Miriam Luki
Elena Tuduri tolosarra (1893-1979) pedagogoa izan zen, eta etnografia ikerlanak egin zituen. Unibertsitateko irakaslea izan zen Madril, Guadalajara eta Toledoko Escuela Normal zeritzen irakasle eskoletan. Emaztea eta bost seme-alabaren ama izan zen. Tuduriren historia izan liteke ohikoa, baina ez da. Ez zen ohikoa haren garaian, XX. mendearen lehen hamarraldietan, eta, oraindik ere, ezin esan ohikoa denik. Tudurik goi mailako ikasketak egin zituen emakumezko gehienei aukera hori ukatzen zitzaien aroan. Landa lana egin zuen, Kodak argazki kamera bat lepoan, halakoetan apenas emakumerik aritzen zen garaian.
Aitzitik, 1920an, argitaratu gabe geratu zen ikasketa amaierako ikerketa lana, gizonezko ikerlari askoren lanetan haren aipuak jasota dauden arren. Emilio Latorre bilobak (Tolosa, 1961) lana bibliografiaz eta oin oharrez biribildu zuen, eta argitara eman zuen orain bi urte. Latorrek amonaren berri zabaltzen du harrezkero, hitzaldi bidez; hilaren 21ean izango da hurrengoa, Legazpin, Burdinola elkarteak antolatuta.
Latorrek amona ez zuen ezagutu andre ikerlari aitzindari gisa, ahanzturaren gaitzak jota zegoen amona gisa baizik. Tuduriren ikerlana berreskuratzeko hainbat motibazio izan zituen:”Anaia gazteenek eta lehengusuek amona nor izan zen jakin zezaten nahi nuen, gure ondorengoak amonak egindakoaren garrantziaz jabe zitezen”. Tolosan familia ezaguna izanda ere, tolosar gutxik zuten Tuduriren berri. Baina Latorrerentzat garrantzitsua zen amonaren memoria berreskuratzea eta hark egindako lana zabaltzea. Helburu horiek guztiak bete zituen orain bi urte El traje y otros asuntos etnograficos ikerlana autoekoitzi eta argitaratu zuenean.
Madrilgo Goi Mailako Irakasle Eskolan ikasten ari zela, irakasle batek ikasketa amaierako lan moduan ikerlan etnografikoak egiteko proposatu zien ikasleei. Jatorri anitzekoak ziren ikasleak eta bakoitzak bere sorterrian egin zuen ikerketa. Tudurik euskal jantzien gaia aukeratu zuen. “Izan ere, garaiko neskatilei joste eta oihal kontuen gaineko heziketa eskaintzen zitzaien”.
Amonak egindako lana haren Madrilgo etxeko liburutegian aurkitu zuen Latorrek. “Aurkitu nuenerako, ez zegoen amonarekin hitz egiterik. Uste dut alzheimerra zuela, nahiz eta artean gaitzari ez zitzaion izen hori ematen”. Latorreri asko gustatu zitzaion ikerlana, baina tiradera batean gorde zuen, inoiz zer edo zer egiteko asmoz. Bazekien lanaren hiru kopia zeudela. “Ikasle haien guztien ikerlan gehienak desagertu egin ziren 36ko gerraren ondorioz”.
Latorrek gerora heldu zion proiektu horri, industria arloko lanak utzi zizkion tarteetan. Etxean zuten kopia Madrilgo Jantzien Museoan zegoenarekin alderatu zuen, eta osoena eurek zutena zela frogatu zuen behin edizio lanari heldu zionean. “Gure kopian amonak ateratako argazki guztiak zeuden; beste kopian ez”.
Ikerlanaren muina
Edizio lana, batik bat, ikerlanari oin oharrak eta aipuak gehitzea izan zen, eta baita, neurri batean, testua gaurkotzea ere. Pasioz azaldu du Latorrek amonaren ikerlanaren muina. Bi atal ditu: lehenengoa, teorikoagoa, eta bigarrena, landa lanak emandakoaren emaitza. Antropologia eta etnografia ikerlanetan gertatu ohi den bezala, jantzien azterketak garai hartako bizimoduaren berri ematen du, eta hala jaso zituen Tudurik, besteak beste, XIX. mende amaierako eta XX. mende hasierako euskal nekazaritza eremuko ezkontzen eta heriotzen nolakotasunak.
Lanaren helburua izan zen ebaztea ea historian jarraipena zuen euskal traje jakin bat ote zegoen. “Ezetz ondorioztatu zuen; ezaugarri jakin batzuk egon bazeudela, baina jantzi zehatzik ez”. Euskal jantzia, gainera, lana egiteko jantzia zen. Emakumeen burukoa, esate baterako, euskal jantzien ezaugarria zen, eta haien bitartez jakin zitekeen ezkondutako andreak ala ezkongaiak ziren. Abarkak, halaber, euskal jantzien osagarri zehatzak ziren, eta oinak hotzetik babesteko oihal zatiekin egindako galtzerdi modukoak ere bai. Tudurik Goierrin, Tolosaldean eta Arratian (Bizkaia) egin zuen bere landa lana. “Kanpoko kutsadura gutxien zuten eskualdetzat jo zituen horiek”.
Heriotza oihalak
Lanaren bigarren atalean, jantziez gain, baserrietako kutxetan aurkitutako oihal piezak aztertu zituen. Kutxatan, esaterako, belaunaldiz belaunaldi igarotako heriotza oihalak aurkitu zituen. Ohazalak, edredoi modukoak, kutxetan gordetzen ziren beste oihal altxorrekin batera. Ohazalak andreen arreoaren pieza garrantzitsuenak ziren, ohearekin batera. Bi oihal pieza horien bidez, heriotzen eta ezkontzen errituak azaldu zituen ikerlanean. Heriotzaren inguruko errituak “oso bitxiak” zirela dio Latorrek. “Eskaintzak egiten ziren elizetan; hala nola argizaiolak, kandelak eta ganadua. Eskaintzak familia bakoitzaren ahalmen ekonomikoaren araberakoak izaten ziren”.
Ezkontzek bizpahiru egun irauten zuten nekazaritza eremuetan. Goizean goiz ezkondu, eta baserriz baserri joaten ziren; baserri bakoitzean edatekoak eta mokadutxoa eskaintzen zieten, “eta edukazio txarrekoa zen ez onartzea”. Finean, euskal jantzien bitartez, XIX. mendearen amaieran eta XX.aren hasieran euskal nekazaritza eremuetako bizimodua jaso zuen Tudurik. Egindako lanaren balioa, desagertzear zegoen munduaren erretratuan datza. “Euskal jantziaren erabilera desagertzen ari zen, eta hiritarrak, folklorearekin, berreskuratzen hasi ziren”.
Arlo horretako gizonezkoek Tuduriren ikerlana aipatu zuten euren lanetan, baina ahanzturan geratuko zen bilobak berreskuratu ez balu. “Gizona izan balitz, haren ikerlana, zalantzarik gabe, aspaldi zegokeen argitaratua”.
Leave a Reply