Iñaki Gurrutxaga
Mugikortasuna. Bizia. Indarra. Industria. Innobazioa. Goierri. Gipuzkoa. Globala. Hitz joko horretatik sortutako emaitza da Mubizing, Goierriko Mugikortasun eta Energia Kongresua. Datorren astean, hilaren 28an eta 29an, egingo dute Beasaingo Igartza jauregian, Goierri Valleyk antolatuta eta Gipuzkoako Foru Aldundiak lagunduta. Elkarteko enpresen arteko loturak sortzean eta berrikuntza sustatzean dago foroaren ernamuina, eta hainbat helburu ditu: mugikortasun eta energia sektoreetako errealitatea eta joerak ezagutzea, enpresen negozio ereduak egokitzearen inguruan hausnartzea, eta elkarteko enpresek eskaintzen dituzten lan merkatuko aukerak eta enpresa horien eta start up-en eskaintza ezagutzea. Horrez gain, talentuari ere plaza eman nahi diote, ikasleei eta profesionalei giza baliabideetarako departamentuekin lotura zuzena izateko aukera ematearekin bat.
Goieki garapen agentziak azken urteotan egindako bi azterketa daude kongresuaren oinarrian, Xabier Perez Goiekiko Industria arloko teknikariak esan duenez: “Goierriko energia-balio katea aztertu genuen orain bi-hiru urte. Sektore estrategikoa da, bai guretzat bai etorkizunari begira. Ikusi genuen enpresa asko ari zirela sektore horretan lanean, handiak nahiz txikiak, bakoitza bere ekarpena eginez”.
Iaz eta aurtengo urte hasieran gauza bera egin dute mugikortasunaren eta elektromugikortasunaren inguruan. Eta antzeko ondorioa atera dute: “Ikusi dugu potentzial handia daukagula. Ondo posizionatutako enpresa handiak ditugu Goierrin, eta horientzat eta sektorearentzat lanean ari diren hainbat enpresa txiki ere bai”. Ondorio horietatik abiatuta bururatu zitzaien kongresua sortzea: “Batetik, Goierri Valley marka posizionatu nahi dugu; bestetik, sektoreari erakutsi enpresa bakoitzean zer egiten den”.
Goierri Valley orain bi urte sortu zen 33 enpresaren elkarlanetik, eta gaur egun 68 bazkide ditu. 4.100 milioi eurotik gorako fakturazioa du, 7.600 langiletik gora eskualdean, eta atzerriko 67 herrialdetan presentzia. “Bi urteotan lan asko egin da, nahiz eta lan hori guztia ez den azaleratu. Hori dena azaldu nahi diegu herritarrei, enpresei eta erakundeei kongresu honen bidez. Aurrera begira aukera asko ikusten ditugu proiektuak elkarlanean garatzeko”, nabarmendu du Goiekiko kudeatzaile Iker Galparsorok.
Bi erreferenteren hitzartzea
Erakundeen lehen harreraren ondoren, mugikortasunaren alorrean erreferente diren Irizar eta CAF enpresetako ordezkari bana izango dira hitza hartzen lehenak, datorren ostegun goizean. Egun horretan emango duen hitzaldiaren laburpena egin du Irizarko Joxean Etxebestek. “Mugikortasunaren eremu zabal horretan, eta gizarte aldaketa orokor baten ondorioz, arazo eta erronka ikaragarri batzuk dauzkagu aurretik. Egoera orokor horrek irtenbide berriak eskatzen ditu, iraultza bat esan daiteke, paradigma aldaketa bat, eta horri erantzuteko etxeko lan handiak ditugu denok: administrazioek, unibertsitateek, zentro teknologikoek, ikerketa zentroek, enpresok eta pertsonok, denok”.
Irizarrek 130 urtetik gora daramatza “garraio kolektiboaren” arloan, eta paradigma berri honetan ondo kokatuta dago: “Garbitasun aldetik nabariak dira garraio kolektiboak indibidualarekiko dituen onurak. Segurtasun aldetik, ezbehar kopurua oso-oso txikia da, eta erabilera eta irisgarritasun aldetik erantzun zabala ematen dugu. Dauzkagun mugikortasun erronkei aurre egiteko erantzun asko ematen ditu garraio kolektiboak”.
CAFeko Aitor Imaz bat dator Etxebestek egoera orokorrari buruz egin duen irakurketarekin. “Iraultza” aipatu du hark ere, eta etorkizuneko mugikortasun erronkei aurre egiteko teknologian oinarritutako lau ildo nabaritzen ditu: elektromugikortasuna, ibilgailu motak, automatizazio prozesuak eta digitalizazioa. “Errekuntza motorrari alternatiba bilatu behar zaio, zero igorpenak helburu hartuta. Nola lortu efizienteago izatea. Ibilgailu automatikoagoak ere badauzkagu, eta elektronika horren aplikazioa gero eta nabarmenagoa da. Azken urteetako metro proiektuen %70 automatikoak izateko eskatzen digute. Distantzia motzetarako bai, baina nola eraman hori distantzia luzeetara? Eta garraio prozesu horretan sortzen den informazioaren esplotazioak eman diezagukeen negozioa dago digitalizazioarekin lotuta”. Intermodalitatea da CAFen beste erronka.
Kongresuak energia erronken inguruko jardunaldiarekin jarraituko du arratsaldean, eta talentuari eskainiko diote ostiral goiza. Irekiak dira saio guztiak.
Leave a Reply