Norberak ekiteko bultzada

Norberak ekiteko bultzada

Eider Goenaga

Donostia 2016 fundazioak iazko martxoan jarri zuen martxan Energia Olatuak izeneko diru laguntza egitasmoa, eta hurrengo astean erabaki eta jakinaraziko dituzte 2016. urteko lehenengo laguntzak, urtarrilari dagozkionak. 2015ean 66 kultur egitasmo lagundu zituzten, eta 2016an beste 55 proiektu hautatzea da asmoa.

“Herritarrei ekiteko aukera ematea, horixe da Energia Olatuak egitasmoaren filosofia. Gertuago dago do it yourself filosofiatik, Donostia 2016ri egindako ekarpen bat izatetik baino”, azaldu du Mikel Goñi Energia Olatuak egitasmoko arduradunak (Tolosa, 1975). Kultur hiriburutza hasi baino ia urtebete lehenago jarri zuten abian laguntza programa, askorentzat Donostia 2016 abstraktu samarra zen garaian: “Eta, honekin, ukigarriak eta objektiboak ziren egitasmoak laguntzen hasi ginen”.

Jende asko joaten zitzaien Donostia 2016ko bulegora laguntza txikiak eskatzera, euren proposamenak aurkeztera… “Proiektu horietako asko oso ondo ezkontzen ziren gure filosofiarekin, eta oso interesgarriak ziren. Baina, tamalez, egitaraua nahiko itxita eta definitua zegoen ordurako”. Herritar parte hartzaileak eta aktiboak behar zirela hainbatetan aipatu ondoren, ordea, ezin jende horri guztiari ateak itxi eta lasai gelditu. Proposamen horiekin zer egin aztertzen hasi ziren Donostia 2016 fundazioan.

2014an Europako kultur hiriburu izandako Umea hirian topatu zuten inportatzeko moduko eredu bat. “Haiek diru laguntza txiki batzuk banatu zituzten, eta ekimen interesgarria iruditu zitzaigun, baina guk gurera egokitu genuen egitasmo hura. Pentsatu genuen, proiektuak eta proposamenak herritarrenak izateaz gain, herritarrak izan zitezkeela zein proiektu diruz lagundu erabakiko zutenak ere. Eta halaxe sortu ziren Energia Olatuak”.

Hala, Energia Olatuak kultur proiektu bat gauzatu nahi duen edonorentzako diru laguntzak dira, “kultura bere zentzu zabalenean ulertuta”. Olatu Txikiak (2.016 euro) zein Olatu Handiak (20.160 euro) banatzen dira; eta diruz lagunduko diren egitasmoen gaineko erabakia hartzen duena Ardora izeneko herritarren batzorde bat da.

Herritarren erabakia

Hain zuzen ere, Ardora da egitasmo honek daukan elementu berritzaileenetako bat. Modu aleatorioan eta zozketa bidez aukeratutako herritar talde batek osatzen du Ardora. Donostian sei hilabetetik gora erroldatutako 18 urtez gorako herritar guztiak sartzen dira zozketan, eta 25 bat kidek osatzen dute taldea. Hiru hilabetean behin aldatzen dira Ardorako kideak, beste 25 herritarri lekua egiteko.

“Buelta asko eman genizkion herritarren batzorde hau osatzeko moduari, baina asmatu genuela iruditzen zait”, nabarmendu du Goñik. Aztertu zuten hiriko elkarteetako kideekin osatzea taldea, baina horrek jende asko utziko zuen kanpoan; aztertu zuten erabakia Internet bidez egitea ere, baina horrek sarean lagun gehien duen egitasmoari egin ziezaiokeen mesede. “Zozketak taldea askotarikoa izatea eragin du. Badago erroldatuta sei hilabete daramatzan argentinar bat, eta baita bizi osoan Donostian bizi izandako 60 urteko pertsona bat ere. Adin nagusiagokoak ere badira. Zozketa bidez egin beharrean boluntarioak eskatu izan balira, ia seguru nago argentinar etorri berria ez zela bere kabuz aurkeztuko; eta adin nagusiko asko ere ez ziren etorriko”.

Aniztasun hori erabakiak hartzeko garaian aberasgarria dela uste du Goñik. “Mota askotako esperientzia duen jendea da; kirol federazio batean hogei urtez egindako ibilbidea izan liteke baten ekarpena, literaturzaletasuna eta adinak berak ematen duen esperientzia dira beste baten ekarpena, eta 18 urteko gazte batek halako freskotasun bat ematen dio taldeari, eta agian baita beste askori teknologia arloan falta zaien ezagutza ere”. 25 laguneko taldea izanik, oreka lortzen dela uste du Goñik.

Anjel Jimenez (Donostia, 1957) da Ardoran orain arte aritu diren 75 herritarretako bat. Hiru bider parte hartu du Energia Olatuak egitasmoaren hautaketa prozesuan, eta “gustura” egindako lana izan dela nabarmendu du. Goñik aipatutakoaren bidetik, bere taldea “oso plurala” zela nabarmendu du Jimenezek, baina hori ez zen aitzakia edo oztopo izan erabakiak hartzeko garaian. “Azken finean, pertsona ezberdinak izan arren, gustu ezberdinak izan arren, irizpide antzeko samarrak ditugula ikusten da, edota gehiengoak hobesten duenari men egitea ez dela hain zaila. Besteengan konfiantza pixka bat izanda… beste guztiei gustatuz gero, ez naiz ni temati jarriko neurearekin”.

Batez beste, zozketan aukeratutako herritarren %8-10ek soilik ematen diote baiezkoa Ardoran parte hartzeari. “Eta normala da, izan ere, erantzukizun, konpromiso eta lan handia da”, esan du Goñik. 2015ean 620 egitasmo aurkeztu ziren diru laguntzetara, eta guzti-guztiak aztertu zituzten Ardorako kideek, irizpide administratiboak betetzen ez zituzten egitasmo gutxi batzuk kenduta. “Lan handia egiten dute etxean, erabakia hartzeko batzarra egin aurretik”.

Adostasuna

Jimenezek honela azaldu du egindako lana: “Bakoitzari proiektu sorta bat bidali ziguten posta elektronikoz, eta Donostia2016k ezarritako helburu eta irizpideen arabera balortu behar genituen”. Diru laguntza deialdian bertan zehazten dira zeintzuk diren ezaugarri horiek; Olatu Txikietarako horietako bi bete behar dira gutxienez, eta Olatu Handietarako, berriz, hiru. “Egun batzuetan etxean proposamenak aztertu, eta gero bileran erabakitzen dira proiektuak”. Erabakitzeko fasea “oso polita” iruditzen zaio Jimenezi. “Jende oso ezberdina izan arren oso erraz hitz egin dugulako elkarrekin, eta beti iritsi gara irabazlea adostera, kasu guztietan. Giro atsegin eta interesgarria sortu da”.

Goñik nabarmendu du “inolako esku hartzerik gabe” hartzen dutela erabakia. “Argi dugu helburua herritarrek erabakitzea dela; beraz, ez ditugu baldintzatu nahi, eta gutako bat bileran egoten den arren, gure esku hartzea gehiago da irizpide teknikoak argitzeko”. Bestetik, eztabaida bideratzeko eta erabakian laguntzeko, Aztikerreko kideak daude.

Ardoran izandako esperientziaren “balorazio ona” egiten du Jimenezek. “Ona litzateke erabakitzeko eredu hau beste esparru batzuetara zabaltzea: udaleko lehentasunak zehazteko, auzoetako gastuak bideratzeko… Interesgarria izan da”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.