Miren Garate
Luzaroan gogoan geratzen den egun horietako bat izan zen maiatzaren 11, Realaren emakumezkoen taldeak Espainiako Kopa irabazi zuen eguna. Pronostiko guztietan faborito zen Atletico Madril, baina 2-1 irabazi zuten donostiarrek, eta historiako lehen titulua lortu zuten. Granadan jokatu zuten partida, baina etxean bezala sentitu ziren jokalariak, estadioa txuri-urdin bihurtu baitzuten zaleek. Sekulako poza eragin zuen garaipenak, eta, egunean bertan ez ezik, hurrengo egun eta asteetan ere ospakizun ekitaldi ugari izan zen. Lorpen horren aitortza gisa, 2020ko Urrezko Danborra ere jasoko dute. Alabaina, sari partekatua izango da, futbolekoak ez ezik, Realaren emakumezkoen hockey taldeak ere jasoko baitu garaikurra. Nabarmentzeko modukoa izan zen 2018-2019 sasoia harentzat ere. Izan ere, duela bi sasoi liga irabazi eta gero, Txapeldunen Ligan parte hartzea lortu zuen, eta apirilean Lauko Finala jokatu zuen. Finalean 7-0 galdu zuen, Amsterdamen kontra. Urrezko Danborra jasotzeaz gain, Aste Nagusian ere bi talde horietako jokalariak izan ziren kanoikadako gonbidatuak.
Arraunean, berriz, Orio izan da protagonista nagusia. Emakumeen taldeak lehen aldiz irabazi zituen bai liga eta bai Kontxa, udan Lekeitiokoa izan ezik gainerako bandera guztiak irabazita. Gizonezkoen taldeak ere lehen aldiz irabazi zuen Eusko Label liga. Sasoia erabat biribiltzeko, Kontxako arantza gelditu zitzaion sartuta, lehia estu baten ostean bigarren geratu baitzen. Bigarren urtez jarraian, Hondarribiarentzat izan zen urteko bandera nagusia.
Bidasoa eskualdean, berriz, eskubaloia ere poz ugari ari da ematen. 23 urteren buruan, Bidasoa Txapeldunen Ligarako sailkatu zen berriz ere, eta, orduko hartan ez bezala, dotore dabil oraingoan. Final-zortzirenetarako sailkatzeko atariko kanporaketa jokatuko du Txapeldunen Ligako multzoen fasea gaindituta; Wisla Plock Poloniako taldearen kontra ariko da. Otsaileko azken bi asteburuetan jokatuko dituzte joan-etorrikoak: lehena, Plocken, otsailaren 22an (15:00), eta bigarrena, Irunen, otsailaren 29an (16:00).
Asobal koparako sailkatzea eta finalera iristea ere lortu zuen taldeak, finalerdietan, luzapenean, Recoletas Valladolidi 30-33 irabazita. Aurreko astean jokatu zuten finala, Bartzelona indartsuaren aurka. Hasi eta bukatu, gehiago izan ziren kataluniarrak, eta aise lortu zuten garaipena: 30-22.
Aitzitik, Super Amara Bera Berak berriro ere ez zuen hutsik egin, eta beste behin ere irabazi egin zuen bere txapelketa kutuna: Espainiako Kopa. Apirilaren amaieran, aise gailendu zitzaion finalean Aula Valladolidi: 17-30. Zortzigarren finala zuen segidan, eta garaipen erosoa lortu zuen. Imanol Alvarezen jokalariek partida bikaina jokatu zuten. Valladolid, berriz, nahi eta ezin aritu zen, donostiarren joko emaria geratu ezinik.
Hori bai, EHF kopan nahi baino ibilbide motzagoa egin zuen Super Amara Bera Berak. Bigarren kanporaketan, bost golen aldeaz galdu zuen Corona Brasoven aurka (35-30). Etxean kanporaketa iraultzea beste aukerarik ez zuen aurrera egiteko. Eta kale egin zuen asmo horretan. Irabazi, irabazi egin zuen itzuliko partida, baina gol batengatik bakarrik (33-32).
Uda ostean, erabat eraberrituta ekin zion denboraldi berriari. Guztira zazpi jokalari fitxatu zituen, beste ia hainbeste jokalarik taldea utzi zutelako. Abuztuaren 31n eduki zuen sasoiko lehen titulua lortzeko aukera, baina huts egin zuen, 32-31 galdu baitzuen Ro’Casaren aurka Espainiako Superkopako finala. Luzapenean desorekatu zen lehia, eta donostiarrek egindako ahaleginak ez zuen saririk izan. Aho zapore gaziarekin ekin zion, beraz, sasoiari.
Izagirreren lorpen handiena
Taldekako kiroletan ez ezik, bakarkako kiroletan ere garaipen esanguratsuak lortu dituzte Gipuzkoako kirolariek. Ion Izagirre txirrindulariak, kasurako, bere ibilbideko lorpenik handiena erdietsi zuen: Euskal Herriko Itzulia. Azken etapa bikain bati esker lortu zuen podiumeko koska nagusira igotzea. Iban Mayo 2003an nagusitu zenetik, euskal txirrindularirik irabazi gabe zegoen Euskal Herriko Itzulia. Orain arte zortzi euskal herritarrek lortu dute itzulia irabaztea. Markel Irizarrek, berriz, hamasei urteko ibilbidearen ondoren, erretiroa hartu zuen abuztuan, Donostiako Klasikoan. Agur gozoa izan zela adierazi zuen, berak erabaki zuelako noiz eta nola utzi profesional izateari.
Pilotan, berriz, urte ederra izan da Iker Irribarriarentzat. Buruz buruko txapela irabazi zuen ekainean; 22-20 menderatu zuen Mikel Urrutikoetxea. Aurretik, Binakako Txapelketa ere jokatu zuten, apirilean, eta hura irabazteko faboritoa ere bazen, baina txapeldunorde izan zen azkenean. Jose Javier Zabaleta izan zuen bikote Irribarriak, eta Danel Elezkano zaratamoarraren eta Beñat Rezusta bergararraren aurka jokatu zuten finala; 22-19 galdu zuten. Lau eta erdikoa izaten da pilotako beste txapelketa nagusia, eta han ere gipuzkoar bat izan zen finalean: Jokin Altuna. Galdu egin zuen, ordea, Joseba Ezkurdia arbizuarraren aurka, 22-16.
Leave a Reply