“Lasterketa polit bat egiteko aukera dudala iritsi nahi dut Riora”

“Lasterketa polit bat egiteko aukera dudala iritsi nahi dut Riora”

Aitziber Arzallus

Duela hamalau urte lehen munduko txapelketan lehiatu zenetik, kiroletik eta kirolerako bizi da Ainhoa Murua triatleta (Zarautz, 1978). Iaz izandako lesio baten zama gainetik kentzeko ahaleginetan, buru-belarri entrenatzen ari da. Abuztuan izango diren Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoak ditu helburu. Zarautzen banatu berri diren 2015eko kirolari onenen sarietan, aipamen berezia jaso du.

 

Dagoeneko lortu duzu Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoetara joateko aukera?

Ez, oraindik ez. Gure ziklo olinpikoa aspaldi hasi zen, 2014ko maiatzean, eta aurtengo maiatzean bukatuko da. Denbora asko daramagu lehiatzen, baina oraindik ez da segurua joango naizenik. Aurtengo denboraldia aurki hasiko dugu, martxoaren 3an eta 4an daukat lehenengo lasterketa Abu Dhabin, eta ordutik maiatzera bitarte buru-belarri ariko naiz.

Oraintxe bertan nola zaude kokatuta sailkapen orokorrean?

Munduko sailkapen bat egoten da, bai, baina gero herrialde bakoitzak leku batzuk izaten ditu, eta herrialde bakoitzeko hautatzaileek ere izaten dute zeresana nor joango den eta nor ez erabakitzerakoan. Nik oraintxe bertan badaukat lekua, baina horrek ez du ezer esan nahi, oraindik gal bainezake. Geratzen zaizkidan karrerak egin eta gero ikusiko dugu. Beraz, datozen aste eta hilabeteak oso garrantzitsuak izango dira.

Zeure burua Jokoetan ikusten duzu edo zailtasunak izango dituzula uste duzu?

Bai, noski, zailtasunak izango ditut! Orain sailkatuen artean nago, baina badaukat sailkapen horretatik ateratzea ere. Azkenaldian arazoak izan ditut lesioak direla eta. Iaz, nahiko ondo nengoenean, lesio garrantzitsu bat izan nuen, eta ezin izan nuen denboraldia bukatu. Ondorioz, sailkapenean atzeraka joan nintzen. Orain nahikoa ondo sentitzen naiz, baina lehiatzen hastean ikusi beharko dugu nola nagoen.

Zein proba jokatu beharko dituzu Jokoetan sartzeko?

Oraindik ez dakit ziur, emaitzen arabera erabakiko dugulako estrategia. Martxoaren 3an eta 4an hasiko naiz Abu Dhabin; handik zuzenean Australiara joango naiz; gero, Zeelanda Berrira; eta handik bueltan berriro Australiara. Lau lasterketa horiek ziur egingo ditut. Horietan behar adina puntu lortuko ez banitu eta beharrezkoa dela ikusiko bagenu, Txinara joateko aukera izango nuke, eta baita Hegoafrikara ere. Horiek guztiak egin eta gero oraindik sailkatuta ez banengo, maiatzean izango nuke azken aukera: Japoniako Yokohama hirian jokatuko den karrera batean. Hura izango da azkena.

Ezagutzen dituzu datozen asteetan egingo dituzun lasterketak? Zer moduzkoak dira?

Bai, ezagutzen ditut: serie mundialeko probak dira, dena eman beharrekoak. Adibidez: Abu Dhabin iaz lehiatu nintzen, eta bero egingo du; eta Australiako ibilbidea ere ezagutzen dut, han ere ibilitakoa naizelako. Baina, azkenean, gehien axolako duena kirolari bakoitzaren maila izango da, denok helburu berarekin goazelako eta dena eman beharko dugulako.

Zenbat kilometrotako karrerak dira zuenak?

Distantzia olinpikokoak dira: 1,5 kilometro igerian, 40 bizikletan eta 10 korrika. Denborak zirkuituaren arabera izaten dira, baina ordubete eta 50 minutu eta bi ordu artean ibiltzen gara.

Nola ikusten duzu zeure burua?

