Miren Garate
Urriaren 29an Andoainen gertatutako istripuak jarri du mahai gainean autobusen segurtasunaren gaia. Egun horretan, Tolosako Laskorain ikastolako ikasleek lineako autobusa hartu zuten Donostiara joateko, Ekonomia ikasgaiari lotutako bisita bat egin behar zutelako hiriburuan. Guztientzat ez zegoenez eserita joateko lekurik, zutik ekin zioten bideari batzuek. Andoainen, kamioi bat aurreratzen hasi zen autobusa, eta atzeko atearen ondoan zutik zihoan ikasleetako bati gainera etorri zitzaizkion beste hainbat lagun. Apurtu egin zen kristala, eta errepidera erori zen 16 urteko neska. N-1era. Gidaria ez zen konturatu gertatutakoaz, eta aurrera jarraitu zuen. Gerriz gora altxatu zen neska, eta keinuen bidez gainera zetorkion kamioia geraraztea lortu zuen. Horri esker salbatu zen. Neskaren ikaskideen arabera, kili-kolo zegoen autobusaren atzeko ateko kristala, eta horregatik apurtu zen hain erraz.
Istripuaren ostean, bat baino gehiago izan dira autobus zerbitzu horren segurtasunari buruzko kezka agertu duten herritarrak. Hiru puntuk eragiten dute kexa gehien: jendeak zutik joan behar izateak, ibilgailuak zaharkituta egoteak eta gidariak presaka sumatzeak. TSST konpainiarenak dira Tolosatik Donostiara arteko ibilbidea egiten duten autobusak. Hain zuzen, hiru linea ditu konpainiak: Donostiako ospitaleetara doa horietako bat (T5 Ospitaleak izenekoa), eta Askatasunaren Hiribidera beste biak (T5 eta T5D), Errekaldetik sartuz. Iruran eta Villabonan ere hartzen dute jendea, eta T5 lineak Andoainen eta Lasarte-Orian ere bai.
Hala, erabiltzaile gehieneko orduetan, ohikoa izaten da eseritako plazak beteta egotea. “T5D linearen erabiltzaileak asko ugaritu dira azken urteetan. Eserita joateko plaza asko dituzten autobusak ere baditugun arren, normala da puntako orduetan eseritako plazak baino jende gehiago egotea”, esan du TSSTenpresako zuzendariak, eta gaineratu du ordu horietan bigarren autobus bat ere jartzen dutela, jende gehiena eserita joan ahal izateko. Hala ere, plaza erreserbatu beharrik ez dagoen zerbitzu bat izanik, gorabeherak egotea ohikoa dela dio. “Andoaingo istripuan, 58 pertsona zeramatzan autobusak, eta horietako 49 ikastetxe bateko talde batekoak ziren. Legezkoa zen guztia, baina 49 pertsona badoaz lineako autobus baten geltokira abisatu gabe, ezin gaitu harritu batzuk zutik joateak”.
Unibertsitateko ikasleak dira egunero autobusa hartzen dutenetako asko, eskualdetik EHUren Ibaetako campusera joateko garraio zerbitzurik egokiena delako. 30 kilometro inguru daude Tolosatik Donostiara, eta zati bat N-1 errepidetik egiten dute ibilgailuek, alegia, Gipuzkoan istripu gehien izaten diren errepideetako batetik. Gaur-gaurkoz, Zarauztik, Hondarribiatik eta Tolosatik Donostiara doazen autobusek, autobidetik joan arren, eraman ditzakete pertsonak zutik. TSSTko zuzendariaren esanetan, agerikoa da segurtasuna hobetu egingo litzatekeela guztiak eserita joanez gero. “Baina lege kontu bat da hori, eta agintariei dagokie erabakiak hartzea”. Istripua izan zuen autobusak, kasu, 42 lagunentzat du tokia eserita, eta beste 46 joan daitezke zutik.
Hamalau urte eta erdi ditu ibilgailu hark, eta antzeko antzinatasuna duten gehiago ere baditu enpresak. Aldundiak berak ezarritako baldintzen arabera, hamar urtean behin berritu behar dira autobusak. “Urteekin, autobusak mantentzearen kostua asko handitzen da. Gu flota berritzeko desiatzen gaude”, esan du TSSTk. Esleipenak zazpi urte daramatzala iraungita gogoratu du. Ordutik, lau lehiaketa atera ditu diputazioak, baina hiru bertan behera utzi ditu amaitu aurretik. Laugarrena martxan dago. “Baina hilabete asko daramatza geldirik, eta guri inork ez digu azaldu zergatik”. Lehiaketa bat irekita dagoenean, enpresek ezin izaten dute autobusik erosi. Izan ere, baldintzetan jartzen du zein autobus pasatuko diren subrogatuta. “Hala ere, autobusak egoera onean mantentzen dira, eta IATa sei hilabetean behin pasatzen dute. Lehen egunean bezain seguruak dira ibilgailuak. Kristala apurtzea ez dago antzinatasunaren mende”.
