Harreratik harago

Harreratik harago

Eider Goenaga

Kalera irtengo den eguna du amets presoak; herrira itzuliko den eguna, erbestean denak. Kartzela eta erbestea atzean utzi eta etxera itzultzea, ordea, ez da bide laua. Egunerokoak dira oztopoak eta bizimodu berrira egokitzeko zailtasunak. Egokitzapen horretan laguntzea du xede Harrera elkarteak. Lehen egunetan preso eta iheslari ohiari egiten zaion harreratik haratago doa elkartearen lana; eta lehen hilabete edo urteetan kaleko bizimodura egokitzeko laguntza eta babesa eskaintzen die preso eta iheslari ohiei: laguntza juridiko administratiboa, osasun arlokoa, ekonomikoa, lana bilatzeko laguntza…

Hainbat preso ohiren ekimenez sortu zen Harrera 2012an; Jon Ugarte (Zestoa, 1958) preso ohi eta elkarteko koordinatzaileak azaldu duenez, “preso eta iheslariekin beti egin den harrera lan hori egituratze aldera”. Eta laguntza jaso duten dozenaka presoetako bi Maitane Sagastume (Donostia, 1969) eta Sergio Garcia Razkin (Donostia, 1971) dira. Ezinbesteko jo dute biek Harrerak eskainitako laguntza. Batera agertu dira Hitza-rekin eginiko hitzordura. Sagastumek bi urte daramatza kalean, eta 22 egin zituen preso; Garcia Razkin iazko abuztuan atera zen, 24 urteko espetxealdiaren ondoren; Ugarte 2003an atera zen espetxetik, 16 urte bete ondoren. Egoera ezberdinak bizi izan dituzte hirurek, baina ados daude gauza batean: presoa “galduta” ateratzen da espetxetik, eta gauza askotarako behar du laguntza.

Lehen asteetan presoa “laino batean bezala” bizi dela dio Ugartek: “Jende asko inguruan, denak hark nahi duenari begira… Denborarekin, jendea ohitzen da hura kalean ikustera, eta bere bizimodura itzultzen da. Eta zu igo zaituzte goraino, eta goitik beherako horretan, hankak lurrean jartzeko prozesuan, gehiengo batek lortzen du, baina batzuk arazoak dituzte”. Egokitzeko zailtasunak dituzten horiei begira eratu zuten Harrera, batik bat; baina laguntza espetxetik zein erbestetik itzultzen den orori eskaintzen diote. “Gure baliabideek ahalbidetzen duten neurrian, ez baikara iristen denei laguntza ematera”.

Irteera

Urte askoko zigorraren ostean irtendako presoaren sentipenak azaltzen ahalegindu dira Sagastume eta Garcia Razkin. Haien arabera, eguneroko bizitzako gauza txikienetan ere galduta aurkitzen da preso ohia. “Ez dakizu kalean ibiltzen, ez dakizu moldatzen. Behin, gurasoenean nintzela, zaborra botatzera jaitsi nintzen. Edukiontziaren aurrean jarri, eta bat-batean ohartu nintzen ez nekiela irekitzen. Emakume bat pedalari sakatzen ikusi arte, hantxe egon nintzen, edukiontziari begira”, azaldu du Sagastumek.

Aldaketa handiena, hala ere, giza harremanetan antzematen dela aipatu dute bi preso ohiek. “Lehengoan kide batek galdetu zidan, ‘whatsapp bat bidaltzen dizutenean, berehala erantzun behar da? Bestela, gaizki hartuko du?’. Harremanak aldatu dira, eta konbentzionalismoak zein diren ez dakizu. Galduta zabiltza”.

