Unai Zubeldia
Uralita berdezko estalpe bat, oholtza txiki bat, koloretako bonbillak, eta trikiti soinua. Horixe da Aristerrazu. “Trikiti eta pandero jotzaileen santutegia”, zehaztu dute trikitilariek eurek. “Gure kultur ondarearen parte da”, gaineratu du Agurtzane Elustondok, Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko lehendakariak. “Oso leku berezia da. Eskola bat izan da guretzat, primerako unibertsitatea”.
Etzi hasiko da erromeria denboraldia Aiako Andatza auzoko plaza berezi horretan —Izer eta Alabier trikitilariak ariko dira lehen igandean—, eta ia-ia igandero izango da jaialdia, 2020ko ekainera arte. Arkaitz Allur eta Maddalen Arzallus igoko dira oholtzara urriaren 27an, eta Elizagoien Ahizpak azaroaren 1ean. Inguruko hainbat auzotan jaiak izaki, geldialdi txiki bat egingo dute gero, eta azaroaren 24an itzuliko da iganderoko erromeria giroa Aristerrazura.
“Garai batean, baserriko mandio zaharrean egiten genituen erromeriak”, ekarri du gogora Juan Mari Azkuek, Andatzako Erromeri Elkarteko kideak. “Eta nik 14-15 urte nituela jaitsi ginen atarira”, duela 45 bat urte, “jendea dantzan hasten zenean mandioa ez zelako batere segurua; dezenteko balantza izaten zen han goian”. Azkuek azaldu du “bertako gazteak” ibiltzen zirela orduan erromeria giroan, “mutilak gehienak”. Eta gerora hasi zirela inguratzen “neska gazteak. Bai dantzara eta bai oholtzara”. Igandero-igandero, trikitilari bikotea edo hirukotea izaten zen orduan ere. “[Faustino Azpiazu] Sakabi, [Joxe Mari Urbieta] Egañazpi… Horiek ibiltzen ziren gehien lehen urte haietan, eta gantxo handia zeukan [Iñaki Garmendia] Lajak ere. Hura ekartzeko eskatzen ziguten beti bertako gazteek. Ondoren, gazteek txapela pasatuta biltzen zen trikitilariei eman beharreko dirua”.
“Konplizitate handia”
Dena borondate hutsarekin ezin zela egin jabetuta, ordea, “duela 25 bat urte” sortu zuten Andatzako Erromeri Elkartea. Azkue bera, Joxe Alkain eta Martxel Antza aritu ziren lehen lan haiek egiten. Ordurako mugimendu handi samarra sortuta zegoen Martin Aginaldek Villabona-Amasan zeukan trikiti eskolan. “Eta oso harreman polita sortu zen; hark laguntzen zigun iganderoko bikoteak zehazten. Pena ematen zion Aristerrazu galtzeak, eta ahalegin handia egin zuen plaza honi eusteko. Lajarekin batera, Martin etorriko zen gehien hona”, azaldu du Azkuek.
Pauso sendo haiei esker igaro dira plaza hartatik hainbat eta hainbat trikitilari, eta Elustondok gogoan ditu horietako batzuk. “Landakanda; Martin eta Imanol; Tapia eta Leturia; Kepa, Zabaleta eta Mutriku; Epelde; Imuntzo; Gozategi… Bertatik bertara ikusten genituen denak, halakoxea baita Aristerrazu, oso gertukoa”. Elustondo 1990 inguruan aritu zen lehen aldiz plaza horretan. “Ordutik urtero-urtero jo izan dut pare bat aldiz, eta hortik etorri zitzaigun grabazio estudio batean sartzeko lehen aukera ere, Aristerrazu da plaza diskoan parte hartzeko aukera eman baitziguten, beste hainbatekin batera”.
Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko lehendakariak azpimarratu du Aristerrazura joaten diren zaleek “oso barrutik” bizitzen dutela erromeria giro hori: “Bi norabideko konplizitatea sortzen da plazan. Oso maitatua sentitzen da musikaria, eta talde lan bihurtzen da erromeria bakoitza”. Alde horretatik, Aristerrazu “aurreko belaunaldiei oinordetzan hartutako errealitate bat” dela uste du Elustondok, “belaunaldi berriei transmititu beharrekoa”.
Hori bai, Maixa Lizarribar soinu jotzaileak aitortu du beretzat “errespetu handia sortzen duen plaza bat” dela Aristerrazukoa. “Trikitilari askok esan izan dute horixe dela plazarik onena, ohorea dela han jotzea, baina errespeturik handiena sortzen duena da niretzat; gehiegizkoa ere bai, agian. Oso plaza gogorra da”. Lizarribarrek harreman berezia izan du oholtza horrekin, “trikitilariak gehien kritikatzen diren plaza izan delako betidanik. Gustura joan izan naiz, baina egiten duzun hori entzuleak gustuko ez badu…”. Bereziki gogoan dauka Ixiar Orejarekin han egin zuen lehenengo emanaldia, 1988koa. “Hasiberritan, umeak ginen artean, eta desastre hutsa izan zen”.
1987ko inaugurazio jaialdia
Urtebete lehenago inauguratu zuten gaur egun trikitilarien omenez jarrita dagoen oroigarriaren ondoko plaza, eta guztiek goratu dute orduan antolatu zuten jaialdia. Tapia eta Leturia, Martin eta Imanol, Laja eta Landakanda, Epelde eta Iturbide, eta Kepa Junkera, Mutriku eta Zabaleta izan zirela azaldu du Azkuek. “Eta baita Peñagarikano eta Azpillaga bertsolariak ere. Gerora, ETBrekin ere egin izan ditugu hiruzpalau grabazio, 1997koa bereziena”.
