Danel Agirre
Urteak John Travoltak bezala hasi behar genituzke. Instagramera aurten igotako lehenbiziko postean, gaztetatik burusoila dela iragarri zuen aktore txit irregularrak, inork galdetu gabe (susmatu, guztiok susmatu izan dugu noizbait). Haize ufada batek ileordea erauztearen hamarkadetako ikara uxatu, kaskoan falta zaiona konpentsatzeko bizarrari hazten laga —horratx truko klasikoa— eta bozkariotan bizi da orain. Tamainako liberazioarekin, ez da harritzekoa.
Eguberrietarako Travolta depurazio metodoak badu mamirik. Betetzeko inongo asmorik ez dugun promesekin denbora galdu, bisita eta benetako arretarik gabe segituko duten lagunei protokolozko mezuak bidali edota azken hamabi hilabeteetako abesti eta erretratuen zerrenda ezin txatxuagoak osatu baino, ezkutuko lotsaizunen motxila deskargatu ahal genuke egunotan. Sasoiko giroa dela eta, harrera gupidatsua eduki behar lukete aitorpenek. Aspalditik arrastaka daramadan eta konkortuta naukan harri-koskorretako bat hementxe botata lagako dut nik, zama oso astunekoa: ikastolan gure bullyinga jasan zuen klasekidearen oroitzapenak etengabe torturatzen nau oraindik.
Haurrak ginen, baina ez ziren umekeriak, guztiok genekien zertan ari ginen. Kalbario fisikoa eta psikologikoa ezarri genion, haurtzaindegitik pubertarora arte, egun bakarrean piper egin gabe. Gu geu ez aspertzeko, berritzaileak izaten ikasi genuen: umiliazioren bat errutina bilakatu zen bakoitzean, beti lortu genuen are ankerragoa zen atentaturen bat asmatzea. Mezu oso gardena irentsarazi genion: pertsona ezdeusa zen, egin zezakeen ezerk ez zuen bere patua aldatu ahal, etxetik kanpo inork estimutan izan zezan ez zuen sekula lortuko. Irakasleak ezinbesteko konplizetzat genituen. Haien gizalegerik eza gogoratze hutsak ere auzolotsa eragiten dit, borreroetako batek halakorik salatzea atrebentzia ia onartezina izan arren.
Tropelean burutu abusuek ahuldade bat dute, hamarkada osoa iraun dutenean behintzat. Aldiro iritsi ohi da abagune hori, zeinetan erasoaren erdian biktimarekin bakarka geratzen zaren, eta interpelazio zuzenean erruki eske begiratzen dizun, ihes egiteko paradarik gabe. Mende laurdena igarota ere, oso fresko ditut une kritiko haiek. Iratzarri, armak errenditu, eta anonimatura erretiratzeko parada perfektua ziren, eta bat bera ere ez nuen baliatu nahi izan. Nigana zuzenduriko SOS haiek funtzionatuko ez ziotela jabetutakoan ipintzen zidan etsipen keinua ez dut sekula ahaztuko.
Konplexuz jositako tipo miserablea naiz. Pentsa: hotzagatik artilezko txapela janzten dudan bakoitzean, ile-sorta batzuk uzten ditut kanpoaldean nahita, kopeta ikusita burusoila ez naizela argi gera dadin. Damurik ere ez dut falta. Zutabe honetan laga berri dudana guztiz exorzizatzerik ez dut lortuko: testu hau bidaltze hutsarekin arindu galanta hartu bai, baina Travoltak Instagrameko posta argitaratu zuenekoaren pareko gozaturik ere ez dut izango. Ez dut merezi. Ileordea erabiltzearen aldean, kontrizio gehixeago eskatzen duen bekatua da eskolako jazarpen kriminala. Eta alzheimerrak baino ez dizkit ezabatuko bakarrik geratzen ginenean botatzen zizkidan begirada dohakabe haiek.
Leave a Reply