Harreraren laguntza motak

Harrera elkarteak mota askotako laguntza eskaintzen die preso eta iheslari ohiei.

Laguntza motak:
Juridiko-administratiboa.
Lehenengo tramiteak egiteko aholkularitza eta laguntza: NAN berritzeko, gida baimena lortzeko, osasun txartela egiteko, erroldatzeko, dagozkien diru-laguntzak lortzeko…

Osasungintza. Mediku asistentzia kartzelan edo erbestean oso eskasa da, eta askok osasun arazoak dituzte. Harrerak psikologo, oftalmologo eta haginlari taldeak ditu, osasun publikoaren osagarri gisa.

Laguntza ekonomikoa. Preso eta errefuxiatu ohiek ez dute ondarerik izaten. Gainera, Espainiako Estatuak ukatu egiten die euskal presoei kartzelatik irtetean dagokien diru-laguntza, eta horrek egoera larriagotu du. Harrerak diruz laguntzen die lehendabiziko hilabeteetan.

Lana. Harreraren helburu bat da preso eta iheslari ohiei lana aurkitzen laguntzea; lau urtetan 60 lagunei lortu die lan kontratua.

Diru iturria:
Bazkideak. Harrerak hilean bost euroko kuota bat ordaintzen duten bazkideei esker lortzen du bere lana gauzatzea. 2.700 bazkide ditu. Bazkide egin nahi duenak harreraelkartea. wordpress.com webgunean du aukera.

Aurrekontua. 426.230 eurokoa da. Horietatik ia 200.000 euro preso eta iheslari ohiak diruz laguntzeko erabiltzen dituzte; ia 45.000 euro osasungintza alorrera joaten dira; eta 180.000 euro, bestelako gastu arrunt eta laguntzetara. Adibidez, preso ohi batek lan munduan hasteko dirua behar badu —bigarren eskuko furgoneta bat erosteko, pabilioia alokatzeko…—, Harrerak dirua aurreratzen dio, eta preso ohiak konpromisoa hartzen du ahal duenean itzultzeko.