Danel Agirre
Inguruko auzoetako espaloien kartografia osatu ahal genuke, milimetrokako eskalan, saltxitxa txakurron bidaideok. Tripontzi konpultsiboak dira diseinu bitxiko gure adiskideak, eta zangoen laburrari esker, muturra zorura itsatsita eraman ahal dute beti. Uhalaren beste aldean goazenok erne ibili ezean, xurgagailua martxan ipini eta edozer irensten dute. Kebab zatiak, ogi koskorrak eta pizza muturrak saihestearekin arduratuta —Mitte benetan dago zerri—, lurrari so pasatu ditut azken bi urteetako ehunka pasealdi. Zeharka, izurrite baten demaseko neurriaz jabetu naiz: sekula inork erretiratuko ez dituen milioika zigarrokin daude bazterretan.
Trinkotutako harearekin betetako hatz baten zabalerako zirrikituak ditu hemen oinezkoen galtzadak. Zoladura osatzen duten sei bat zentimetroko granitozko harri koskorrak banantzen dituzte (Bernburger Mosaik deitzen diote bi mendeetan aldatu ez den txantiloiari). Oinetakoen zolek zeharo inkrustatuta laga dituzten zigarro-puntez josita daude aipatu hutsuneok: ausazko metro koadro bat aukeratu, eta hamabost zenbatu berri ditut. Kale-garbitzaileek badituzte pintza bereziak, hondakin amorragarri horiek jasotzeko apropos asmatuak. Sisiforen lantegia da, ordea, hiriaren hedadura ezin besarkatuzkoak eragozten du bilketa operazio oro.
Mitologiako elementurik misteriotsuenetakoak dira zigarrokinak jasotzeko erabiltzen ei diren osagarri eta konpartimentu bereziak. Inork ez du sekula erretzaile bat tabakoaren kondarrak patrikara sartzen ikusi, baina are zailagoa da axolagabe edonon botatzen dituena aitortuko duen urde zintzoren bat topatzea. Astebete ez dela, jatetxe atarian ondo merezitako Winstonari zuku guztia atera, eta soberakina alboko estoldara botatzen ari zen zerbitzaria atzeman nuen. Atzamarrekin egindako keinu gorrotagarri horrekin; badakizu zein. Espantuka hartu nion kargu errepidearen beste aldetik, aldeko penaltia adierazten ez dioten bakoitzean Cristiano Ronaldok errepikatu ohi dituen moduko imintzioekin. Maniakoa banintz bezala begiratu zidan italiar itxurako morroiak, eta sorbaldak altxatu zituen, nire arazoa zein ote zen galdezka. Zigarroaren zupada eta jaurtiketa imitatu nizkionean, ezer ez ulertzearen keinuarekin erantzun zidan berak, Sarduiren bideoa sakelakora iritsitakoan guztioi geratu zitzaigun aurpegiaren antzekoarekin. Amore eman eta nire bideari jarraitu nion.
Gizatalde batekiko kontu-garbitzea irudi lezake oraindaino testu honek, baina ez tronpatu. Erretzaileen zabarkeriarena norbanakoen endekapen etikoaren erakusle ñimiñoa baino ez da. Helburu onbera abstraktuekin lerratu bai, baina gure eguneroko jardun onartezinak aldatzeari —zaborra, zergak eta beste guztiak— erresistentzia numantziarra diogu, gripearen txertoari iseka egiteko mutatzen den birusaren gisara. Patatak frijitu eta inor begira ez badago olioa komunetik behera botatzen segitzen duten gizagaixoak gara, finean.
“Nireak ez du askorik axola, goikoei begiratu beharra dago” desenkusa patetikoarekin zuritu ohi ditugu gure miseriak. Gora bakarrik begiratzea zinez da arriskutsua, baina ez da saltxitxa txakurrik behar hori jakiteko. Pasealdi hezean barraskilo bat zapaltzea eragin lezake, adibidez. Eta ez dago munduan beste halabeharrik, bat bakarra ere ez, barraskilo bat zapaltzearen atsekabe infinitua eragiten duenik.
Leave a Reply