Danel Agirre
Azkenean lortu dut jendea bi kategoria moraletan —balekoa eta ez-balekoa— sailkatzeko prozedura arin eta sinplifikatua asmatzea. Orain arte erabiltzen nuen sistema kaos bat zen, bihurri eta arbitrarioegia, eta norbait gorrotatu ala ez deliberatzeak esfortzu handiegia eskatzen zidan. Eszentrikoaren plantak egiteko, modu ankerrean osatu nuen nire aurreiritzien corpus amaigabea: Behobia korritu, Kirmen Uribe irakurri edo lumazko txalekoa janzteak ez du pertsona bat ergel bilakatzen, baina nik hala kategorizatu ohi nuen. Horregatik, garatu berri dudan metodo inpartzial, enpiriko eta hutsik gabeko hau urrats oso garrantzitsua da niretzat. Heldutasunera ailegatu naizen irudipena dut.
Hona hemen: aurrerantzean, etxeko komuna garbitzen duten horiek baino ez ditut errespetatuko. Gizateria bitan banatzeko modu bitxia dirudi lehen begi-kolpean, badakit. Esku artean duzun berripaperak berak salatu ohi dituen hiru bidegabekeria funtsezkoak detektatzeko bitarteko ezin hobea da, ordea: sexismoa (askok emakumeen bizkar laga ohi dute oraindik bainugelaren kondena) agerian uzten du, klasismoarentzat (ordaintzerik duenak menpeko bat kontratatu ohi du komuneko kaka harraskatzeko) ez da ezkutalekurik geratzen, eta xenofobia (etxera datorren ekuadortarrari huskeria ordaintzea faborea dela barneratuta dute hainbatek) ere antzeman dezake. Bururatu zaidana abusuen aurkako fisfis ezin efikazagoa da, gizalegearen Cillit Bang-a: hiru txerrikeria motarentzat produktu bakarra erabili ahal izatea ez da aurrerapen makala.
Ez dut konfiantza askorik behar norbaiti komunaren galdera zapla botatzeko. Aurpegiera xelebrearekin hartu ohi da nire zalantza normalean, baina erantzunen lagin zabala pilatu dut dagoeneko. Sarri aztoratu naiz. Zuzentasunaren erreferentetzat nituen batzuek (herriko saltsa guztietan dauden horietakoak, ekintzaile feministaren bat ere bai) garbitzailea dutela aitortu didate, esaterako. Bada itxaropenik, alabaina: kontsultatu ditudan egunkari honetako bi kazetariek —gizonezkoak biak— bainugela bakarrik ez, etxeko ezkaratza ere errepasatu ohi dute.
Zakarregi ere ez nizuke aurpegiratu nahi, baina jakin dezazun. Zure komun zuloa desinfektatzeaz beste norbait arduratzen bada, printzipio aproposak ote dituzun hausnartu beharko zenuke. Ez da antzeko zerbait hemen idatziko dudan lehenbiziko aldia: garbiketak, definizioz, norberak edo auzolanean egitekoak dira, beste edozerk zapalkuntza motaren bat dakar berekin. Eta arren, mantendu duintasun apur bat, ez atera denbora faltaren aitzakia. Desenkusa patetikoena da horixe, eta beti (salbuespenik gabe, demontre!) faltsua.
Ezkerreko erretratuko memeloari ere ez zaio belauniko azulejuak igurztearen tankera handirik sumatzen, onar dezadan, baina bi asteroko txandarekin zintzoki konplitu ohi dut. Azkenekoz ispilu bat apurtu nuen deskuiduz, hori bai, eta makulu tranposo samarrarekin aritzen naiz: bikotekidearen garbiketen perfekzio erabatekoa dela eta, nire zikloa iritsitakoan zer txukundu handirik ez da geratzen. Bere parera iristea da bizitzan geratzen zaidan egitekorik garrantzitsuena, hirurogei urtez eskuekin arroza nola mordoxkatu ikasi ondoren akatsik gabeko sushia prestatzera ailegatu den sukaldari japoniarraren gisara. Tokatzen zaizunean komuna distiratsu uztea da maite zaitut esateko modurik autentikoena.
Leave a Reply