Harremanak eraiki egin behar direla ere nabarmendu dute; bai senideekin, bai lagunekin… Ez baita gauza bera hilean behin edo bitan ordubetez ikustea, edo eguneroko harremanari eustea. “Espetxetik atera nintzenean, ni nengoen galduta, baina ama ere bai, ama ere galduta zegoen”, dio Garcia Razkinek. Sagastumek izeba izaten ikasi behar izan duela dio, baina ilobek ere ikasi behar izan dutela. “Hasieran galdetzen zuten, ‘Nola deituko diogu? Izeba? Maitane? Haiek txoko bat egin behar izan didate euren bizitzetan. Eta esan behar da, gainera, presoak ez garela eramateko pertsona errazenak, motxila oso pisutsua daramagula bizkarrean”.

Sagastumeren arabera, gainerakoek hogei urte baino gehiagoan eraiki duten bizimodua “kolpe batean” eraiki beharrean aurkitzen da preso ohia. “Eta hori, ez dut esango txarra denik, baina bai da zaila eta gogorra”.

Harrerak bide hori leundu nahi die preso eta iheslari ohiei, eta haiekiko lehen harremana nahiko azkar egiten dutela azaldu du Ugartek. “Presoa irten eta berehala, gehienez 15 egunera, paperak egiteko epeak baitaude, Harrerako norbait harremanetan jartzen da preso ohiarekin”. Garcia Razkinek ondo gogoan du Harrerakoak joan zitzaizkion eguna. “Ni gehien hunkitu ninduena izan zen erabat galduta ateratzea, eta handik hiru egunera Harrerakoak etorri eta galdetzea, ‘ea, zer behar duzu?'”. Hortzetako arazoekin atera zen Garcia Razkin kartzelatik. “Eta esan zidaten, ‘lana izango da, baina goazen, guk lagunduko dizugu’. Hori oso handia da, sentitzea baduzula babes bat, edozein gauzatarako. Eta nik esan behar dut orain arte beti aurkitu didatela konponbidea”.

Ugartek azaldu du osasun publikora bideratzen dituztela han artatzen dituzten arazoak; baina, osagarri moduan, Harrerak psikologo, odontologo eta oftalmologo taldeak ditu. “Kartzelan hortzen zaintza beldurtzekoa da; ni zortzi hagin gutxiagorekin atera nintzen. Betaurrekoekin ere izaten da lana, askok espetxealdi osoan ez baitute azterketarik egin. Psikologoen arloan, badaude batzuk lehendik identifikatutako gaitzak dituztenak; baina, irteerak ere sortzen du antsietatea, depresioa, norberak amestutakoa betetzen ez delako frustrazioa…”.

Laguntza juridiko-administratiboari dagokionean, preso ohia paperik gabe dagoela eta bide hori oso konplexua dela nabarmendu dute hirurek. “Zerotik ez, zero azpitik hasten zara: NANa atera behar da, osasun txartela, trafikora joan, Lanbiden izena eman, laguntzak badagozkizu haiek eskatu…, eta horietako bakoitzean paper mordoa eskatzen dizute. Hilabeteak behar izan nituen nik”, oroitu du Sagastumek. Ugartek dioenez, gauza horietarako “saretxoak” dituzte antolatuta herrietan. “Eta saretxoetako jendea, preso ohiak izan edo ez, jakitun da preso edo iheslari ohi batek zein behar dituen, eta laguntzeko prest dago: kotxea hartu eta Donostiara eraman, medikutara lagundu… edo arazoak gugana bideratzeko”.

Lana, eskaera nagusia

Halere, autonomia ekonomikoa eta, ondorioz, lana topatzea da preso ohiaren kezka nagusia. Kartzelatik irten eta lehen pausoak gurasoen edo hurbileko senideren baten etxean egiten dituzte gehienek. “Baina, berehala sentitzen duzu autonomia beharra. Niretzat sekulako aurrerapausoa izan zen independizatzea”, dio Sagastumek. Garcia Razkinek ere amarenera jo zuen irtetean, lagun batekin bizitzen jarri aurretik.

