“Edonon moldatzen nintzen ondo, baina ezertan ez nintzen onena”

“Edonon moldatzen nintzen ondo, baina ezertan ez nintzen onena”

Asier Zaldua

Joxe Mari Iurrebasok (Urretxu, 1955) hiru aldiz irabazi zuen profesionaletan Espainiako Ziklo-kros Txapelketa (1979an, 1989an eta 1990ean), eta Espainiako Mendiko Bizikleta Txapelketa ere eskuratu zuen 1990ean. Lau urte geroago hartu zuen erretiroa, 1994an. Egun, bere seme Daneli laguntzen aritzen da ziklo-kroseko lasterketetan.

Nolatan zaletu zinen txirrindularitzara?

Urretxuko Aitxu baserrian jaio nintzen. Umetan egun guztia jolasean ematen genuen eta hala ikasi nuen bizikletan ibiltzen. Aita txirrindularitza zalea zen, eta aitonaren bizikletarekin ikasi nuen ibiltzen. Bizikleta zaharra zen, gizonezkoena esaten zitzaiona. Gorputza goiko barraren azpitik sartzen nuen ibili ahal izateko.

Aita zalea zela esan duzu…

Lasterketak ikustera eramaten gintuen aitak. 10 bat urterekin [Amelio] Mendijur zena ikusteko aukera izan nuen. 15 urterekin jada bakarrik joaten nintzen: Ormaiztegira, Beasainera… Mendijur gaztea [Nikolas], Santi Zabaleta aurten hil dena, [Agustin] Peñagarikano, [Antxon] Osinalde… Horiek ziren gure inguruko txirrindulariak. Nazio mailakoak, berriz, [Txomin] Perurena-eta. Perurena jainkoa zen guretzat.

Nolatan hasi zinen lehiatzen?

Besterik gabe, Goierri Kirol Elkartean izena eman nuen, eta Alejandro Egea zenarekin hasi nintzen entrenatzen.

Zenbat urterekin?

15ekin. Lasterketa guztiak belodromoan egiten genituen, gazte mailara pasatu arte. Pistan ondo moldatzen nintzen, baina Donostia ingurukoek pistako bizikletak izaten zituzten eta errepidekoak geneuzkan guk. Sekulakoa da aldea. Hala ere, lehen hamarretan sartzea lortzen nuen. Behin, [Juan Ignacio] Elosegik bere bizikleta utzi zidan eta itzulia bi segundo azkarrago egitea lortu nuen.

Noiz hasi zinen ziklo-krosean?

17 urterekin. Lehen bi lasterketak irabazi egin nituen. Zumaian eta Duranan izan ziren. Ondoren, entrenamendu batean, Espainiako Txapelketaren bezperan, lepauztaia hautsi nuen.

Non entrenatzen zinen?

Zerratoki batean lan egiten nuen, eta, 17:30ean lanetik irten, eta Oleta mendi aldera joaten nintzen entrenatzera. Asteburuan errepidean entrenatzen nuen, kilometro gehiago egin ahal izateko. Soldadutza dela eta, urte bat galdu nuen. Soldadutzatik itzuli nintzenean, Alejandrok animatuta, berriro hasi nintzen. Soldadutza ekainean bukatu nuen eta denboraldi amaierako lasterketetan parte hartu nuen ondoren. Postu onak lortu nituen, talderik gabe. SuperSer taldeak eurekin aritzea eskaini zidan, eta urtebete egin nuen talde hartan. Ondoren, profesional mailara pasatu nintzen Novostil taldearekin. Urte bakarra egin nuen afizionatu mailan.

Zenbat denboraldi egin zenituen profesionaletan?

Hiru. Hurrengo bi denboraldietan lasterketa solte batzuk bakarrik egin nituen, Teka taldearekin.

Zein lasterketatan parte hartu zenuen?

Guztietara bidaltzen gintuzten. Ziklo-kros denboraldia amaitu eta berehala hasten nintzen errepidean. Saccolongoko (Italia) Munduko Ziklo-kros Txapelketan parte hartu eta zortzi egunera Andaluziako Itzulian parte hartu nuen; 120 kilometro inguru egunero. Zangoetako sekulako minarekin bukatu nuen.

Zenbat itzuli handi egin zenituen?

Hiru aldiz parte hartu nuen Espainiako Vueltan, eta beste hiru aldiz Euskal Herriko Itzulian. Horietako bat Urretxun hasi zen.

