Eider Goenaga Lizaso
Debako herrigunetik bost kilometrora dago Itziar. Ez da bide luzea, baina distantzia emozionala handiagoa dela diote Gilen Garcia Debako alkateak (EH Bildu) eta Arantza Egaña Itziarko auzo alkateak. “Distantzia hor dago, baina, hori baino gehiago, Debak eta Itziarrek nortasun ezberdinak dituztela esango nuke; landa eremua da bat, eta kostako herria bestea. Bestalde, Itziarrek Urola bailararekin egiten du muga, eta badago hara joateko joera”, dio Egañak. Administratiboki, Itziarrek tokiko administrazio txikia (auzo udala deitzen diote) dauka 2015etik, eta desanexiorako bidea itxita, deszentralizazio hori txukun gauzatzea da orain haien helburua.
Aurreko agintaldian, Debarren Ahotsa eta EAJ agintean zirela, ez zen apenas urratsik egin norabide horretan. “Are gehiago, foru aldundiaren dekretuak ezartzen dituen diru kopuruak ere ez zizkigun eman Debako Udalak, eta auzo udala aurrekonturik gabe aritu zen lanean. Eustea izan zen gure erronka, eta administrazio gisa genituen baliabideekin diru laguntzak lortzeko proiektu pila bat garatu genituen; ez da ulergarria, baina Debako udalerriak berak baino diru laguntza gehiago lortu genituen lau urte horietan”. Agintaldi osoan apenas egon zen komunikaziorik Debako Udalaren eta Itziarko auzo udalaren artean. “Pare bat bilera egin genituen agintaldi amaieran, baina aurrerapausorik gabe”.
Beldurrak eta mamuak
Egoera horri buelta eman nahi diote orain, bi aldeen arteko elkarlanean indarra jarri, eta Itziarrek eta itziartarrek dituzten eskaerei eta beharrei erantzuten saiatu. Egañak eta Garciak aro berri baten hasiera iragartzeko agerraldi publikoa egin zuten joan den astean; eta Itziarren desanexio posible baten inguruko mamuak desaktibatzeko ere bai.
Bi alkateek aipatu dituzte mamuak eta beldurrak, eta horiei buruz hitz egiteko zortzi urte egin dute atzera. “Itziarko auzo udalaren sorrerak erabat baldintzatu zuen agintaldi hura. Herriko giroa zapuztu zuen; istilutsua, gatazkatsua eta gogorra izan zen auzia”, dio Garciak.
Alternatiba zegoen garai hartan gobernuan, eta legeak Itziarren segregazioari atea itxi zionean, udal gobernua bera hasi zen beste bide bat lantzen. “Herria Sortzen taldeak hainbat urte zeramatzan segregazioa lantzen; abokatuekin, txostenekin… Azkenean, aldatu egin zen legea, eta ez zen posible izan pausoa ematea. Igeldorekin batera ibili ginen prozesua egiten, baina Igeldo sartu zen eta Itziar ez”, azaldu du Egañak.
Debako Udalak, orduan, auzo udala sortzeko proposamena jarri zuen mahai gainean. “Autonomia estatutu baten parekoa da; ez da independentzia, baina bai deszentralizazio bat”. Itziartarrek ontzat jo zuten proposamena, baina Deban bestelakoa izan zen erantzuna.
Prozesuak aurrera egin zuen; bilera bileraren atzetik, gauza guztiak ondo lotzeko, alderdi guztien babesa lortzeko. “Eta lortu zen aho batezko akordioa”, dio Egañak, “talde politiko guztietakoen babesarekin, lortu zen tokiko udal izendapenari aho bateko babesa ematea”.
Garciak dioenez, baina, tarte horretan hurrengo urteetan pisu handia izango zuen diskurtso bat zabaldu zen herrian: “Auzo udala Itziar independente egiteko bidean salto bat zela, independente egingo zela, eta lurrak eta industrialdea eramango zituela, Deba ezer gabe geldituko zela…”. Itziar auzoarenak dira Debako lurren %93 inguru, eta industria ere Itziarren dago. “Diskurtsoa betikoa den arren, agintaldi horretan [2011-2015] mamu asko haizatu zuten eta indar handia hartu zuen iritzi horrek”.
Bi plataforma sortu ziren: Itziar auzo udal izatearen kontra zegoen Gora Deba, batetik; eta deszentralizazioaren alde egiteko Itziarko eta Debako herritarrez osatutako Denon Herria, bestetik. “Muturreko jarrerak ziren: senide batzuk beste batzuekin haserre, bakoitzak hartutako jarreraren arabera; eta batez ere, gurutzea jarri zitzaien Itziarko bizilagunei eta orduko alkate Maider Zubikarairi”, azaldu du Garciak. “Itziarkoa tabu bat zen”, gehitu du Egañak. Alarde parekidearen gaiak Irunen eta Hondarribian sortutako gatazkarekin parekatu dute, nolabait, Deban gertatutakoa, nahiz eta herritik kanpo ez zuen halako oihartzunik izan.
2015eko hauteskundeetan Gora Deba taldetik sortutako Debarren Ahotsa hautagaitzak lortu zuen alkatetza, EAJk babestuta. “Itziarko auziak pisu handia izan zuen garaipen horretan. Itziarko auzia eta zaborrak izan ziren garaipenaren gakoa”, dio Garciak.
