motibo gehiago ditugunik orain horretarako. Zer gertatu zaigu? Non dago izpiritu hori?

Horregatik espero dut urte-udazken berri honetan pixka bat baino ez bada ere lehengora itzultzea, nahiz eta helburua litzatekeen imajinazioa ardatz duen herria izatea, koloretsua, atsegina eta irribarrea eragingo diguna, monotoniatik aterako gaituena. Berreskuratuko ahal dugu bizipoza eta dibertitzeko gogoa, elkarri zaunka ibili beharrean!

Leave a Reply

Your email address will not be published.