Baina, pauso hori emateko, dirua behar da. Lehen, kartzelan sei hilabete egiten zituenak, eskubidea zuen 18 hilabetez 426 euroko laguntza jasotzeko. “Bizitzeko ez da asko, baina menpekotasun eta autonomia ezaren sentimendua puskatzeko balio zuen, behintzat”, azaldu du Ugartek: “Kontua da, Parot doktrinarekin irten zirenean, mendeku gisa, Espainiako Estatuak baldintza batzuk jarri zituela, eta orain ez da dirurik jasotzen”.

Sagastume izan zen laguntza jaso zuen azken presoetako bat; Garcia Razkin, aldiz, oraindik espetxean zen laguntza kendu zutenean. “Irteteko zorian zaudenean, ez diozu garrantzirik ematen, ‘tira, berdin du, kalean baldin bazaude, hori huskeria bat da’. Baina ez da huskeria. Egokitzea zaila bada, baliabide ekonomiko minimorik gabe, askoz gehiago. Eta baliabide ekonomiko horiek Harrerak ematen dizkigu gutako askori”. Harrerak ia 200.000 euro bideratzen ditu urtean horretarako.

Baina, preso eta iheslari ohiaren helburu nagusia, dudarik gabe, lana topatzea dela nabarmendu du Ugartek. “Gehiengo baten eskaera eta kezka izaten da. Lanak autonomo egiten zaitu, eguna egituratzen dizu, besteen berdina zarela sentiarazten…. Eta orain dela 10-12 urte, ez zen arazotzat jotzen kaleratu bat irten eta lan munduan txertatzea. Baina une honetan bai, arazo handia da. Batetik krisiagatik eta, bestetik, ateratzen direnetako asko zaharrak direlako”. Ugartek dio askok 25-30 urte egin dituztela kartzelan, 50 urtetik gora dituztela eta inoiz ez dutela lanik egin.

Sagastumek, esaterako, bi karrera egin zituen kartzelan. “Joaten zara lan bila, begiratzen dute curriculum akademikoa eta, hara, ze ondo. Baina gero galdera dator, ‘eskarmenturik baduzu?’. Hortxe amaitzen da. Ez duzu. Eta lana beste bati ematen diote”.

Hori dela eta, Ugartek deialdia egin nahi izan die Euskal Herriko enpresari handi zein txikiei, lan eskaintza bat baldin badute, eta preso edo iheslari ohiei aukera bat eman nahi badiete, Harrerarekin harremanetan jartzeko. “Egia da preso askok beste bide batetik lortzen dutela lana, familiak eta lagunek ere asko laguntzen dutela, baina gu beti gaude beharrean. Lau urteotan 60 preso eta iheslari ohiri aurkitu diegu lana, baina beti behar dugu gehiago”.

Laguntza eskatzearekin batera, jasotako laguntza eskertu nahi izan du Ugartek. Bai lan eskaintzak egin dituztenena eta baita Harrerako bazkide egin direnena ere. “Jende zoragarria da, eta pertsona zoragarri horiei esker egiten dugu guk lan hau. Badakit, ordea, pertsona zoragarri gehiago ere badagoela gure herri honetan, eta horiei egiten diet deia”.

Ideiak argi dituzte Ugartek, Sagastumek eta Garcia Razkinek. “Askok uste dute presoen kapitulua bukatzen dela presoa kalera irteten denean, baina hori ez da horrela, kateak jarraitzen du, eta kate horretan jende gehiago behar dugu laguntzeko”, azaldu du Ugartek. Harrerako kideen nahia epe motzean ahalik eta lan gehiena izatea dela ere nabarmendu du elkarteko koordinatzaileak, “horrek esan nahiko baitu presoak irteten ari direla, iheslariak etxera itzultzen ari direla; eta horretan denon laguntza izango da beharrezkoa”. Hala ere, Harreraren bokazioa “desagertzea” dela dio, elkarte bezala haren beharrik gehiago ez dagoela esan nahiko duelako horrek, alegia “preso eta iheslariak etxean direla”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.