Eider Goenaga Lizaso
Gipuzkoako foru gobernuak eskumenik ez duen arren, Zaldunbordako proiektuari buruzko ebazpena onartu zen herenegun Batzar Nagusietan. Bi proposamen zeuden mahai gainean: EH Bildurena bata (Elkarrekin Podemos eta PPrekin adostutako erdibideko zuzenketa eraman zuten osoko bilkurara); eta PSE-EErena bestea (EAJrekin adostu zuten erdibideko zuzenketa). Zenbakiak argi daude osoko bilkuraren aurretik: EAJ eta PSE-EEren ebazpenak egingo du aurrera, gehiengoa baitute. Onartu duten ebazpenak ez dio eskaerarik egiten Hondarribiko Udalari Zaldunbordako outlet proiektua geldiarazteko.
Oposizioaren arabera, EAEko merkataritza gune handiak arautzeko legearen alde eta outlet herrixka egitasmoaren aurka modu argian jartzeko “aukera galdu bat” izan da. Ausardiarik eza, koherentzia falta eta merkatari txikiak babesteari uko egitea leporatu diete foru gobernua osatzen duten alderdiei. EAJk eta PSE-EEk eztabaidan onartu dute inguruko merkatari txikientzat kaltegarria izan daitekeela proiektua, baina lege barruan dagoela argudiatu dute, eta udal autonomiaren errespetua erabili dute aitzakia gisa.
Ebazpen proposamena aurkeztu duen alderdia izateagatik, EH Bilduko Juan Karlos Izagirre izan da oposizioaren proposamena defendatzen lehena. Proposamen horretan, Hondarribia Village outlet edo outlet herrixka proiektua “arbuiatu” eta Hondarribiko Udalari eskatzen diote “betearaz eta errespetaraz” dezala Eusko Legebiltzarrak ekainaren 27an aho batez onarturiko legea, merkataritza gune handiak arautzeari buruzkoa. “Proiektu hau eta gisakoak gauzatzea eragozten du lege horrek”.
Joko garbirik ez
Gasteizko ganberan urtarrilean aurkeztu zuten lege proposamena EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PPk. Izagirreren esanetan, aho batezkotasuna lortu nahian atzeratu zen onarpena ekainera arte. Haren aburuz, horren jakitun ziren Hondarribiko Udala eta Txomin Sagarzazu alkatea, eta hutsunea baliatu zuten proiektuari oniritzia emateko. “Kasualitate hutsa al da dekretua bezperan onartzea? Politikagintzan ezinbestekoa da joko garbia, zintzotasuna eta gardentasuna. Argi zegoen denbora tarte hori ezin zela erabili korrika eta presaka legeak esango zuenaren kontrako proiektu bat aurrera ateratzeko. Eta hori egin dute Hondarribiko Udalak eta hango alkateak. Zetorrena jakin arren, zintzotasuna baztertu, eta halako makroproiektu batek aurrera egitea ahalbidetu dute”.
EAJk eta PSE-EEk aurkeztutakoa zuzenketa hutsala iruditzen zaio Izagirreri, helburu argi bat duena: “Ez dute hartu nahi kontrako jarrerarik, eta beste alde batera begiratzen dute”. Proiektuaren kontra ez azaltzea haren alde egitea dela esan du, eta, PSE-EEri mintzatuta, Irungo eta Hondarribiko herritarrei eta hautetsi sozialistei “bizkarra ematea” egotzi dio. Izan ere, Irungo Udalean aho batez onartu dute Zaldunborda gelditzeko eskatzen duen mozioa, eta Hondarribikoan EAJkoek ez beste alderdi guztietako hautetsiek bozkatu dute proiektua gelditzearen alde.
Juan Carlos Cano PPko batzarkideak hauteskunde kanpainako promesak oroitarazi dizkie EAJri eta PSE-EEri, Gipuzkoako Merkatarien Federazioarekin hautagai guztiek eginiko bileran denek hartu zutelako tokiko merkataritza defenditzeko konpromisoa. Batez ere, Markel Olanori eskatu dio jarrera zehazteko. “Oraindik oroitzen dut gaur egun diputatu nagusi dena bere konpromiso pertsonala adierazten. Kanpainako promesak eta ekintzak konpara ditzakegu orain, eta zuen koherentzia politikoa zenbatekoa den neurtu”.
“Kiratsa”
Udal autonomia proiektu hau zuritzeko erabiltzea arbuiatu du Canok. Onartzear zegoen lege bati “maltzurkeriaz eta gardentasunik gabe” aurrea hartu nahi izan diotela, eta egindakoak “filibusterismo politikoaren kiratsa” duela dio. “Dekretua legea onartu bezperan sinatzeak, eta, gainera, arkitektoaren eta idazkariaren oniritzia egun berekoak izateak, ez al du, bada, halako kirats bat?”. Batzar Nagusiek, gipuzkoar guztiak ordezkatzen dituen ganbera izanik, halako proiektu bat arbuiatzea zilegi ez ezik, beharrezkoa ere badela uste du: “Hori da merkatari txikiak babestea”.