Belaunaldiz belaunaldi, ohiturak aldatuz joaten dira beti, “eta, diskotekek-eta eraginda”, Aristerrazuko giroa ere urte batzuetan “beheraka” joan zela aitortu du Azkuek. “Bakar antzera sentitu ginen urte batzuetan, baina egoerari buelta ematea lortu genuen, zorionez”. Horretan nabarmen lagundu zuen ordutegi aldaketak. Gaztetxoei lekukoa hartuta, lehen 21:30 aldera hasten zen erromeria. “Eta, amaitzerako, etxerako bidean izaten ziren asko”.
Trikitilariek eurek hala eskatuta — Josu Arrizabalaga Izer tartean—, erromeria 18:30ean hastea erabaki zuten 2008an. “Eta lehen igandetik nabaritu zen aldea. Askoz jende gehiago inguratzen hasi zen, eta gerora giro on horri eustea lortu du plazak”. Izerrek argi utzi du “proba bat” besterik ez zela izan ordu aldaketarena. “Baina erdiz erdi asmatu genuen”. Laja eta Narbaiza eta Izer eta Alabier izan ziren lehen saio hartan. “Eta jende asko inguratu zen hurrengo igandean ere; indartuta atera ginen”.
Hori bai, izan zuten ordutegiaz aparteko zalantzarik ere. “Bikoteak edo hirukoteak etortzen ziren garai batean, soinuarekin eta panderoarekin, baina, aldatuz joan zen gizartea bera, eta taldeak sartuz joan ziren pixkanaka. Zerbait gehiago erakutsi nahi izan zuten gazteetako askok”. Azkuek hitzez azaldu du horrekin sortu zen egoera: “Taldeak ekarritakoan, deseroso sentitzen ziren helduenak, ez zelako sortzen ordura arte ohituta zeuden girorik; baina gazteak ere deseroso sentitzen ziren soinu-pandero biko horrekin”. “Asmatu ezinik” igaro zituzten urte batzuk. “Baina garai bateko joera nagusitu da azkenean”, aitortu du Azkuek. “Urola Kostako gazte jendea etortzen hasi zen duela hogei bat urte; erromeria zaleak ziren haiek, eta gaur egun bikoteak edo hirukoteak izaten dira gehienak”.
Horrela hasi zen inguratzen Izer bera ere, Mikel Gorrotxategi Alabier ondoan zuela. “Gu berandu sartu ginen trikitiaren munduan, eta gogoan daukat harrituta gelditu ginela Aristerrazura iritsi ginenean. Oso leku berezia da; berrogei urte atzera egiten laguntzen du plaza horrek”. Jendearen harrera goratu du Izerrek. “Leku berri batera joan, eta eroso sentitzen zara; gustuko leku bat da”. Kuadrilla ondoan zuela, igandero Aristerrazura joateko ohitura hartu zuen Izerrek, eta “ilusioz gainezka” dago etziko lehen jaialdirako.
Xabier Berasaluze Leturia pandero jotzailearen hitzetan, Aristerrazuk ez dauka parekorik. “70eko hamarkada ekartzen dit gogora niri. 1973an hasi nintzen ni panderoa jotzen, eta dantza egitera joaten ginen gu orduan; sekulako harremanak sortzen ziren”. Laja eta Martin, Martin eta Laja, bi horiek dauzka gogoan Leturiak. “Biak ibiltzen ziren gehienean, txandaka, Iñaki Malbadi, Astiazaran, Epelarre, Kaxiano eta besteren batzuekin batera”. Hori bai, Aristerrazuk “gutxieneko dominio bat” eskatzen zuela azpimarratu du pandero jotzaileak. “Suaren proba moduko bat zen plaza hori, nolabaiteko etsamina; handik igarotzen zena prest egoten zen jada edozein bazterretan jotzeko”. Leturia 1986an hasi zen Joseba Tapiarekin Aristerrazura joan-etorriak egiten.
“Neska-mutilek elkar ezagutzea”, Leturiak onartu du hori izaten zela erromerien garai bateko funtzioetako bat, eta Azkuek gertutik ezagutu du errealitate hori. “Bikote asko sortu izan dira plaza honetan”. Hori bai, “Elizarekin-eta” arazo dezente izaten zuten elkarri helduta dantza egin behar zutenean. “Soltean hainbestean, baina helduan…”. Gaur egun, “zorionez”, aldatuta daude gauza horiek.
Ezkutuan grabatzen
Delitua preskribatuta egongo delakoan, beste aitortza bat ere egin du Leturiak: “Garai hartan ondo gordeta egoten ziren norberaren piezak, eta inork ez zuen erakutsi nahi izaten. Guk ez geneukan aukerarik beste nonbaitetik kaseteak-eta ekartzeko, eta ezkutuan grabatzea izaten zen irtenbide bakarra. Arto tartean ezkutatu eta horrela ibiltzen ginen”. Aristerrazun gogoan dauka nola igotzen ziren ganbarara. “Eta, Miarritzen irratikasetea erosita, makina bat pieza grabatutakoak gara Martini eta Lajari!”.
Urteen poderioz, Izerrek beste aldaketa bat ere nabaritu du Aristerrazun. “Trikiti jotzaileak ginen gu gazteagotan; ikustera eta entzutera joaten ginen plaza horretara, baina, gaur egun, jada, dantzan hasi dira gazte batzuk, eta mugimendu polita sortu du horrek”. Azkuek etorkizunarekin “ezinegon pixka bat” badaukan arren, Izerren ustez oso garrantzitsua da trikitiaren berezko nortasun horri eustea. “Beste inon ez dago iganderoko martxa hori, eta toki eroso eta handi bat prestatuz gero ere ez luke funtzionatuko. Aristerrazu da gure plaza. Argi dago plaza honek magia berezia daukala”.
Leave a Reply