Istripuaren arrazoiez galdetuta, oraindik ez dutela Ertzaintzaren txostenik jaso esan du enpresak. “Eskura dugun informazioaren arabera, autobusa egoera bikainean zegoen. Istripua izan zuen neska ateetako baten kristalaren kontra zihoan. Momentu batean kristala apurtu egin zen, eta bidaiaria heldulekurik gabe geratu zen. Kontua da homologazio guztiak betetzen zituen kristal hori zergatik apurtu zen”. Enpresaren arabera, beira tenplatuzkoak dira ateak, araudiak hala agintzen duelako. “Beira tenplatuak erabat hausten dira kolpe zorrotz batekin, ez da behar indar handirik hausteko”. Istripua izan eta egun gutxira, berriro ere martxan zen autobus berbera, beste kristal batekin.
Diputazioak zer esango
TSSTko zuzendariak aipatu bezala, Tolosa eta Buruntzaldea Donostiarekin lotzen dituen zerbitzua erabat eraldatzeko asmoa du diputazioak, eta zerbitzua esleitzeko lehiaketa martxan dago. TSST, Garayar eta HASA enpresek ematen dute gaur egun zerbitzu hori, eta, aurrerantzean, linea guztiak enpresa bakar baten esku geratzea da asmoa. 2018ko abuztuan argitaratu zituen lehiaketako baldintzak aldundiak, eta dagoeneko irekita daude enpresek aurkeztutako proposamenen gutunazalak ere —uztailean egin zuten hori—. Proposamen horiek puntuatzea eta esleipena egitea falta da. “Prozesua martxan dagoenez, enpresek ezin dute ez langileen baldintzarik hobetu, ez autobus berririk ekarri”, kontatu du June Arrieta LABeko Garraio arduradunak ere. Gaur-gaurkoz, enpresak “eskuak lotuta” dituela dio, edozein inbertsio egiteko diputazioaren baimena behar duelako, eta lehiaketa martxan egonik, ez liokeelako emango.
Autobusetako gidariek elkarretaratze bat egin zuten joan den ostiralean aldundiaren aurrean, LABek deituta. Izan ere, sindikatu horren iritziz, diputazioak zeresan handia du gaian. Orain arte, enpresaka egiten zituen zerbitzua emateko esleipenak. “TSSTren kasuan, 30 urte daramatzate kontzesio berririk atera gabe, eta horrek ekartzen duena da flota zahartzea, enpresak inbertsiorik ez egitea, eta abar”. Gutunazalak ireki ostean, bi hilabeterako kontratua esleituta egotea izaten da ohikoena, Arrietak gaineratu duenez. “Prozesua luzatzen ari da, eta ez dakigu zergatik. Ez dakigu zer gertatuko den”.
Kontzesioko baldintzak ikusita, ordea, baditu hainbat kezka sindikatuak. Bidaiarien segurtasuna asko hobetuko denik ez du uste. “Eskatu izan dugu autobidetik doazen autobusek ahalik eta lekurik gehien izatea eserita, baina autobusak erosteko edo daudenak moldatzeko inbertsioak egitea eskatzen du horrek, eta badirudi diputazioa ez dagoela prest inbertsio horiek egiteko”, esan du Arrietak.
Langile batzuk kalean geratzeko arriskua ere ikusten du. “Esleipenarekin langileak subrogatuko diren arren, uste dugu hogeita hamarren bat lanik gabe gera daitezkeela”. Halaber, lanean jarraituko duten gidarien egoerak sortzen dio arrangura sindikatuari. Izan ere, autobusak azkarregi ibiltzen diren kexari lotuta, egoera are gehiago oker daitekeela uste du Arrietak, kontzesio berriak leku batetik bestera iristeko denborak are gehiago jaisten baititu. Azaldu du gaur egun ere, trafikoko legeak errespetatuz gero, ia ezinezkoa dela ezarrita dauden denborak betetzea. “Baldintzetan ezarri diren denborak betetzea ezinezkoa izango da. Proiektua egin dutenek kontuan hartu behar dute autobusak direla, gelditu egiten direla, jendea hartu behar dutela, eta abar. Gure ustez, denbora horiek ez dira kontuan hartzen”.
