Aizpea Amas
Duela bospasei urte hasi zen dena, bideo batekin. Lagunen arteko zerbait izan zen, baina arrakasta itzela lortu zuen sare sozialetan eta Youtuben. Dancing in the Basque Country da bideo hori. Euskal Herriko hainbat txokotan dantzan agertzen ziren hainbat lagun. Orain, horren atzean egon zen lagun talde berberak beste proiektu bat jarri du martxan: Gipuzkoaround. Hori ere bideo bat izango da.
“Horrekin lotuta, beste zerbait egiteko gogoa geneukan, antzeko izpiritua izan dezakeena, baina desberdina”, azaldu du Iñaki Goikoetxea proiektuaren arduradunetako batek. Oraingo honetan, ordea, eremua ez da Euskal Herria izango, Gipuzkoa baizik. Hala, Gipuzkoako 88 herrietan bizpahiru segundotako korte bat grabatuko dute, eta guztiak lauzpabost minutuko bideo batean bildu. “Bideo horrek aukera emango du Gipuzkoako herri guztiak ezagutzera emateko. Gipuzkoarrak garenok ezagutzen ditugu Zarautz, Azpeitia… baina Tolosaldean eta Goierrin, batez ere, beste herri pila bat jende askok ez daki non dauden ere”.
Proiektu hori Donostia 2016 egitasmoaren barruan dago, eta diru laguntzak jaso ditu, Energia Olatuak programaren barruan. Hala, Gipuzkoaround gauzatzeko, 2.016 euroko diru laguntza bat jaso dute. Donostia 2016ren izpirituari jarraituta, kulturaren balioak herri guztietara eramatea izango da bideo horren helburuetako bat. Bestea, berriz, “gipuzkoarrok eta Gipuzkoatik kanpo bizi direnek ikustea hemen 88 herri daudela eta bakoitzak baduela toki edo txoko bereziren bat”. Herri horiek guztiak ezagutaraztearekin batera, gonbidapena egin nahi diote jendeari herri horiek bisitatzera animatzeko.
Behin ideia osatu dutela, hori gauzatzeko lanean hasi dira. “Orain, bilaketa egiten ari gara herri bakoitzean zein ezaugarri berezi topatzen dugun: zein txoko, zein monumentu, zein pertsonaia, zein leku esanguratsu…”.
Horretarako, herri bakoitzeko herritarren laguntza beharko dutela adierazi du proiektuko kideak. Sare sozialen bidez, webgunearen bidez edo mezu elektroniko bidez egin ahal izango da, eta udaletxe bakoitzera eskutitz bana ere bidaliko dute. Horiek, ordea, oraindik ez daude martxan; horretan dihardute, hain zuzen. Izan ere, proiektua ez da izango bideo bat bakarrik.
Proiektuaren atzean lau irundar daude: Goikoetxea bera, Maria Rubio, Iker Zaballa eta Javier Iribarren. Goikoetxea kokalekuak bilatzen ari da, eta itzulpenak nahiz testuak prestatuko ditu. Rubio webgunearen arduraduna izango da, Zabala bideo eta grabaketaren arduraduna eta Iribarren arduradun teknikoa.
Bideoa baino gehiago
Udaberrirako espero dute webgunea martxan izatea, eta ekainera bitarte egin diete gonbita herritarrei euren proposamenak egiteko. “Guk zerrenda bat egingo dugu jendeak proposatzen dizkigun tokiekin. Jadanik hasi gara herri batzuetara joaten, eta herri bakoitzean zein txokotan graba dezakegun pentsatzen”.
Grabaketa uztailaren 25 inguruan egitea espero dute, eta dena lauzpabost egunetan egingo dute jarraian. Goikoetxearen arabera, jendeak ikusi ahal izango du momentu bakoitzean non grabatzen ari diren. “Korrikaren antzera” egingo dutela azaldu du. Egutegi eta ordutegi bat finkatuko dituzte, eta, gero, webgunearen bitartez, momentu bakoitzean jendeak jakin ahal izango du non grabatzen ari diren, nahi izanez gero, hara bildu ahal izateko. Bideo guztia, abuztuaren bukaera edo iraila hasierarako bukatuta edukitzea nahiko lukete. “Gero, proiektua webgunean geratuko da, norbaitek etorkizunean informazioren bat beharko balu erabili ahal izateko”.
Ibilbidea Donostian hasi eta Donostian bukatuko da. Goikoetxeak esan duenez, ibilbide logikoena egiten saiatuko dira, grabaketa errazago izateko. Lehenengo egunean, Donostiatik Tolosara joango dira, Irundik pasatuta. Bigarren egunean, Tolosaldea eta Goierrin grabatuko dute. Hirugarrenean, Zumarragatik Arrasatera joango dira, eta laugarrenean, Arrasatetik buelta Donostiara. Lau egun horiek bost bihur daitezke.
Bideoan eragileek ere parte hartzea nahi dute sortzaileek: “Monumentuak ateratzearekin batera, polita da tokiko jendea ere agertzea”. Dancing in the Basque Country-n bezala, horiek dantzan jarriko dituzte, baina herri batetik bestera, planoz plano loturak bilatuz, bideoari jarraitutasun bat emateko.
Musika ere elementu garrantzitsua izango da ikus-entzunezkoan, baina oraindik hori lotzen ari dira. Goikoetxeak aurreratu duenez, abesti bat sortzea nahiko zaila izango da. “Ziurrenik izango da zerbait instrumentala, euskal nortasuna adierazten duena —trikitia, txalaparta…—, baina oraindik ari gara pentsatzen zein izan daitekeen aukera onena. Ondo erabaki behar dugu, gero grabaketak baldintzatuko duelako”.
Leave a Reply