Lau urteko hutsuneak ahalbidetu duena

Lau urteko hutsuneak ahalbidetu duena

Lurralde Antolaketarako plan sektorial batekin ahalegindu ziren 2004an merkataritza gune handien zabalpena mugatzen. Eusko Legebiltzarrean onartutakoa, ordea, auzitara eraman zuen Garberak, merkataritza gunea handitzeko asmotan baitzebiltzan ordurako. 2015ean, Espainiako Auzitegi Gorenak bertan behera utzi zuen plana, halako erabakiek lege izaera izan behar dutela argudiatuta.

Lau urteko hutsune bat egon da, beraz, Eusko Legebiltzarrak ekainaren 27an merkataritza gune handiak hirien periferian irekitzea galarazten duen lege berria atera arte. Eta hutsune horrek zuzenean eragin dio Gipuzkoako ipar-ekialdeko korridoreari. EH Bilduk prentsaurrekoan salatu duenez, merkataritza gune handien eskaria aseta dago eremu horretan, eta Europako ratio guztiak apurtzen ditu.

Lau urteotan hainbat proiektu egon dira mahai gainean, eta horietako batzuek aurrera egitea lortu dute, hutsunea baliatuta. Garbera handitzeko obrak, esaterako, martxan daude jada, eta tramiterako onartuta dauden proiektuen artean daude, besteak beste: Michelin, Teresategi, Errekaldeko Leroy Merlin eta, orain, azken-azkeneko orduan tramitaziorako pausoa emanda, baita Zaldunbordako outlet herrixka ere. Illunben merkataritza gune bat eraikitzeko proiektuak ere tramitazioa hasia du; 2019rako irekiko zutela iragarri zuten arren, geldituta dago une honetan, baina edonoiz has daitezke egiten.

Hala ere, mahai gainean zeuden hainbat egitasmori bidea ixtea lortu da lege berriarekin: Urbil, Oassa (Errekalden), Belartza 2…

Leave a Reply

Your email address will not be published.