Gidariek jasaten duten presioa nabarmendu du Arrietak. Goitik nahiz erabiltzaileen aldetik. “Askotan erabiltzaileek esaten diete berandu etorri direla, ez direla garaiz iritsiko, eta abar. Horrek presioa eragiten die”. Gidariek derrigorrezko atsedena ez dutela bermatuta gaitzesi du LABeko ordezkariak, eta ia guztiak bederatzi orduan egoten direla autobusetik jaitsi ere egin gabe. “Atsedena hartu ahal izateko, autobus eta langile gehiago behar dira. Baina linea bat egiten ari dena denbora osoan linea bat egiten ari da, eta dauden denboretan ez dago aurreikusita atsedena”.
Egoera hori orokorra dela azaldu du, Gipuzkoa osoko gidariek jasaten dutela. “Denboren arazoa eskualde guztietan dago. Tolosako kasuan, berezitasuna da autobusak dauden egoeran egotea batu zaiola horri”. Hain zuzen, Garraio publiko duin eta ziur baten alde leloarekin egin zuen LABek joan den asteko protesta. Haren bidez, langileekin biltzeko eta segurtasuna bermatzeko eskatu zion aldundiari. “Istripuaren ostean diputazioak esan zuen enpresekin eta langileekin bilduko zela, baina guk ez dugu inolako deirik jaso”.
TSSTk ere onartzen du langileek badutela presioa. “Profesional bikainak dira gure langileak, eta ahalik eta ondoen lan egiten dute. Alabaina, guztiok dakigu zenbateko trafiko arazoak dauden Donostiara sartzeko eta zein ohikoak diren istripuak N-1ean”. Enpresako zuzendariaren esanetan, hainbat proposamen egin zituzten trafikoa arintzeko, baina ez da garraio publikoak lehentasuna izateko inolako neurririk hartu. Hala, goizero ia ordu erdi egon behar izaten dute autobusek Errotaburun, auto ilaretan. “Panorama horrekin, oso zaila da autobusek joan-etorriak aurreikusitako denboran egitea. Trafikoa kontrolatzeko gunean etengabe ditugu zenbait pertsona ibilbideak zuzentzeko eta, beharrezkoa izanez gero, autobus gehiago ateratzeko, baina baldintza hauetan ez da erraza”. Gidariei horrek guztiak estresa eragiten diela gaineratu du.
Lurraldebusera jotzekotan
Urriaren amaieran gertatutako istripuak kalean zeresana eman duen arren, Luis Mari Lasa Tolosako udaltzainburuaren esanetan, Udaltzaingora ez da inor joan kexaka. “Orain pare bat urte, orduan bai, jaso genituen kexa pare bat, Tolosa-Donostia ibilbidea egiten duten hainbat autobus, herritik ateratzean, nahiko azkar joaten zirela esanez, Larramendi kaletik pasatzerakoan batik bat. Gaur egun ditugun goraguneak luzatzeko eskatu ziguten, autobusek ere abiadura murrizteko”. Enpresarekin ere jarri ziren harremanetan, eta gidariei mantsoago joateko agindua emateko eskatu zioten. “Ordutik ez dugu beste kexarik jaso”.
Xabat Laborde alkateordearen arabera, bestelakoa da egoera Villabona-Amasan. “Herritarren kexak jaso ditugu, eta kezkatu egiten gaitu egoerak, herritar pila batek erabiltzen baitu zerbitzua egunero, eta gutxieneko segurtasun neurriak izan behar ditu”. Azkenaldian “intzidentzia gehitxo” ari direla izaten iritzita, udal gobernuan aipatu izan dute Lurraldebusekin harremanetan jartzeko premia ere. Orain pare bat urte, esate baterako, pertsona bat hil zen autobus barruan erorita, eta beste istripu batean ere hamasei lagun zauritu ziren. “Ordutegiak betetzeagatik autobus horiek oso azkar ibiltzen direla eta ez direla seguruak esaten digu jendeak, eta komenigarria iruditzen zaigu Lurraldebusi herritarren kezkaren berri ematea”.
Ertzaintzak Andoaingo istripuaren atestatua helarazi arte ez duela gaiari buruz hitz egingo erantzun dio diputazioak Gipuzkoako Hitza-ri.
Leave a Reply