Zenbat garaipen lortu zenituen?

Bakarra, 1981eko Espainiako Vueltako Jaen-Granada etapa. Goizeko sektorea izan zen, eta Granada-Sierra Nevada krono-igoera egin genuen arratsaldean. Etapa erdia irabazi nuela esaten didate batzuek, adarra jotzeko. Palmaresean ageri da, behintzat…

Nola gogoratzen duzu garaipen hura?

Etapa motza zen, 120 kilometrokoa. Ihesaldian sartu nintzen, beste lauzpabost lagunekin. Zuzendariak bakarka saiatzeko esan zidan, alde egin nuen eta ez ninduten harrapatu.

Poz handia hartuko zenuen, ezta?

Ez pentsa… Une hartan ez nion garrantzi handirik eman. Ez ziren gehiegi baloratzen halako garaipenak. Handik urte batzuetara jabetu nintzen bere balioaz. Egun sekulako balioa ematen zaio etapa bat irabazteari.

Postu onak ere lortuko zenituen…

Espainiako Vueltako beste etapa batean seigarren postua lortu nuen eta Kantabriako Itzuliko aitzin-etapan hirugarren egin nuen. Ihesaldi askotan sartzen nintzen, eta Andaluziako Itzuliko etapa batean, adibidez, helmugako zuzengunean harrapatu ninduten. Dietrich Thurau alemaniarrak irabazi zuen etapa hura.

Txirrindulari osoa zinen.

Hala da. Mendate luzeetan sufritu egiten nuen. Afizionatu mailan, Marino Lejarretarekin eta Juan Fernandezekin eta… tira. Baina profesionaletan… Aldapa motzak oso ondo gainditzen nituen, ordea. Gorpuzkerak eragin handia du horretan eta nirea egun bateko lasterketetarako zen egokia. Ez nuen izan aukerarik, ordea, atzerriko lasterketa garrantzitsuetan parte hartzeko. Tourrean ala klasiko handi batean parte hartzea eskaini izan balidate, klasiko handi batean parte hartuko nukeen; Flandriako Tourrean.

Esprintetan sartzen al zinen?

Bai. Garai hartan [Sean] Kellyk, [Guido] Bontempik… irabazten zituzten lasterketa gehienak, baina hamar lehenengoetan sartzea lortzen nuen nik. Edonon moldatzen nintzen ondo, baina ezertan ez nintzen onena. Espainiako Vueltako etapa batean 11. egin nuen eta hurrengoan 10., ihesaldietan sartuta. Gaur egun zerbait izango litzateke, baina garai hartan lasterketak ez zituzten telebistan ematen. Ihesaldietan egindako lana ez zen ikusten, eta, beraz, taldeek ere ez zieten garrantzirik ematen postu horiei.

Errepideko azken bi denboraldietan Teka talde handian aritu zinela aipatu duzu.

Lasterketa batzuk bakarrik egin nituen Tekarekin. Ez nuen parte hartu itzulietan, oso talde ona baitzuen: Marino eta Ismael Lejarreta, Felipe Yañez, [Joxe] Nazabal, [Jose Luis] Maiotz, [Klaus Peter] Thaler… 24-25 ziren taldean, eta ni ziklo-kroserako nengoen batez ere.

Ez al zenuen eskaintzarik jaso errepideko denboraldi osoa egiteko?

Bai, baina oso eskaintza eskasak izan ziren: Kelme eta Reynolds taldeek eurekin aritzea eskaini zidaten, baina ordura arte kobratzen nuena baino askoz gutxiago eskaini zidaten. Taldeak osatuta zituztela jarri zidaten aitzakia bezala. Colchon CR taldeak egun batetik bestera egin zidan eskaintza, baina errepideko txirrindularitza utzi, lanean hasi eta ziklo-krosean bakarrik aritzea erabakita nuen ordurako. 1981ean izan zen hori. Tekarekin egin nituen 1982a eta 1983a.

Errepideaz hizketan ari zara batez ere, baina ziklo-krosean lortu zenituen garaipenik handienak. Zenbat lasterketa irabazi zenituen?

Ez dut gogoratzen. Nahiz eta azken hamarkadetan David Secok eta Javier Ruiz de Larrinagak lasterketa asko irabazi dituzten, proba gehien irabazi duten euskaldunen artean nago oraindik. Urte asko pasatu dira eta ez dut gogoratzen zenbat lasterketa irabazi nituen. Baina, ahaztu gabe, [Bernard] Hinaultekin ere lehiatu nintzen ni! Binaka egiten zen Montjuiceko Igoeran, [Jordi] Fortia eta biok Hinaulten eta bere bikotekidearen aurretik gelditu ginen.

