Eider Goenaga Lizaso
Tradizioaren interpretazio gaurkotua egiten du Oihane Pardok (Donostia, 1986) bere jantziekin. 2016ko irailean Kaikua izan zen Amarenak markari hasiera eman zion jantzia, baina beste hainbat jantzitan oinarritutako diseinuak egin ditu ordutik. Bere diseinuekin agertu da elkarrizketara. Gona gorria darama, batetik, eta burukoa daraman XVI. mendeko euskal emakumea irudikatzen du kamisetako ilustrazioak.
Donostiako Moda Astean parte hartu berri duzu. Zer moduz joan zen desfilea?
Lan handia eskatzen du aurrez, baina ondo irten zen. Kutxa Kultur Moda programako zortzi diseinatzailek parte hartu genuen joan den ostiralean Balentziaga museoko desfilean, eta harrera ona izan zuen nik aurkeztutakoak. Jendeak ulertu zuen diseinuen atzean zer dagoen, eta eskaerak ere izan nituen. Gustura nago, beraz.
Halako desfile batean parte hartu duzun lehen aldia da?
Aldundiko Ingurumen Sailak urtero antolatzen ditu Moda Iraunkorraren Jardunaldiak, eta horietan parte hartu izan dut, baina Balentziaga museoko lehen aldia izan da. Berezia da bertan desfilatzea; errespetua ematen du.
Zuentzat garrantzitsuak dira desfileak?
Gure lana erakusteko aukera bat da, eta harremanak egiteko modu bat eta neurgailu bat ere bai: jendeari gustatzen zaion ala ez, eskatzen duten ala ez… Eta garrantzitsua da, modaren mundua ezagutzen duen jendea biltzen delako, eta haiek badakitelako aurkeztutakoaren atzean dagoena baloratzen: ikerketa lana, kalitatezko oihal organiko eta birziklatuak erabiltzea, bertan josia izatea…
Urtaroka egiten dituzu zure bildumak?
Nik proiektuka egiten dut lan batez ere, urtaroka baino gehiago. Euskal ondarearekin zerikusia duen eta istorio polit bat kontatzeko aukera ematen didan elementuren bat topatu, eta hortik abiatuta egiten ditut diseinuak. Adibidez, aurreko udako lanak eraman nituen ostiraleko desfilera: XVI. mendeko ohazaletan egiten ziren brodatuak berreskuratuz eginiko jantziak. Brodatu horien atzean dagoen istorioa kontatzen ahalegindu nintzen.
Behin-behineko modak gainditzeko xedea dute zure jantziek?
Amarenak-en filosofiaren parte da iraunkortasuna, eta naturalak eta kalitatezkoak dira erabiltzen ditugun oihal guztiak. Arropak iraun egiten du kalitate horri esker. Diseinuari dagokionez, inspirazioa beti tradiziozko gauzetatik datorrenez, eta, Oteizak esaten zuen bezala, lokala dena globala denez, momentuko moda gainditzen dute.
Arkitektura ikasi zenuen, baina kaiku batek moda diseinatzaile izatera eraman zintuen…
Beti gustatu izan zait moda, eta niretzako arropa egitea ere bai. Janzteko gauza bereziak bilatu izan ditut beti, eta halako batean amonaren kaiku bat iritsi zen nire eskuetara. Jaka moduan erabiltzen nuen nire egunerokoan, eta ez San Tomas egunean bakarrik. Dotorea iruditzen zitzaidan, erosoa eta arina, baina, aldi berean, goxoa eta beroa. Krisi ekonomikoa hasi zen ikasketak amaitzean, eta kaikua nirekin eraman nuen atzerrira. Hain berezia eta denboragabea da, ezen jendearen arreta erakartzen baitu. Kaikuari buruz galdetzen zidaten, eta horrek aitzakia ematen zidan nire herriari buruz hitz egiteko, istorio bat kontatzeko.
