Rebeka Ruiz
Gipuzkoako beste hainbat herritan bezala, Errenteriako Orereta ikastolak egitarau oparoa osatu du abenduaren 2tik 5era, Euskararen Egunaren harira: (H)arian euskararen astea. Askotariko jarduerak ondu dituzte ikastetxeko arduradunek, musika, bertsolaritza, literatura eta beste hamaika diziplinarekin lotuta. Horien guztien artean, hezkuntza zentroak elkartasun afari musikatu bat antolatu du azken egunerako, Anje Duhalderen eskutik.
Zubiak Eraikiz proiektua dago Errenteriako egitasmoaren oinarrian, eta abenduaren 5eko afari musikatuarekin Biriatuko, Hendaiako, Urruñako eta Ziburuko ikastolak laguntzea da Orereta ikastolaren erronka; horretara bideratuko dute jaialdi horretan biltzen duten dirua. Luzatu Esku(h)ara izena jarri zioten 2017ko abenduko lehen elkartasun proiektuari, Luzatu eskua hara eta Luzatu eskuara leloekin hitz jokoa eginda; Benito Lertxundik eman zuen kontzertua orduan, eta haren segida izango da abenduaren 5ekoa. “Hitzordu hunkigarria” izan zen lehenengo hura; batetik, proiektuaren helburu solidarioagatik, eta, bestetik, oriotarrak 27 urte zeramatzalako Errenterian kontzerturik eskaini gabe.
Luzatu Esku(h)ara-k bigarren pausoa emanda, Arrangoitzeko (Lapurdi) musikariak Oriokoari lekukoa hartuko dio aurten. Anje Duhaldek ibilbide luzea egin du Euskal Herriko oholtzetan, bere doinuak han-hemenka zabalduz lau haizeetara, eta herritar ugariren belarriak goxatu ditu urte guztiotan. Hala, lapurtarraren musika aditzeko gogoz daudenek aukera izango dute hurrengo ostegunean. Lehenik eta behin, Euskal Parrilla taldeak afari bat eskainiko die musikazaleei, 21:00etan hasita: entsalada, oilaskoa eta saiheskia plantxan, postrea eta kafea. Afaldu ondoren, Anje Duhaldek 22:15 inguruan ekingo dio Merkatuzar gunea girotzeari. Laurehun lagunentzako lekua dago Merkatuzarren, eta txartelak 30 euroan daude salgai Errenteriako Xenpelar kultur dendan, ikastolako bulegoetan edo www.oreretaikastola.eus webgunean.
Harremanak sortuz
Euskal Herria banatzen duten hiru administrazioek eragindako muga administratiboez gain, banaketa horrek sortutako muga psikologikoak gainditzea izan zen Orereta ikastolak egindako hasierako gogoeta, Leire Arrizabala komunikazio arduradunak azaldu duenez. “Oreretan, gertutasun geografikoagatik-edo, gune estrategiko batean gaudela esan dezakegu, bai Nafarroara, bai Ipar Euskal Herrira begira”, zehaztu du. Gogoeta horretatik abiatuta, ikastolen artean zubiak eraikitzea planteatu zuten.
Biriatuko, Hendaiako, Urruñako, Ziburuko eta Errenteriako ikastolek osatzen dute Zubiak Eraikiz egitasmoa. Kilometro gutxiren bueltan dauden ikastetxe horien arteko harremana sendotzea, hainbat pedagogiatatik ikastea, haurrek ikastaroen funtzionamendu ezberdinak ezagutzea eta lagunak egitea izan ziren hasierako lan ildoak edo helburu nagusiak. “Are gehiago, ikasleek istorio eta historia pixka bat ezagutzea nahi genuen, baina beste modu batean ezagutzea”, gaineratu du komunikazio arduradunak. Bestalde, Orereta ikastolaren ikuspuntutik beste xede bat ere bazegoela azaldu du Agirrezabalak: “Ipar Euskal Herriko ikastolei gure sostengua eta babesa ematea”.
Hasierako hartu-emana horrela sortu zen, eta, denbora igaro ahala, harremana gorpuztuz joan zen, beste jarduera jakin batzuei heltzea erabaki zuten arte. Hari hartatik tiraka jaio zen Luzatu Esku(h)ara Ipar Euskal Herriko ikastola horiei sostengu ekonomikoa emateko egitasmoa. Ipar Euskal Herriko ikastolen egoera ekonomikoa zailduz eta gordinduz joan da azken urteotan, eta Errenteriatik Ipar Euskal Herriko ikastoletako guraso horiek egin beharreko gastua arintzen laguntzen dute horrelako egitasmoekin diru laguntza lortuta.
Bost ikastolen arteko bisitak edo txangoak, elkarrekin ekoitzitako bideoak, ikasturte bukaeran bertako familiekin igarotzen duten gaua, taldeen arteko lankidetza eta beste hamaika ekintzak sortutako harremanak “konplizitatea” izan du emaitza nagusi, Agirrezabalaren iritziz. Komunikazio arduradunak honela definituko luke, hitz bakar batean, urteen poderioz guztien artean sortu den hartu-emana. “Badakigu guk orain dela urte batzuk bizi izan genuen egoera berean daudela gaur egun beste batzuk, eta, aurrera egin daitekeela badakigulako, eskatzen duen ahalegina ezagutzen dugulako, eta, aldi berean, helburuak bete daitezkeela jakin badakigulako saiatzen gara hartu-eman hori estutzen”. Horregatik guztiagatik, uste du arduradunak konplizitate hitza dela sortu den harremana definitzeko modurik egokiena.
Leave a Reply