Pintxoak, turistak erakartzeko amua

Euskal Herriko gastronomiak turista ugari erakartzen dituela maiz entzuten da komunikabideetan, eta hori baliatzen saiatzen ari dira Hondarribiko Ostalaritza Elkarteko kideak ere. Pintxoen kultura sustatzen baino gehiago “hiria bera” ezagutzera ematen saiatzen ari direla azaldu du Juancar Aierbe ostalaritza elkarteko eta Euskal Herriko Pintxo Txapelketako antolakuntzako kideak. “Ez gara ari pintxoen kultura sustatzen, hiriaren irudia pintxoen eta hainbat jardueren bidez hedatzen baizik”, esan du.

Helburua turistak erakartzea dela aitortu du Aierbek. “Gure erakargarritasunetako bat gastronomia da, eta, gure kasuan, sukaldari dinamikoak eta komunikatiboak ditugu”, azaldu du. Gainera, Hondarribiak gastronomia eta ostatu eskaintza zabala duela dio: “Gustu eta maila guztientzako eskaintza da”.

Hala, inguruko herrien aldean desberdintzen duen faktorea eskaintza bera dela iritzi dio ostalaritza elkarteko kideak. Izan ere, “Irun eta Errenteriaren moduko inguruko hiriekin eduki dezakeen desberdintasunetako bat hori bera izan daiteke; haiek ere badute eskaintza gastronomiko bat, baina ez da Hondarribikoa bezain zabala eta kalitatezkoa”, adierazi du.

Gastromomia eskaintzaz gain, “hiria bera eta ingurua erakargarriak” direla aitortu du Aierbek, eta hori bera “oso lagungarria” dela.

Pintxo txapelketa nagusi

Hondarribiko Ostalaritza Elkarteak hamaika jarduera antolatzen ditu urtean; tartean daude Uztartzeko Jardunaldiak, Idiazabalgo Gaztaren Lehiaketa, Hondarribia Itsaso Zapore jardunaldiak… Hala ere, jende askorentzat Euskal Herriko Pintxo Txapelketa gailentzen da jarduera guztien artean.

Aurtengo ekitaldiarekin zazpi dira jadanik, eta tankera horretako lehiaketen artean “erreferente” bihurtu dela uste du Aierbek. “Batetik, meritua sukaldariena da, baina, bestetik, erabat sustraitutako ohitura da pintxoena, gastronomiaz gozatzeko modu berezia baita”.

Horiek horrela, lehiaketak Euskal Herriko pintxo sukaldaririk “onenak” biltzen dituela adierazi du Aierbek. Izan ere, lehiakortasun handiko norgehiagoka da haren aburuz, baina pintxoena “norberak bere buruaren aurka duen lehiakortasuna” dela zehaztu du.