Eta jantzien bidez istorioak kontatzea erabaki zenuen…
Kontua da hondatzen hasi zela amonaren kaikua, eta beste baten bila hasi nintzenean ez nuela berdinik topatu. Zeudenak ez ziren amonarena bezain eroso eta arinak, ez ziren hain ondo gelditzen. Eta bat jostea erabaki nuen. Arrakasta izan zuen: jendeak galdetu egiten zidan non erosi nuen, eta lagunek eta senideek eurentzat bat egiteko eskatzen zidaten. Donostiako Sustapenak egindako programa batek eman zidan atzerritik etxera itzultzeko aukera. Ideiaren bat zuten gazteei sei hilabetez ideia hori garatzeko laguntza ematen zitzaien, eta hautatu egin ninduten.
Horrela sortu zen Amarenak?
Bai. Arkitekto gisa topatzen nituen lanak ez zitzaizkidala gustatzen ikusi nuen, eta, aldi berean, Amarenak forma hartzen ari zen.
Nola lortu zenuen hori finantzatzeko modua?
Foru aldundiaren Meta programari esker. Finantzaketa kolektibo bidez, herritarrek jartzen zuten diru kopuru bera jartzen du aldundiak, eta horrek lagundu zidan aurrera egiten. Aldi berean, balio izan zidan jendeari nire proiektua gustatzen zitzaiola ikusteko eta lehenengo bezeroak lortzeko.
Nolako bezeroak dituzu?
Bi profil daudela esango nuke. Batetik, bertako jendea dago. Bere garaian kaiku bat izan duena edo kaikua jaka dotorea iruditzen zaiona; kaikurik inoiz ezagutu ez duen jendea ere badago, kaikua gustatu eta bere herrikoa den zerbait eraman nahi duena, bereizgarri izango den jaka bat nahi duena. Bestetik, atzerritarrak daude; bisitan etortzen dira, gure diseinuak ezagutu eta herri hau oroitarazten dien eta erabilgarria den zerbait eraman nahi dute.
Ez dituzu kaikuak bakarrik egiten, ordea.
Jaka arratiarra da gure beste diseinuetako bat; kaikuaren ondoren egin genuena. Arratiako haranean gizonezkoek ezkontzeko eramaten zuten jaka da. Guk Bilboko euskal museoan aurkitu genuen pieza bat, oso egoera delikatuan dagoena. “Nola egon daiteke hemen ia inork ezagutzen ez duen jaka eder hau?”, pentsatu nuen, eta horrela sortu zen modelo hau.
Euskal jantzi tradizionalak berrinterpretatzen jarraitu nahi duzu aurrerantzean ere?
Berritu ala hil. Tradizionalak diren gauzak ezin dira beti modu berean egin, egokitu egin behar dira, eta niretzat garrantzitsua da jantziak berritzea eta erabilgarri egitea. Debako abarkagile baten abarkak ere erabili genituen desfilerako, baina diseinu berritzaile batekin. Hori da gauza hauek bizirik mantentzeko bidea.
Arropa merke erosi eta maiz aldatzea da egungo joera. Zure jantziak ez dira merkeak. Baduzu merkaturik?
Garestia eta merkea… Erlatiboa da hori. Kontua ez da gurea ez dela merkea; bestea da merkeegia. Bertako oihalak erabiltzen ditut, bertako artisauei erosten diet, bertako jostunekin aritzen naiz… Arazoa da ez zaiola baliorik ematen erosten duzun horren eragin sozialari eta ekologikoari, hori ez dela prezioan islatzen. Islatuko balitz, arropa merke horiek lirateke garestiak, eta gureak, merkeak. Zorionez, esan behar dut gure bezeroek ematen diotela balioa gure lanari. Dena den, nik ulertzen dut gaur egun ez dela posible denok bertako moda iraunkorra eramatea, eta armairua horrela betetzea; ni naiz lehenengoa. Baina uste dut handitzen ari dela gutxiago erosteko eta erositakoa kalitatezkoa eta balio batzuen araberakoa izateko kontzientzia.
Leave a Reply