Leire Narbaiza
Spain is back, Spain is here to stay” (Espainia itzuli egin da, Espainiak iraun egingo du) bota zuen Arancha Gonzalez Laya Espainiako atzerri ministro berriak kargua hartu zuenean (ez kargu hartu, ezta kargutu ere), Madrilen. Munduak ondo uler ziezaion, ingelesez, inperioaren hizkuntzan, nazioartea berari begira balego bezala. Ez nekien, ordea, Espainia inora joanda zegoenik. Nora, baina? Martera? Ilargira? Hori ez zait argi geratu. Bigarren zatiari, berriz, esanahi bi hartzen dizkiot. Bata: Espainiak, ilargitik etorri ondoren, Lurra planetan segituko duela. Eta bigarrena: Espainia bat, eta ez 51 (euskaraz ez du errimarik, pena). Hau da, ez dela disolbatuko. Hartu nahi duzuena, edo biak, edo beste aukeraren bat. Horrelako ekitaldi domestikoan, non estatu barruko begi eta belarriak adi egongo diren, esaldia ingelesez botatzea kosmopaletismoaren erakusgarri hutsa da, ez da hala? Koplexuen adibidea.
Ministro berria euskalduna da, gipuzkoarra. Eta gure lurralde honetan badakigu zer den ingelesa erabiltzea zernahitarako. Historia jori eta oparoa dugu horretan, ekitaldi, jai eta tokiak hizkuntza anglosaxoian bataiatzen.
Agian askok nahiago zukeen euskaraz egin balu. Bestela nola azaldu Gonzalez tolosarra dela jakiteak orokorrean sortu duen poz txikia? Ideologikoki beste ezpal batekoa izan arren, harrotasun punttu bat eragin du, itxura baten. Tolosakoa eta euskal hiztuna, to eta no! Chauvinismo moduko bat dela begitantzen zait, “zein onak garen!” onartzea legez. Euskalduna (edo euskal herritarra) izateak alegratzen gaitu, gutako edozeini egindako errekonozimendu txikiena denoi egindakoa balitz moduan. Hain sentitzen gara umezurtz! Izan ere, jaramon egin diezagutela behar dugu, euskaldunok ume abandonatuak bezalakoak gara-eta. Beti afektu bila, leku desegokietan bada ere. Badakizue, euskaldunon konplexu txatxu horiek, nahi bai, baina kendu ezinean gabiltzanak.
Antzeko zerbait gertatu da Berri Txarrak taldeko Gorka Urbizuri Televisión Española-ko La 2 katean egindako elkarrizketan, Un país para escucharlo saioan. Galdetu zioten ea euskaraz kantatzeak ateak itxi ala zabaldu zizkion. Galdera tipiko-topiko espainiarra —zein aspergarriak diren, benetan. Egunen baten salakota (esploratzaileen kapela) jantzita etorriko dira elkarrizketak egitera gure arteko aborigen bati! Ufa! Kapar halakoak!—. Urbizuk ederto erantzun zuen, eta sare sozialak pozarren, esandakoa txalotzen. Bai, denok alaitasunez jardun genuen. Baina larregi, beharbada. Bizkarreko bat behar dugu, adierazteko balio dugula, bagarela nor. Gure konplexu txatxuak, atzera ere.
Txakur abandonatu eta makilakadaka heziak txakurtegian adoptatzen direnean, jabe berriaren kariño bila ibiltzen dira. Euskaldunok ere ez ote garen horrelakoak susmatzen hasita nago. Maitasun apur bat, hain gaitza da… Egia esan, penatxoa ere ematen dugu, eta ez dakit kontziente garen gure egoera tamalgarri honetaz.
Sufritu dugu historikoki, badakit. Eta sufritzen jarraitzen dugu. Baina ez ote da ordua ahaldundu eta afektu eta maitasunak gure artean topatzeko? Arrotzengan bila ez ibiltzeko? Kanpoko inoren berme, arrimu eta itzalik behar ez izateko? Aska dezagun geure burua morrontza emozional honetatik, eta eman diezaiogun euskal maitasun pixka bat elkarri.
Leave a Reply