Miriam Luki
Lasterketaren azken txanpa zen. Bederatzi kilometroko jaitsiera baino ez zitzaion falta Gorka Zubeldiari (Alegia, 1970). Antolakuntzako kideak walkie-talkie bidez hitz egiten ari ziren. Izan ere, denboraz kanpo zihoan. “Baina nire hankari begiratu zioten, eta jarraitzen utzi zidaten”, azaldu du Zubeldiak berak. Lasai-lasai zihoala gaineratu du. “Eta Chamonixeko helmugan ez nuen espero hainbeste jende”. Mont Blanceko ultratrail lasterketako lehen korrikalariak iristear zeudenez —171 kilometro dauzka proba horrek, eta 101 kilometrokoa da CCC lasterketa, Zubeldiak egindakoa—, 3.000 lagun inguru zeuden helmugan. “Niretzat ezustekoa izan zen guztiak courage [kemena] hitza errepikatzen entzutea”. Hala hartu zuten helmugan. Bertan eseri zen helmugako marra zeharkatu zuenean, eta protesia kendu zuen. Argazkilariei bizkarra emanda, harrera hura eskertu nahi izan zien ikusleei.
Alegiarrak joan den abuztuan egindako balentriaren amaieraren lehen atala da hori. Egindakoaz jabetu zenekoa da bigarrena. “Helmugan eserita geunden bikotekidea eta biok, eta Columbia kirol arropa etxeko zuzendaria itzultzaile batekin etorri zitzaigun, sakelakoa eskuan zuela. Helmugan ateratako argazkia erakutsi zidan, eta eskerrak eman zizkidan irudiagatik”. Are gehiago, eskerrak eman zizkion Columbia Mont Blanceko ultratrailaren babeslea denetik “inoiz izandako unerik hunkigarriena” eskaintzeagatik. “‘Egin duzuna ikusi izan ez banu, ez nukeen sinistuko’, esan zidan”. Denbora muga igarota eduki arren lasterketa amaitzen uzteagatik eskerrak eman zizkion Zubeldiak ere.
Alegiarraren bizitzako historiaren amaiera da aurreko kontakizun hori, baina ez dago hasierarik gabeko amaierarik, eta hasierako pauso haien aldarria egin du Zubeldiak berak. “Aurten egindakoa ez da txiripa izan; urte asko daramatzat mendi martxak eta lasterketak egiten. Sufrimendua egon da aurretik, odola hankaondoan, kailuak… Negarrez hasi arteko mina ere bai”. Alabaina, “amodio propioa” gailendu izan da beti, aurrera egin du, eta haren hitzetan ez dago drama zantzurik.
Lana eta kirola, gakoak
2003an istripua izan zuen Zubeldiak, eta eskuin hankaren zati handi bat galdu zuen. Metalaren arloan ari zen lanean orduan, baina urtebete egon zen lanik egin gabe; muinoia edo hankaondoa ondo sendatu zitzaion arte ez zuen jarri lehenengo protesia. Lan egiteko unea iritsi zitzaiola pentsatuta, orduan hasi zen bila, eta Katea Legaian egin zioten lekua, Tolosan. Indarrera joan zen gero, Beasainera. “Beste guztiek bezala lan egin nezakeela jabetu nintzen han, eta orduan ikusi nuen kirola egiteko gai ere banintzela”.
Gogoan du Oscar Pistorius lasterkariaren bideoak ikusi zituela Interneten; 2010 ingurua zen. “Bi hankak falta bazituen ere, protesiekin egiten zuen korrika, eta normalekin korrika egitea lortu zuen 2012ko Londreseko Olinpiar Jokoetan. ‘Nik zergatik ez?’ pentsatu nuen hura ikusita”. Mendi martxak egiten hasi zen urte hartan bertan, oinez, protesia “irmoegia” baitzen korrika egiteko.
Azken urteotan erabili dituen protesien atzera begirakoa egin du Zubeldiak. Gizarte segurantzaren bidez lortu zuen lehenengoa, eta gogoan dauka “gogorra” zela. “Txikitu egin nuen, ezin bainaiz geldirik egon; indar gehiegi egiten nuen. “Mugimendu gehiago” egiten uzten zion beste bat eduki zuen ondoren. “Ibiltzean nahiz korrika egitean kolpeak gehiago leuntzen zituen hark”. Eta beste hainbat protesi ere erabili ditu ordutik. Behin korrika egiteko hautua eginda, protesien merkatuan ikertzen hasi zen alegiarra, eta kolpeak leuntzeko gaitasunari erreparatu zion, batik bat. “Aldapa gora nahiko erraz joan naiteke, baina, kolpeak leuntzeko sistemarik gabe, zailagoa da beheraka joatea, berehala irristatu edo aldeetara joaten zarelako”.
Bidean ikasiz, alegiarrak kolpeak leuntzeko sistema hobea duen protesi bat erabili du azken bi urteotan. Gizarte segurantzatik kanpo gelditzen dira halako protesiak, eta Zubeldiak berak erosi zuen. “Nirea ez da bereziki garestia; 9.000 euro balio du”. Alabaina, protesi gogorrarekin egin zuen lehen mendi lasterketa, Tolosako 14 Orduak, eta gogoan du muinoia odoletan amaitu zuela.
Aitortu du Mont Blanceko balentriaren ondoren zorion mezuak jaso dituela batean eta bestean, eta Txinako lasterketa batera ere gonbidatu dute. Zegama-Aizkorri mendi maratoia da, ordea, begiz joa duen hurrengo erronka. Ez dauka lan erraza, ordea, 5.000 lasterkari inguruk ematen baitute izena eta hirurehun dortsal baino ez baitituzte banatzen.
Beste proiektu bat ere badauka buruan: “Ahal beste lasterketa solidariotan parte hartzea.Urritasunen bat dugunoi lasterketetan tokia egitea nahiko nuke; helmugan guretzat txapel edo oroigarriren bat egotea. Are gehiago, urritasun fisikoren bat dugunontzat probak sortzea nahiko nuke”. Asturiasera (Espainia) joango da azaroan, lagun itsu bati bisita egitera. Mendian korrika aritzen da lagun hori ere, gidaririk gabe, makulurik gabe. “Eta gure artean sarea sortzen badugu, aukera gehiago izango dugu”.
Zubeldiak 28 orduko korrikaldia egin zuen Alpeetan, Mont Blanc mendiaren magalean. Lan askorekin trabei aurre eginda, bete du ametsa, horrelakoak baitira alegiarraren benetako balentriak.
Leave a Reply