Erretratuak, herriaren ondare

Erretratuak, herriaren ondare

Josu Artutxa Dorronsoro

Argazkiak egitea arnasa hartzea bezalakoa da guretzat”, aitortzen dute Nomad Studio Art elkarteko Eli Garmendia eta Carlos Pericas argazkilariek. Proiektu berri bat jarri dute martxan, antzinako argazkilari ibiltarien lana berreskuratzeko asmoz. Retrato Nómada: Gipuzkoa du izena, eta Meta! egitasmoan parte hartzeko aukeratua izan da. Goteo Fundazioaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin 2020rako garatuko diren hamalau proiektuetako bat da. Guztira 38 proiektu aurkeztu ziren.

Proiektua datorren urteko udaberrian ipiniko dute martxan, eta helburu nagusia da Gipuzkoako hamar herri txikitako biztanleei ateratako erretratuen argazki artxibo bat osatzea. 1982ko autokarabana batean zeharkatuko dute lurraldea. “Tolosaldean eta Goierrin aukera handiak ditugu”. Iaz berritu zuten autokarabana, argazki estudio eta bidean egindako argazkien erakusketa ibiltari bilakatuz.

Egitasmoaren izena eta izaera aldatu egin daiteke tokian-tokian; izan ere, Garmendiak dio mugak gainditzeko xedez sortutako proiektua dela. “Orain Retrato Nómada: Gipuzkoa dena, etorkizunean Retrato Nómada: Letonia izatea nahiko genuke”. Irudietan ateratako pertsonek zein erakundeek argazkien kopia bat jasoko dute paperean eta euskarri digitalean, eta erretratuak www.retratonomada.com orrian argitaratuko dituzte, herriaren arabera antolatuta. “Oroitzapen bat izateaz gain, ondare garrantzitsua izango da: herriaren erradiografia bat”.

Herritarrengandik gertuago

Proiektuaren sustatzaileek euren bizimodua aldatu nahi izan zuten Bartzelonan hamabost urte igaro ostean. Ondasun materialak gutxitzeko erabakia hartu zuten, minimalismora gerturatuz. Hala, erabaki zuten euren etxea bihurtu den garraiobidea erostea. Iazko udaberrian hasi zuten bidaia. Euskal Herria eta Europako beste zazpi herrialde zeharkatu zituzten udan. Neguan, berriz, Mediterraneo itsasoaren kostaldea gurutzatu zuten, Andaluziara heldu arte. 10.000 kilometro baino gehiago egin zituzten. Datorren urtarrilean Portugal eta Kantauri itsasoaren kostaldea gurutzatzea dute helburu. “Kontsumo eredu ezberdin baten alde egitea erabaki genuen, presarik gabe bizitzeko. Aukera honek jendearengana gehiago hurbiltzen laguntzen digu, eta, batez ere, bidean ezagutzen ditugunengandik ikasten”.

Egitasmo honek, argazkilaritza gerturatu eta partekatzeaz gain, jendearengana beste modu batera gerturatzeko aukera ematen diela nabarmendu dute. “Herri txikietako errealitatea ezagutu dezakegu, komunitateekin lotura egin, eta gure bizimodua partekatu. Jakitun gaude pertsona eta istorio bakoitza garrantzitsua dela, eta beti ikas daiteke haietatik. Izan ere, herri baten identitatea zabaltzea memoria betiko bizirik mantentzea da”.

Herritarren erretratuak zuri-beltzean izango dira. “Erretratu batean sobera daude koloreak, eta gehiago kontzentratzen gara keinuetan, begiradan edota aurpegiko edozein ezaugarritan. Kamerak harrapa dezakeen esentziara jotzen dugu. Gainera, kolorean lan egitea baino errazagoa egiten zaigu horrela aritzea”.

Helburua, 8.135 euro

Proiektua gauzatu ahal izateko, baina, ezinbestekoa dute herritarren laguntza ekonomikoa. Izan ere, Meta! deialdian aukeratua izateak esan nahi du finantzaketa kolektiboaren bitartez lortzen duten diru ekarpen bera egingo duela Gipuzkoako Foru Aldundiak egitasmoa aurrera ateratzeko. “Modu horretan errazagoa da helburuak lortzea, eta, gainera, herriaren babesa duten proiektuak finantzatzen dituzte”.

Proiektua aurrera eraman ahal izateko lortu beharreko gutxieneko kopurua 8.135 eurokoa dela kalkulatu dute Garmendiak eta Pericasek. Hilaren 19an abiatu zen kanpaina, eta urriaren 28ra bitartera luzatuko da. Gutxienekoa lortuz gero, hogei egun gehiago izango dituzte finantzaketa kolektiboarekin jarraitzeko. “Helburua lortzen ez duten egitasmoen kasuan, dirua itzuliko zaie jartzen dutenei”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.