Espainiako Ziklo-kros Txapelketa hiru aldiz irabazi zenuen.

Afizionatu mailan irabazi nuenarekin, lau. Nire arerio nagusiak [Iñaki] Maiora, [Iñaki] Bijandi eta [Francisco] Sala ziren. Ondoren, [Jose Ramon] Izagirre, [Santiago] Izuzkitza eta [Iñigo] Igartua hasi ziren.

Ba al dago bereziki gogoratzen duzun lasterketarik?

Denboraldiko lehena oso polita izaten zen. Garai batean Leintz Gatzagan egiten zen. Ondoren, Intxaurrondokoa izan zen urteko lehena [Donostian]. Askotan irabazi nuen, bospasei aldiz.

Telleriartekoak, etxe ondokoa izanik, ilusio berezia egingo zizun, ezta?

Bai, baina behin bakarrik irabazi nuen. Sala-eta hobeto moldatzen ziren. Izan ere, oso zirkuitu berezia zen: hasieran dena gora eta ondoren dena behera. Nik nahiago nituen aldapa motz asko zituztenak. Aretxabaletakoa eta Igorrekoa, lehengoa, oso politak ziren.

Munduko txirrindulari onenekin lehiatu zinen.

Hamabost aldiz parte hartu nuen Munduko Txapelketan. Alemanian, Italian, Belgikan, Suitzan eta Frantzian lehiatu nintzen. Zuricheko Munduko Txapelketan [1967an] Jokin Mujika bigarren sailkatu zen gazte mailako proban, eta ni ere oso ondo ibili nintzen: hamazazpigarren egin nuen. Sailkapen onena Lanarvilyn egin nuen, Frantzian: hamabigarren postuan sailkatu nintzen. Saccolongon, Italian, bederatzigarren egin nuen, baina gaizki egin zuten sailkapena. Kaosa izan zen. Lenbeekeko zirkuitua (Belgika) historiako gogorrena izan zela esaten dute, baina Saccolongokoa gogorragoa izan zen nire ustez. Dena oinez egin genuen, helmugako zuzengunea izan ezik. Sekulako lokatza zegoen.

Noiz utzi zenuen txirrindularitza?

1994an izan zela uste dut, Espainiako Mendiko Bizikleta Txapelketa elite eta beterano mailetan irabazi ondoren. Mendiko bizikletarekin bakarrik ibiltzen naiz egun, bidegorritik beti. Errepidea oso arriskutsua da, eta adin honekin ez da egin behar tontakeriarik.

Txirrindularitza jarraitzen al duzu?

Bai, noski. Egunero ikusten ditut ziklo-kros lasterketak, Youtube bidez. Zuzenean ere lasterketa asko ikusi ditut: Belgikan, Luxenburgon… Herrialde horietan erlijio bat da ziklo-krosa.

Nola ikusten dituzu euskaldunak?

Ea [Mikel] Landak salto txiki bat ematen duen… Izagirretarrak ere [Ion eta Gorka] hor daude. Ziklo-krosari garrantzia ematen diote horiek, eta poztekoa da. Ziklo-krosak txispa mantentzen laguntzen die. Hemendik kanpo, errepideko txirrindulari askok egiten dute ziklo-krosa.

Alex Aranburu ezkiotarra Astanara joan da.

Oso albiste pozgarria da. Lana egitea tokatuko zaio, baina bere aukerak izango ditu. Datorren urtean beste koska bat igo beharko du.

Nola ikusten duzu Euskal Herriko ziklo-krosaren egoera?

Ruiz de Larrinagak utzi egin du eta mailak behera egin du. Xabier Murias da orain euskaldunik onena; nahiko ondo dabil.

Zure seme Danel ere ziklo-krosean aritzen da.

Hor dabil, lehenengo hamabosten artean. Nahiko ondo dabil. 23 urtez azpikoen mailan lehiatu zen Debabarrena taldearekin. Txirrindularitza utzi zuen, baina iaz berriro hasi zen. Gustura dabil bera, eta ni ere bai, nahiz eta lan pixka bat ematen duen: bizikletak prestatu, garbitu…

Leave a Reply

Your email address will not be published.