Miren Garate
Hurrengo lau urteetarako panorama politikoa zehaztu zuten maiatzaren 26an egindako udal eta foru hauteskundeek. EAJk berretsi egin zuen Gipuzkoan zuen nagusitasuna. 130.589 boto lortu zituen: botoen %35,6, eta hogei eserleku. Haren hautagai Markel Olano aukeratu zuten Gipuzkoako ahaldun nagusi; herritarrek “politika egiteko modu bat” saritu zutela esan zuen emaitzen berri izan bezain pronto.
Bigarren indarrari, EH Bilduri, ia 15.000 boto atera zizkion EAJk. Portzentajeetan lau puntu egin zuten gora jeltzaleek 2015eko datuekin alderatuta, eta, horrenbestez, bi batzarkide gehiago lortu zituzten. Donostiako alkate izandako Juan Karlos Izagirre aukeratu zuen EH Bilduk foru hauteskundeetarako zerrendaburu, eta alderdiak gora egin zuen botoetan; hain zuzen, aurrekoan baino 12.000 boto gehiago eskuratu zituen. Alabaina, igoera hori ez zen aski izan batzarkide bat gehiago lortzeko, eta hamazazpi aulkirekin segituko du hurrengo hauteskundeak egin bitartean. PSE-EEren hautagaia Denis Itxaso zen, eta alderdiak eutsi egin zien bederatzi ordezkariei. Elkarrekin Podemosek, berriz, bi aulki galdu zituen, eta lau ditu gaur egun. PPk, azkenik, ordezkari bat zuen, eta eutsi egin zion.
Emaitza horien ostean, eta aurreko agintaldian egin zuten moduan, gobernu koalizioa osatzea adostu zuten jeltzaleek eta sozialistek. Hala, gehiengo osoa dute lurraldean. Ondorengo zazpi sailak kudeatzen ditu EAJk: Ahaldun Nagusiaren Saila; Ekonomia Sustapena, Turismoa eta Landa Ingurunea; Gobernantza; Proiektu Estrategikoak; Ogasuna eta Finantzak; Bide Azpiegiturak; eta Gizarte Politikak. PSE-EEk, berriz, beste hiru: Ingurumena eta Obra Hidraulikoak; Mugikortasuna eta Lurralde Antolamendua; eta Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirola.
Donostiako Udalean, bestetik, EAJk berriro irabazi zituen bozak, eta bigarren agintaldia osatuko du Eneko Goiak alkate karguan. Aurrekoan baino zinegotzi bat gehiago lortu zuen alderdi horrek, eta guztira hamar ditu orain. Bigarren tokirako lehian, EH Bilduk aurrea hartu zion PSE-EEri. 1991tik izandako emaitzarik okerrenak eskuratu zituzten sozialistek, eta, edukitako boto galera medio, zazpi hautetsitik bostera jaitsi ziren. Duela lau urteko boto kopurura ez zen iritsi EH Bildu ere —ehun boto gutxiago—, baina aurrez zituen sei zinegotziei eutsi zien. PPk mila boto gehiago lortu zituen, eta laugarren indarra izan zen, hautetsi kopuru berarekin; alegia, hirurekin. Elkarrekin Podemos bosgarrena izan zen, eta hautetsi bat lortu zuen.
EAJk eta PSE-EEk, akordioa
EAJren eta PSE-EEren arteko akordioa ez zen mugatu diputaziora. Donostiako Udalean ere koalizioan aritzea adostu zuten. Era berean, “gehiengo egonkorretan sostengatutako gobernuak” osatzeko akordioa ere egin zuten; alegia, erabaki zuten bietako bat lehen indarra izan zen herrietan babes gutxien jaso zuen alderdiak handiena babestea, baiezko botoaren edo abstentzioaren bidez. 2015eko hauteskundeen ostean ere antzeko akordio bat erdietsi zuten, eta hitzarmen hark emaitza “oso onak” ekarri zituela adierazi zuten bi alderdietako ordezkariek.
Hasieran ez zuten argitu zer gertatuko zen boto gehien zuen alderdia beste bat izan baina EAJ-PSE baturak gehiengo absolutua izan zezakeen udaletan. Hori zen, besteak beste, Andoain, Lezo eta Pasaiaren kasua, hiru herri horietan EH Bilduk irabazi baitzituen hauteskundeak. Azkenean, elkar babestea erabaki zuten bi alderdiek, eta Maider Lainez PSE-EEren hautagaiak hartu zuen alkatetza Andoainen, Jesus Maria Martiarena EAJkoak Lezon, eta Izaskun Gomez PSE-EEren hautagaiak Pasaian. Ondorio gehiago ere izan zituen akordio horrek. Esate baterako, EAJk erabaki zuen Xabier Iridoik ez aurkeztea hautagaitzarik Irungo alkatetzarako, eta Jose Antonio Santanok (PSE-EE) alkatetzan jarrai zezan ahalbidetzea.
Andoainen, Lezon eta Pasaian ez ezik, Gipuzkoako beste 46 udaletan ere gehien bozkatutako zerrenda izan zen EH Bildu; besteak beste, Errenterian, Hernanin, Azpeitian, Bergaran, Zumaian eta Ordizian. Hamabost herritan irabazi zuen EAJk; esate baterako, Hondarribian, Zarautzen, Beasainen, Azkoitian, Elgoibarren, Arrasaten eta Tolosan. Azken bi herri horietan lehia oso estua izan zen EAJ eta EH Bilduren artean. PSE-EE, berriz, sei herritan izan zen nagusi: Irunen, Eibarren, Zumarragan, Lasarte-Orian, Berrobin eta Larraulen. Azken bi herri horietan PSE-EEk soilik aurkeztu zuen hautagaitza. Hamazazpi herritan, azkenik, herri plataformek irabazi zituzten hauteskundeak. Herri txikietan dute indarra horiek.
Europako hauteskundeekin batera egin ziren udal eta foru hauteskundeak, eta partaidetzari mesede egin zion horrek, aurreko hauteskundeetan baino jende gehiago joan baitzen botoa ematera. Hain zuzen, %33,3ko abstentzioa izan zen, orain lau urte baino ia bi puntu gutxiagokoa. Botoa eman zuten horietatik guztietatik, 3.217k bozkatu zuten zuri, eta 3.109k, berriz, boto baliogabea eman zuten.
Izan zen udal hauteskundeak beste egun batean egin zituen herri bat ere: Leintz-Gatzaga. Maiatzean ez zen aurkeztu zerrendarik herrian, eta, ondorioz, azarora arte atzeratu behar izan zituzten bozak. Bigarren aukera horretan lortu zuten hautagaien zerrenda osatzea.
Udal eta Foru hauteskundeak ez ziren izan 2019an Gipuzkoan egindako hauteskunde bakarrak. Apirilean, Espainiako Gorteetarako hauteskundeak izan ziren, eta, alderdien arteko adostasun falta medio, errepikatu egin behar izan zituzten joan den azaroan. 2020an, Eusko Legebiltzarrerakoak izango dira.
Leave a Reply