Eneritz Maiz Etxarri
Lau urte pasatu dira Amezketako Albizuri Handi harria plazan ikusi gabe. Bihar, harri baldar hori udaletxeko bere txokotik atera, eta Albizuri Handi Txapelketa jokatuko dute Amezketan. 17:00etan hasiko da zortzi harri-jasotzaileren arteko lehia hori, Larrunarri pilotalekuan. Jokin Eizmendi, Gorka Etxeberria, Aimar Galarraga, Imanol Illarramendi Kortaberri, Aimar Irigoien, Xabier Peñagarikano Peña, Beñat Telleria Telleria IV.a eta Josu Urbieta izango dira parte hartzaileak.
Txapelketa egunera arte ez dute ukitu harririk, eta inork ez du izan aukerarik probarik egiteko. Hamar minutuko txanda izango du bakoitzak, eta eskuak eta jantziak garbi izan beharko dituzte. Ikuskizunaz gozatu nahi duenak bihar bertan 15 euro ordaindu beharko du sarrera. Amezketako Udalak antolatzen du txapelketa, eta 1.300 euroko saria dago irabazlearentzat.
Joxe Mari Otermin herriko semeak idatzia du Amezketa herri kirolzale baten memoriak liburua, eta, pilota nagusi den herri horretan, Albizuri Handi harriak badu pisua: “Harri batek, handia izateko, kiloez gain, elezahar asko eta kontu bitxiak behar ditu bere inguruan, eta Amezketakoak badu hori”. Amezketako harri berezi hori, berez, Nafarroako Intza herritik eramandakoa dela azaldu du Oterminek, nahiz eta elezaharren batek Amezketako errekatik hartua izan zela ere badioen: “Ez gaude seguru, baina nik errezeloa daukat lehendabiziko gerra karlista amaitu zenean-edo etorritakoa dela harri hori, 1880 inguruan. Paperetan horrela azaltzen da”.
Herri pilotazalea da Amezketa. “Eta harri hau pilotarekin lotuta dago berez. Gustatuko litzaidake Amezketara joaten direnek harriari ondo begiratzea. Ohartuko dira alde bat borobildua duela, eta bestea, berriz, erabat laua dela. Sakea ateratzeko modukoa da”. Oterminek ziurtzat ematen du Intzako herritarrek harri horrekin luzean edo laxoan jokatuko zutela garai hartan. “Sakea ateratzeko harria da Albizuri Harria. Boteharria edo sakarria ere esaten zaio”.
“Intzako jendeak hala esaten omen zuen: ‘Ez da munduan amaren semerik harri hau jasoko duenik'”. Horiek artzainen arteko kontuak izango direla kontatu du Oterminek, eta amezketar batzuk joan egin zirela harria ikustera. Batzuek ez dutela jasoko esatea nahikoa da apusturako bidea sortzeko. “Eta sare horretan erori ziren nafarrak. Apustua egin zuten: jasotzen baldin badu, harria bera etxera eraman ahal izango du, eta, horrez gain, baita urrezko hontza bat ere”.
Apustuaren eguna iristean, nafarrek harria lokatzarekin zikinduta jarri zioten amezketarrari. Harria heltzeko modu txarrean jarri bazioten ere, arazo handirik gabe jaso zuen Joxe Mari Zuriarrainek, Albizuri Handi ezizenez ezaguna zenak. Harria Amezketara horregatik eraman zutela azaldu du Oterminek. “Historia sinesgarria da”, azpimarratzen du. Albizuri baserrira eraman zuen harria Zuriarrainek, eta han egon zen 1947ra arte.
Inazio Eizmendi Manterola Basarri bertsolariak eragina izan zuen Albizuri Handi harria hauspotzeko. Ez da urtero egiten den txapelketa bat; 1947. urtean dago jasoa lehen plazaratzea. San Bartolome festetan atera zuten harria plazara, eta bertan ziren hiru harri-jasotzaileek ez zuten lortu jasotzerik: “Errezeloa daukat bertan izan zela Basarri, eta euskal jokoetara oso emana zen hura. Gero, udazkenerako, Basarrik eta La Voz de España-k txapelketa bat antolatu zuten, eta hamar indartsu elkartu zituzten”, azaldu du Oterminek. Orduan ere inork ez zuen lortu harri baldarra bizkarreratzerik. “Eta horrek areagotu egin zuen harriaren ospea eta elezaharra”. 1947ko urriaren 19an inoizko betekadarik handiena izan zuen Amezketako plazak.
Goenatxo II.aren marka
Egun gutxi geroago, azaroaren 30ean, eta udalak antolatuta, Santos Iriarte Errekartetxo azpeitiarrak egin zuen altxatzeko ahalegina, eta baita jaso ere: “Amezketaren historian oso famatua da Errekartetxoren egun hori. Diru asko jokatu zuen jendeak, eta herriko erretorea izan zen diru asko galdu zutenetako bat”, zehaztu du Oterminek.
1951n, Luis Atxegak 11 jasoaldi eman zizkion harriari; 1977an, hamahiru eman zizkion Iñaki Perurenak; eta, 1990ean, hamalauna Iñaki Otegi Gibitegi-k eta Juan Jose Unanue Goenatxo II.a-k. Goenatxo II.ak berak 1996an jarri zuen une honetan indarrean den marka: hamabost jasoaldi eman zizkion hamar minutuan. Saio berean, hamabi eman zizkion Mieltxo Saralegik. Harri-jasotzaile askok probatu du harria, baina jasoaldi gutxiagorekin konformatu behar izan dute denek.
Markak hor daude, eta apustu edo harri baldarren zaleek bihar ikusi ahal izango dute zortzi harri-jasotzaileak zertarako gai diren.
Leave a Reply