Elkarrekin Podemoseko Maria Valientek egitasmoaren hainbat datu eman ditu, “alarma” arrazoitzeko. “Ia 30.000 metro koadro eta 1.800 aparkaleku izango ditu, horrek dakarren ibilgailu mugimenduarekin. Urtean bost milioi bisitari aurreikusten dituzte. Baina bisitari horiek ez dira Gipuzkoara, Hondarribira edo Irunera etorriko, Zaldunbordara joango dira, beste inora ez”.
Ingurumenaren ikuspegitik sortuko dituen kalteekin segituz, ibilgailuen CO2 isuriez gain, Natura 2000 sareak jasotzen duen Jaizkibelen eta Aiako Harriaren arteko korridore ekologikoa aipatu du. “Baina ekologistak, inguruko merkatariak eta herritarrak kexaka ari diren arren, Hondarribiko Udalak enplegua sustatzeko aukera gisa aurkeztu du. Zer enplegu mota? Jakina da enplegu prekarizatua sortzen dutela halako guneek. Europan eginiko ikerketa guztiak bat datoz: halako guneek sortzen duten enplegua halako bi suntsitzen dute”.
Eskualdean EAJ ez beste alderdi guztiak, ekologistak, sindikatuak, bizilagun elkarteak, dendariak… proiektuaren aurka agertu diren honetan, Batzar Nagusien egitekoa haiei entzun eta erantzun bat ematea dela nabarmendu du Valientek; eta adierazi osoko bilkuran aukera alferrik galtzen utzi arren “Zaldunborda gelditzeko borrokak” jarraitu egingo duela.
Udal autonomia lehenetsiz
“Ez dugu aztertuko proiektu honen bideragarritasuna, beharra eta egokitasuna” esanez hasi du jarduna PSE-EEko Susana Garcia Chuecak, eta adierazi du Hondarribiko Udaleko talde politikoen egitekoa dela hori. Tramitatzeko modua “desegokia” iruditu arren, sozialistek aukera ikusten dute Hondarribiko Udalak enpresa sustatzailearekin proiektuaren nondik norakoak lege berriaren arabera negoziatzeko, eta, hain zuzen ere, hori eskatu dute Batzar Nagusiek onartutako ebazpenean.
Ordezkari sozialistak esan du EAEko legea babesten dutela eta bere hiru helburuekin bat egiten dutela: “Saltoki handietarako lurralde antolaketa burutzea, merkataritza iraunkorra sustatzea eta ingurumen iraunkortasuna bultzatzea”. Alabaina, esan du Batzar Nagusiak ezin direla bihurtu udal erabakien “zentsore”. “Beraz, sozialistok ez dugu egin nahi proiektu honen kontrako erasorik, ez eta defentsarik ere”. Oposizioko hiru taldeek kritikatu egin dute ekidistantzia hori.
“Korapilatsua eta zaila” iritzi dio EAJko Jabier Altunak gaiari. Ontzat jo du proiektuak jarraitutako ibilbidea; udal autonomia lehenetsi eta foru gobernuaren eta Batzar Nagusien eskumenik eza azpimarratu ditu. “Ziur gaude proiektu hau onuragarria izango dela Hondarribiarentzat eta eskualdearentzat. Milaka bezero ekarriko omen ditu; Bordeletik hasi eta Zaragoza eta Santanderreraino izango omen du eragina”. Dendariei sortzen dien kezka ulergarria dela dio EAJko kideak, eta tokiko merkatari txikiei babesa ematea dela jeltzaleen nahia. “Zaila izango zaigu hau ulertaraztea, beraiei konpetentzia egiten ari diren merkataritza gune handiak baimendu direla ikusita, baina pertsonek, enpresek, saltoki handien enpresek kasu honetan, eskubide batzuk dituzte, legediak onartutakoak, eta ezin dira urratu edo ukatu”.
Halako egoera batean erabakiak “txarrak edo txarragoak” izan daitezkeela azaldu du, eta iradoki du outlet proiektua Hondarribian gauzatzen ez bada, ondorioak “are kaltegarriagoak” izan daitezkeela: “Nork ziurta dezake honi ezetz esanez gero proiektu hau ez dela Hendaian egingo? Orduan, gauza txar guztiak izango genituzke, baina batere onurarik gabe”. Irailaren 26an foru gobernuak adierazi bezala, proiektua ez zaiela gustatzen ere esan du Altunak: “Ez zaigu gustatzen eredu hau; gertuko denda txikiak gustatzen zaizkigu”.
Leave a Reply