Miren Garate
Beterri-Buruntza inguruan bazuten aurrez ere Koopfabrika zerbitzua, ekintzailetza sozial eta kooperatiboa sustatzeko. Hari esker sortzen diren egitasmo ekonomikoek, gainera, Iturola elkarlangunean kokatzeko aukera dute, eta inkubaziorako beharrezko zerbitzuak jasotzen dituzte. Era horretan sortu diren nahiz Iturolatik kanpo eskualdeko beste leku batzuetan dauden hamar enpresaren artean ekonomia sozial eraldatzailearen bueltan sare eraginkor bat lortzeko ahaleginari ekin zioten iaz. Aurten, berriz, lehen proiektua jarri dute martxan: Beterri Saretuz izena du, eta enpresa parte hartzaileen ekosistema bat sortzea du helburu. Beterri-Buruntza Udalak-en babes teknikoa eta aldundiaren finantzaketa ditu. Ainhoa Iribar Lizeaga da sustatzaileetako bat (Donostia, 1987).
Beterri Saretuz proiektuaren lehen urratsa partaidetza oinarri duten enpresen ekosistema bat sortzea da. Zergatik aukeratu duzue langileen partaidetza lehentasun gisa?
Enpresen jabetza eredua da sistema ekonomikoaren elementurik garrantzitsuena, jarduera ekonomikoaren helburuak finkatzen dituena. Bestetik, ekonomia demokratizatzea ezinbestekoa da jendartearen demokratizazioan sakondu nahi badugu. Hirugarrenik, jakinekoa da langileriaren eta komunitatearen partaidetza dela enpresen deslokalizazioa eta desindustrializazioa ekiditeko modurik eraginkorrena. Horregatik uste dugu langileen parte hartzea sustatzea dela dugun erronka nagusia, kapitalean duten partaidetza, batez ere.
Jardunaldi batzuk egin zenituzten azaroaren 7an, eta partaidetza sustatzeko urratsak jada eginda dituzten bost enpresak beren esperientziak kontatu zituzten (Talleres Mitxelena, Argia, Fagor Luzuriaga, Katea Legaia eta Ta Puntu). Noiz esan daiteke enpresa bat parte hartzailea dela?
Parte hartzeaz ari garenean, lau eremu nabarmendu ditugu: kapitala, erabakiak, emaitzak eta lurraldea. Edonola ere, GEZKI Institutuko zuzendari Aitor Bengoetxeak argi azaldu zuen bezala, kapitalaren jabetza da gainontzeko eremuetan parte hartu ahal izateko ezinbesteko faktorea, eta, horregatik, aztertu genituen bost kasuak ekonomia sozialeko esperientziak izan ziren. Eredu horrek bermatzen du langileek kapitalaren jabetza dutela, eta, gure ustez, ekonomia sozial eta eraldatzailea da erronka ekonomikoei irtenbide justu, jasangarri eta demokratikoak bilatzeko eredurik egokiena.
Badago lekukotza horietatik nabarmenduko zenukeen zerbait?
Bai, jabetza dela gainontzeko eremuetan parte hartzea ahalbidetzen duen faktorerik garrantzitsuena. Lurraldeko sareak, egiturak edo ekosistemak sortzeak duen garrantzia ere argi gelditu zen: alde batetik, prozesu kolektiboak ahalbidetzen dituztelako, eta, horrez gain, enpresa mota horien arteko harremanak sustatzen eta jabetza kolektiboan eta demokrazian oinarritzen den egitura ekonomiko bat hedatzen, indartzen eta ikusgarri bihurtzen laguntzen dutelako.
Zeinek osatu behar dute ekosistema hori?
Enpresei ez ezik, eskualdeko Lanbide Heziketako zentroei, ekintzaileei, elkarlanerako tokiei eta Beterri-Buruntza Udalak-eko teknikari publikoei ere egin zaie parte izateko gonbita. Ekosistemaren helburua da eskualdean sortzen diren enpresa gehienak partaidetzan oinarritzea, eta horretarako ezinbestekoa da ekonomiaren sustapenean dihardugun eragile guztien artean osatutako ekosistemak existitzea, eta harreman sare horren bidez jakintzak, baliabideak, prozesuak eta helburuak partekatzea.
Pentsa genezake langileak enpresako erabakietan parte hartzeko gogoz egoten direla, baina hala da?
Ez dago orokortasunez hitz egiterik. Jabetza da giltzarria: zurea ez den enpresa batean zertarako hartuko duzu parte? Eta zurea den enpresa batean, nola ez duzu parte hartuko?
Gaiari buruzko interesik ikusten duzue inguruan?
Interes handia piztu zuten jardunaldiek. 50 pertsona inguru bildu ginen: partaidetzan oinarritzen diren enpresa nagusietako ordezkariak, Lanbide Heziketako enpresa irakasleak, coworking-erako lantokietako ordezkariak eta Beterri-Buruntza Udalak-eko teknikariak. Lau orduko saio bat izan zen, eta hasieratik bukaerara gogoz entzun eta parte hartu zuten guztiek.
Zein dira hurrengo urratsak?
Jardunaldietan, partaide guztiei partaidetzaren gako nagusiak identifikatzeko fitxa bat eman zitzaien, eta bueltan eman behar ziguten bukaeran. Hala, ikusi genuen zer gako nagusi dituzten partaidetza enpresek eragile horientzat. Hurrengo pausoa eragile horiekin biltzea izango da, gako nagusiak kontrastatzeko. Behin-behineko edukiak prestatu ondoren, ekosistemako partaide bakoitzak zer euskarri behar dituen ikusiko dugu: adibidez, zer baliabide behar dituzten Lanbide Heziketako irakasleek beren ikasleei partaidetza zer den azaldu ahal izateko. Horretarako, bigarren jardunaldi bat egingo dugu otsail aldera, eta eragile guztiak gonbidatuko ditugu. Azkenik, apiril bukaeran, ekosistemako eragile bakoitzarentzat sortuko ditugun euskarriak jendaurrean aurkeztuko ditugu, eta ekosistema osatzeko adostu beharreko funtzio eta betebeharrak finkatuko ditugu, datorren ikasturtetik aurrera ekosistema honek funtzionatzeko behar duen egituraren nondik norakoa definitzen hasteko.
Leave a Reply