Unai Zubeldia
Ez da solidaritate keinu soil bat, eta ez da etxeko gauzak beste bati bideratzeko prozesu huts bat. Truke ariketa bat da, gauzei beste bizitza bat emateko ahalegin bat”. Amaia Otazo Kutxa Ekoguneko Kontsumo eta Ohitura jasangarri eta solidarioen arduradunak azaldu duen moduan, Kutxa Ekoguneak, laugarren urtez, Trukegune Sarea jarri du martxan aurten, lehen aldiz, Gipuzkoako hamar udalerrirekin batera. Joan den larunbatean ekin zioten proiektuari, eta urtarrilaren 7ra arte egongo da martxan.
Kutxa Fundazioak haur parke bat dauka Kutxa Ekogunean, Donostian. “Eta negu partean haur asko etortzen da parkera, jolasteko gune polita delako. Haur horiek Gabonak opari berriekin lotzen zituztela ikusi genuen, gauzak jasotzeko momentu horrekin lotzen zituzten; eta opari horiek zenbat eta distiratsuagoak eta mekanikoagoak izan, orduan eta hobeto”. Otazok azaldu duenez, errealitate hori aztertuta, duela lau urte sortu zen Trukegunearen ideia, “haur horiei erakusteko Gabonetakoa gauzak trukatzeko garai ona izan zitekeela, eta euren gauzak beste haur batzuei eskainiz eta beste haur batzuen gauzak jasoz espero baino askoz gehiago gozatuko zutela”.
Hari horri tiraka sortu zuten Trukegune Sarea. “Jostailu trukegunea bakarrik zen hasieran”, zehaztu du Otazok. “Haurrei bideratutakoa”. Baina, hiru urteko ibilbidearen ondoren, urte guztian beste hainbat objektu trukatzeko aukera zabaldu dute parkean bertan. “Eta, lehen aldiz, Gipuzkoako hamar udalerrik ere bat egin dute proiektuarekin, herritar horiek trukerako beste gune batzuk izan ditzaten”. Hain zuzen ere, Otazoren hitzetan, garrantzitsua da gune horiek “herritarrengandik gertu” egotea. Udalerri guztiei egin zieten proposamena. “Eta hamarrek egin dute bat azkenean. Baina nahi duten guztiek zabalik dauzkate ateak, noski”. Andoain, Beasain, Errenteria, Legazpi, Oiartzun, Oñati, Ordizia, Tolosa, Villabona-Amasa eta Zumaiak egin dute bat Kutxa Ekogunearen proposamenarekin.
“Kontsumo arduratsua eta birziklatzea sustatzeko” trukean oinarritutako esperientzia horretan umea proiektuaren parte izan dadin nahi dute sustatzaileek. “Garrantzitsua da umeek parte hartzea, kontua ez baita haurrei Gabonetan bigarren eskuko opariak egitea bakarrik; egitasmo hori oso polita izan daiteke bere horretan, baina haurrek proiektua beren gauzak elkarren artean trukatzeko esperientzia gisa uler dezaten nahi dugu”. Otazok horregatik eskatu du haurrak alde batean ez uzteko. “Izan daitezela prozesuaren beste agente bat, etxean ikus dezatela zer erabiltzeari utzi dioten eta zeri emango lioketen beste bizitza bat”.
Hainbat elkarte elkarlanean
Urteotako esperientziak indarra eman die proiektuaren sustatzaileei. “Gurera behin baino gehiagotan etortzen dira haur asko, eta oso polita da bertatik bertara bizitzea zer ilusio sentitzen duten aurretik zerbait utzi badute eta eurak doazen egunean jostailu hori eurek utzitako lekuan ez badago”. Neurri berean, Otazok azpimarratu du beste haurren batek utzitako objekturen bat jasotzean ere “elkarrizketa politak” sortzen direla. “‘Zeinena ote zen?’, ‘Zergatik utzi ote du?’… Galdera asko egiten dituzte haurrek, eta oso ziklo polita izaten da”.
Errenteriako eta Andoaingo Gurutze Gorriak, Legazpiko Garagunek eta Domingo Agirre ikastetxeak, Oñatiko Ixutu Begixak elkarteak eta Zumaiako Errefuxiatuen Harrera Taldeak ere parte hartuko dute prozesuan. Eta, urtarrilaren 7an, Trukegune Sarea amaitu ondoren, irabazi asmorik gabeko hainbat elkarteri bideratuko dizkiete jaso gabe gelditu diren jostailu eta objektuak.
Leave a Reply