Nahiko lesio gogorra gainditu berri dut, eta oraintxe ari naiz indartzen, pixkanaka-pixkanaka. Baina nire esku dagoen guztia egingo dut, asko entrenatzen ari bainaiz.

Zer lesio izan duzu?

Faszitis bat hanka azpian. Horregatik, denbora asko egon naiz korrika egin gabe. Hasieran oso lasai hasi behar izan nuen, eta pixkanaka ari naiz indartzen, baina oraindik falta zait erritmoa hartzea. Hala ere, gero eta hobeto ari naiz.

Orain Almerian (Espainia) ari zara entrenatzen, Kanaria uharteetan ere ibili zara… gelditu gabe zabiltza. Baina, nolakoa da zure egun bat?

Egunaren arabera, baina normalean 08:00etarako izaten naiz igerilekuan; gero, gosaldu egiten dut, eta jarraian, bizikletan ibiltzera joaten naiz. Bazkalostean, berriz, aurrena korrika egiten dut, eta gero, gimnasioan saioa. Horren ostean, afaldu eta ohera. Normalena da egunero hiru saioak egitea eta gimnasio pixka bat. Kirola, elikadura eta deskantsua dena ondo kontrolatuta. Eta hori astean zazpi egunetan.

Nola mugitzen zara: ekipoan, entrenatzailearekin…?

Adibidez, Almerian mutil-lagunarekin nago, hura ere triatloietan ibiltzen baita. Hemen Madrilgo talde handi batekin batera egon gara, baina orain gehienak joan egin dira eta sei-zazpi bat gelditu gara. Gehienetan gremioko jendez inguratuta ibiltzen naiz.

Joan den udan Rio de Janeiron izan zinen lehiatzen, Olinpiar Jokoetako lasterketak izango duen ibilbide berean. Zer moduz ibili zinen eta zer iruditu zitzaizun ibilbidea?

Hain justu, hura izan zen erabat hautsi nintzen lasterketa. Minez joan nintzen hara, eta erabat herren bukatu nuen. Beraz, lasterketa ez zen ona izan, baina balio izan zigun ibilbidea ikusteko, eta, egia esateko, gogorra iruditu zitzaigun: bizikletan, ibilbide teknikoa, eta korrikan, jaitsiera azkarra. Bizikletak asko baldintzatuko duen lasterketa izango da.

Zer helbururekin joango zara Rio de Janeirora?

Beti bezala, ahalik eta lasterketa onena egitera joango naiz, dena ematera. Oraindik denboraldia ez da hasi, eta ikusi egin beharko da nola nabilen, baina gustatuko litzaidake behintzat neure burua ikustea lasterketa polit bat egiteko aukera dudala.

Zure laugarren Olinpiar Jokoak izango dira. Hori ezin dezakete kirolari askok esan…

Denak hori esaten ari zaizkit, baina egia esan, nik neuk ez dut horretan asko pentsatzen. Egia da atzera begiratuta Atenasko lehenengo joko haietatik urte asko pasatu direla, eta Olinpiar Joko bakar batzuetara joatea zaila bada, hiru edo lautara joatea lorpen bat dela. Baina, azkenean, gurean ez dago beste sekreturik: lana, lana eta lana, bai fisikoa eta bai psikologikoa, buruak gorputzari eutsi behar diolako, ez delako erraza horrenbeste urtetan horrenbeste entrenatzea. Ziurrenik, hemendik urte batzuetara atzera begiratu, eta konturatuko naiz urteotan egin dudanaren balioaz, baina orain egunerokoan daukat burua.

Aurten 38 urte beteko dituzu. Elitean noiz arte jarraitzeko asmoa daukazu?

Orain, oraingoari begira nago, baina badakit bizimodu hau bukatzen ari zaidala. Ziklo olinpikoa geroz eta lehenago hasten da, eta hasierako karreretatik maila oso handia izaten da. Horrek eskatzen du hilabete askotan fisikoki sasoi ezin hobean egotea, eta gero eta gehiago kostatzen zait. Beraz, litekeena da Riokoak izatea nire azken jokoak, baina hori bukatutakoan ikusiko dut.

Leave a Reply

Your email address will not be published.