Auzo udala sortzeko dekretua, baina, jada onartua zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta udalak ere emana zion onarpena. Beraz, 2015eko hauteskundeetan auzo udala osatu eta alkatea aukeratu zuten itziartarrek: Zigor Aizpurua. Lau urtez auzo udalari eutsi dion hamabi laguneko batzordea osatu zuten Itziarren, eta aurreko agintaldian horko kidea izan zen Arantza Egaña. Aurtengo maiatzaren 26an, berriz, alkate izendatu zuten.
Beldurra gainditzeko garaia
Debako udal gobernuan, berriz, aldaketa ekarri zuten hauteskundeek; EH Bilduk irabazi zuen, eta, EAJk ez zuenez Debarren Ahotsaren alde egin, Gilen Garcia aukeratu zuten alkate. Lau hilabeteotan lanean aritu dira alkate biak, aurreko agintaldian blokeatuta egondako auziari irtenbidea bilatu nahian. “Kanpainan esan genuen gai honekin sortu zena mamu bat zela, oinarri sendorik gabeko kontu bat zela, eta garaia zela beldur hori gainditzeko eta elkarrekin lanean hasteko”, azaldu du Garciak.
Aurreko lau urteetan egin ez den horri ekingo diote orain, eta lan handia dute egiteko. “Eskumen batzuk ditu Itziarko Udalak, eskubide eta betebehar batzuk, eta horiek betetzen ditugula esango nuke. Baina Debako Udalak ere baditu gurekiko betebehar batzuk, ekonomikoak ez ezik, baita langileen kontratazioari dagozkionak ere, Itziarrek ez baitu eskumenik inor kontratatzeko”. Adibide gisa, Itziarri kudeatzaile bat izatea dagokio, baina Debak inor kontratatu ez duenez, kanpoko zerbitzu gisa kontratatu dute auzo udalaren kudeaketa daraman enpresa bat. Debarenak dira herri lanak egiten dituzten langileak ere. “Kasu horretan, ikusi beharko da guk langile bat behar dugun, edo nahikoa den Debako Udaleko langileak Itziarrera astean hainbat orduz etortzea. Hori eta gehiago daukagu hitz egitekoen artean”.
Egañaren arabera, hitzarmen bat egin eta aurrera begirako kudeaketa nolakoa izango den erabaki beharko dute Debako Udalaren eta Itziarko auzo udalaren artean. Pozik dago, ordea, Debako Udalari borondatea ikusten diolako auziari konponbidea emateko.
Gogotsu hitz egiten du Garciak. “Debako alkatea naizen neurrian, itziartarren alkatea ere banaiz. Nire ardura eta betebeharra da haien beharrei eta eskaerei erantzutea”. 32 urte ditu Garciak, eta dioenez bere txikitako oroitzapenetatik iltzatuta ditu itziartarren eskaerak, “gehienetan erantzun gabe gelditzen zirenak”. Gogoan du, esaterako, Itziartik Debarako autobusa jarri zutenekoa. “Pentsa, Debako auzoa izan arren, eta zerbitzu guztiak hemen zeuden arren, ordu arte ez zeukaten autobusik ere Debara etortzeko”.
Itziarren lortutako zerbitzuak asko kostata lortutakoak izan direla esan du Debako alkateak, eta horrek, historikoki, indarra eman diola itziartarren aldarrikapenari. Egoera hori aldatu nahi dute orain, eta itziartarrek Debatik independente egiteko beharrik ez izatea da hori lortzeko hautatu duten bidea, haien eskaerei eta beharrei erantzunez, deszentralizazioaren bidez, eta auzotarrei auzoa egiten utziz. “Kontu identitario eta emozionalak aparte utzita, uste dut antzeko irakurketa egin daitekeela munduan, Europan eta estatuan dauden nazioekin. Identitateak, kulturak, hizkuntzak eta abar errespetatuko balira, arazoen laurdenak izango lirateke. Adibidez, Katalunian bere garaian estatutua onartu izan balute, ez ginateke gaur gauden tokian egongo. Eta berdin Itziarren; beraiek esaten badute auzoak zerbait behar duela, nik zergatik esan behar dut kontrakoa? Errespetatu egin beharko dut beraiek esaten dutena”.
Orain, “normaltasunaren bidea” elkarrekin egiten hasi behar dute Itziarrek eta Debak. “Orain hasiko gara benetako politika egiten, eseriz eta hitz eginez”, esan du Garciak. Ildo horretan, atzo bertan egin zuten Debako Udalaren eta Itziarko auzo udalaren arteko agintaldiko lehen koordinazio bilera. Talde horretan, bi entitateetako ordezkariez gain, alderdietako ordezkariak ere badaude. Koordinazio batzorde horri maiztasun bat eman nahi diote aurrerantzean. “Batzordeak berak erabaki beharko du zein maiztasunekin elkartuko den, baina proposamena izango da hilean gutxienez behin biltzea, eta hasieran, behar bada, gehiago”. Aurretik lan handia dutela aitortu arren, sintonia antzematen da alkate bien artean, elkarlanerako gogoa eta akordioetara heltzeko borondatea.
Leave a Reply