Munduarekin bat egiteko erronkarekin

Munduarekin bat egiteko erronkarekin

Aitziber Arzallus

Urtero legez, urriko lehen igandean Gipuzkoako ikastolen aldeko Kilometroak jaialdia egingo dute etzi; Zarautzen izango da aurtengoa. Salbatore Mitxelena ikastolak du jaialdia antolatzeko ardura, eta lanean “ilusioz” ari direla azaldu du Belen Murua zuzendariak. “Herritik eta herriarentzat sortu ziren ikastolak, pedagogia aurrerakoi eta berritzailean oinarrituta. Eta, gaur egun ere, gizartearen eskakizunei erantzun nahian, marko pedagogiko berria garatzen dihardugu”. Garapen horretara bideratuko dute, hain zuzen, aurtengo ekitalditik ateratako etekin ekonomikoa.

Ni, hi, hura… ikastola mundura! da aurtengo Kilometroetarako sortu duten leloa. Ni-a urdina da, Zarautz; hi-a berdea, ikastola; eta hura morea, feminismoa, aniztasuna eta gisa horretako balioak. Nerea Altxu aurtengo Kilometroetako koordinatzailearen hitzetan, “Ni-ak hi-a behar du izateko, eta alderantziz. Ni-ak eta hi-ak hura ere behar dute izateko. Alegia, elkarrekin garelako gara. Balio horiek lantzeko urratsak egiten jarraitu nahi du Zarauzko ikastolak, euskarazko kalitatezko hezkuntza berdinzale eta inklusiboa mundura zabaltzeko”.

Denentzako moduko festa

7,7 kilometro izango ditu ibilbideak, eta hiru gune nagusi egongo dira. Hain zuzen, Ni, hi, hura… ikastola mundura! leloari jarraituz jarri diete izena gune horiei: Ni, Hi eta Hura guneak.

Malekoian egongo da Ni gunea, “hain gazte ez diren betigazte horientzat”. Ikastolan egongo da Hi gunea, eta gunerik lasaiena izango da hori, batik bat haur eta familientzat pentsatua. Han izango den Haurren Hiria espazioa nabarmendu du koordinatzaileak. Ikastolako haurrek egindako proposamenetatik abiatuta, hainbat gurasok buru-belarri lanean igaro dute uda, Kilometroetarako jolas parke berria prest egon dadin. Hura gunea, berriz, Mollarrin kokatu dute, gazteentzat egokituta. Hainbat talde ezagunen kontzertuak izango dira han. Beti bezala, gune guztietan egongo da jan-edana, eta baita kale animazioa ere, txaranga, batukada eta abarrekin.

Ibilbidea jende guztiak egiteko modukoa izango dela nabarmendu dute antolatzaileek. Mollarrira igotzeko DYAk garraio zerbitzua eskainiko du arauz kanpoko funtzionaltasunen bat dutenenentzat.

Azken urteetako ohiturari eutsiz, Erronkak ere izango du bere tartea etziko jaialdian. Gipuzkoako 21 ikastolatako DBH 3 eta 4ko gazteek hartuko dute parte ikastolan eta malekoian egingo dituzten probetan. Horren bidez, “kooperazioa eta guztien parte hartzea” sustatu nahi izan dituztela adierazi dute antolatzaileek.

Horiez gain, beste hainbat balio ere indartu nahi izan dituzte aurten, eta egitaraua prestatzeko garaian hainbat irizpide hartu dituzte kontuan: “Feminista, inklusiboa, prebentiboa eta jasangarria izango da jaia”. Besteak beste, puntu moreak jarriko dituzte ibilbidean, eta eraso sexistei aurre egiteko protokolo bat ere izango dute.

Jasangarritasuna ere tentuz zaindu dute antolatzaileek. Edalontzi berrerabilgarriak egongo dira eskuragarri taberna eta txosnetan, eta ez dute salduko plastikozko botilarik; iturriko ura eskainiko dute. Bertaratzeko garraio publikoa erabiltzea gomendatu dute, egun horretarako tren eta autobus zerbitzu bereziak izango baitira. Autoak uzteko hainbat gune berezi egokituko dituzte, eta egunean bertan seinaleen bidez bideratuko dituzte auto horiek guztiak.

Eredu zaharreko azken Kilometroak jaialdia izango da aurtengoa. 42 urteren ondoren, hurrengo urtetik aurrera beste formatu bat izango du jaiak. Zirkuituaren logika apurtuko dela, guneak tematikoagoak izango direla eta lanak Gipuzkoako ikastola guztien artean banatuko dituztela besterik ez dute aurreratu oraingoz. Villabona-Amasan eta Zizurkilen egingo dute 2020ko Kilometroak jaia, Zubimusu ikastolari laguntzeko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.